Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak herritarren eskura jarri du COVID-19aren sintomak norberak ebaluatzeko aplikazioa
2020ko apirilaren 8a
Nafarroako Gobernuak herritarren eskura jarri du COVID-19aren sintomak norberak ebaluatzeko aplikazioa
Nafarroako Gobernuak, hainbat enpresaren laguntza teknikoarekin, aplikazio mugikorra garatu du herritarrei COVID-19aren infekzioren autoebaluaketa egiten laguntzeko, gaixotasunaren sintomak identifikatuta.
Era berean, tresnak informazioa eskaintzen du COVID-19aren aurkako prebentzio-neurriez, baita nork bere burua zaintzeko gomendioak ere, haurrentzat zein helduentzat. Edoskitzeaz aholkuak ematen ditu, eta etxean bakarturik egonez gero hartu beharreko neurriak azaltzen ditu. Aplikazioaren beste xedeetako bat da pandemiak Nafarroan duen bilakabideari buruzko informazio ofiziala zabaltzea, une oro eguneratutakoa.
Halaber, aplikazioaren bitartez, COVID-19az kutsatuta egon daitezkeela susmatzen duten herritarrek bertze arreta-zerbitzu batzuetara eginiko eskarien kopurua gutxitzea da asmoa. Lehen Mailako Arreta zentroak, Osasun Kontseiluaren zenbakia eta larrialdietako zerbitzua dira horietako batzuk. Aplikazioak nork bere buruari test bat egiteko aukera eskaintzen du; horren emaitzak adierazten badu litekeena dela erabiltzaileak COVID-19 infekzioa izatea, pertsona horri aukera ematen dio dagokion osasun-zentroko profesionalen deia jasotzeko biharamunean, haiek egin dezaten azterketa oso bat.
Era berean, telefono bidez eginiko lehenbiziko kontsulta horren ondoren, KoronaTest Nafarroa hurrengo egunetan gaixoari segimendua egiteko lanabesa da, erabiltzaileari bere sintomen bilakabideaz galdetzen dioten abisu-sistema baten bitartez. Gaixoak bidalitako datuak Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbidearen sistemetara gehitzen dira; horri esker, KoronaTest Nafarroa aitzindaria da gaur egun Estatuan dauden mota horretako aplikazioen artean, barne-operabilitateari dagokionez.
Ordenagailuaren, telefono adimentsuaren edo tabletaren bitartez sar daiteke KoronaTest Nafarroan, helbide honetatik edo banaketa digitaleko plataforma nagusietan eskuragarri dagoen app-a gailu mugikorrean deskargatuz. Aplikazioa gaztelaniaz edo euskaraz deskarga daiteke.
Aplikazioa nola erabili
KoronaTest Nafarroan sartu ondoren telefono mugikor baten zenbaki balioduna adierazi beharra dago; zenbaki horretara kode bat iritsiko da, erabiltzaileak sartu egin beharko duena lanabesaren gainerako funtzioetara heltzeko. Jarraian NAN zenbakia emanez identifikatu eta adina eta sexua adierazi beharra dago, eta horren ondoren lau galdera erraz dituen test bat egin daiteke. Erabiltzaileari galdetuko zaio 37 º-tik gorako gorputz-tenperatura ote duen, eztul sikua duen edo arnasa hartzea kostatzen zaion, eta sintoma horiek, baten bat izatekotan, bat-batean hasi ote zaizkion.
Testaren arabera posible balitz koronabirus-infekzio bat izatea, aplikazioak aukera emanen dio erabiltzaileari, pertsonalki bere burua identifikatu eta gaur egun duen helbidea adierazi ondoren, osasun-zentroko profesionalek hots egin diezaioten. Emaitzak ez badu balizko infekzio batekin bat egiten, aplikazioak gomendioak ematen ditu erosketak segurtasunez egiteko, edo maskarak erabili behar dituzten herritarrek modu egokian egin ditzaten.
.