Descárgate la app
NILSAk txikientzako eta nagusientzako hezkuntza-programa birtual bat abiarazi du, uraren kontzientziazio-neurriekin eta erabilera onarekin
2020ko apirilaren 6a
NILSAk txikientzako eta nagusientzako hezkuntza-programa birtual bat abiarazi du, uraren kontzientziazio-neurriekin eta erabilera onarekin
NILSA enpresa publikoak, hondakin-uren arazketan diharduenak eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuari atxikiak, publiko ororentzat zuzenduta dauden online jarduerak programatuko ditu bere webguneko atal honen bidez.
Hezkuntza-programan jarduera presentzialak egiteari martxoaren 13an utzi zitzaionetik, COVID-19 pandemia dela-eta, NILSAK erabaki du ingurumen aldetik kontzientziatzeko eta uraren erabilera egokiak bultzatzeko neurriak eskaintzen jarraitzea Internet bidez.
Astelehen honetatik aurrera (apirilak 6), web gunean jardueren katalogo bat jasotzen da. Hasiera batean gazteleraz badago ere, euskarazko bertsioa apirilaren 13ko astean izango da.
Web gunean, hezkuntza-arloko bederatzi atal daude eta eskuak garbitzeari buruzko joko digital bat, azken hori familiako txikienei bideratuta eta 'Candy Crush' bideojoko ezagunaren antzeko dinamikarekin. Bederatzi atalei dagokienean, gaiak ondorengoak dira: zientziako aplikazioak hedatzeko atala (Murgildu zaitez herritarren zientzian); ibaiko ekosistemetako izaki bizidunei buruzko fitxak hedatzeko eta bilduma egiteko atala (Ezagutu ibaiko fauna eta flora); uraren ziklo osoarekin loturiko albiste berdeen bilduma (Albiste deigarriak); hezkuntza-programan era presentzialean landu ohi diren gaien inguruko asteroko bideo laburrak (Etxetik); aurkezpenak, jolasak eta lanerako materialak, tailerretan eta jardueretan erabiltzen direnak (Jolastuko gara?); txikienentzako eta helduenentzako eskulanen proposamena (Eskulanak); etxean ura modu arduratsuan erabiltzeko bildumagarri bat (Ura zaintzeko tailerra); egungo konfinamendu-egoeran, familiari astero ingurumen-arloko praktika egoki bat gainditzeko erronka botatzen dion jolasa (Asteko erronka); eta sukaldeko errezeta osasungarrien fitxak, ur birtualaren kontzeptua kontuan hartzen dutenak (Aztarna hidriko baxuko errezetak).
Atalak tarteka berritzen joango dira, atal ezberdinetako edukia freskatze aldera. Era berean, erabiltzaileek jarduerak kontsultatzean zalantzaren bat badute, monitoreei galderak edo iradokizunak egin dakizkieke web atal berrian jarritako posta elektronikoaren eta telefonoen bitartez.
Lan honekin, NILSAren asmoa da hezkuntza-programarekin jarraitzea eta, era berean, ohiko gaien espektroa zabaltzea gai berriekin; hala nola, sukaldaritzako errezetak, etxean ikasten entretenitzeko eskulanak edo familiari zuzendutako asteroko erronka. Izpiritu didaktikoa alderdi ludikoagoarekin konbinatzearen helburua da, baita ere, herritarrentzat konfinamendua eramangarriagoa izatea, eta, ikasteaz gain, jolastea eta batez ere txikiei eta helduei jarduera tradizionalen ordezko jarduerak eskaintzea.
Parte-hartzearen errekorra
Enpresa publikoaren hezkuntza-programak 20 urte bete ditu 1999an abian jarri zenetik, eta pixkanaka hazten joan da herritarrei, tamainari, jarduerei eta hizkuntzei dagokienean. NILSAren kanpaina dibulgatzaile eta pedagogikoa iazko abenduan ezagutzera eman zuten Klimaren Gailurrean –COP25 bezala ere ezagutzen dena–, Madrilen, eta bertan ia 200 herrialde bildu ziren. Sozietate publikoa parte hartzera gonbidatua izan zen, berotze globalaren eta planetaren suntsipenaren aurka herritarrak kontzientziatzeko kasu arrakastatsua bezala, ura bezalako errekurtso hain urri eta ezinbestekoaren erabilera iraunkorretan fokalizatuta.
Hezkuntza-programa era guztietako publikoarentzat izateaz gain, doakoa da; hots, NILSAk uraren ordainagiriaren bitartez kudeatzen duen saneamendu-kanonarekin finantzatzen da. Hiru hizkuntzatan dago (gaztelera, euskara eta ingelesa), eta azken urteetan parte-hartzearen errekorrak hautsi ditu segidan; izan ere, iaz 9.155 pertsonak hartu zuten parte, 2018ko edizioko 7.177 erabiltzailerekin alderatuta, %27,5 gehiago. Azken bosturtekoan zehar, NILSAk iraupena luzatu du –ikasturtekoa izatetik etengabea izatera pasa zen, jarduerak urteko hamabi hilabetetan eskainita–; helburu publikoa ere bai –eskaintza hirugarren adinekoen zentroetako egoiliarrentzat; entzuteko, ikusteko, mugitzeko edo ezagutzeko desgaitasun motaren bat duten pertsonentzat; eta irakasle-taldeentzat,…–; eta, azkenik, jarduera-kopurua, baita ere.
2020ko apirilean programa digital oso bat ateratzea beste urrats bat da. Koronabirusaren krisiak ezarritako gorabeheren salbuespena dela eta azkarrago atera bada ere, teknologia berrietarako behin betiko jauzia bezala finkatu da, estrategikoki jada aurreikusita zegoena, ingurumen-arloko hezkuntza eta kontzientziazioa ahalik eta pertsona-kopuru handienarengana iristeko, ahal diren bide guztiak erabilita.