Descárgate la app
Más de 130 alojamientos de Navarra dan servicio a personas transportistas y trabajadoras de los sectores esenciales
2020ko apirilaren 3a
Nafarroako 130 ostatuk baino gehiagok funtsezko sektoreetako garraiolariei eta langileei zerbitzua ematen diete
Nafarroako 130 establezimenduk baino gehiagok eskaintzen dute ostatua, bai eta jatetxe- eta garbiketa-zerbitzua ere, garraiolarientzat eta COVID-19ko osasun-krisian ezarritako funtsezko zerbitzuetan lan egiten dutenentzat.
Nafarroako Gobernuko Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Zuzendaritza Nagusiak ezagutzera eman du boluntarioki beren zerbitzua eskaini duten turismo-establezimenduen zerrenda. Zerbitzu horri esker, bermatu egiten da funtsezko zerbitzuetan dihardutenen mugikortasuna, baita larrialdi batengatik behar dutenen pertsonena ere.
Ehundik gora ostatu horietatik gehienak Pamplona / Iruñako Eskualdean daude. Hogei inguru Nafarroako Erriberako herrietan daude (Tutera, Arguedas, Castejón, Buñuel, Villafranca, Milagro, Martzilla, Faltzes eta Lerin); eta gainerakoak, Altsasu / Alsasuan, Irunberrin, Eultzen, Larragan, Muruzabalen, Olite / Erriberrin eta Puente la Reina / Garesen. Zerrenda aldiro eguneratzen da, eta Nafarroako Gobernuaren turismoari buruzko webgune profesionalean kontsultatu ahal izanen da.
Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren martxoaren 19ko Agindua, hotelak publikoarentzat zabaltzea debekatzen zuena, indarrean jartzeaz geroztik osatuz joan da sare hori. Egun batzuk geroago, martxoaren 23an, funtsezkotzat jotzen diren ostatuen zerrenda egin zuen Garraio Ministerioak. Nafarroaren kasuan beren burua horretarako eskainia zuten 9 establezimendu ziren, Burlata, Noain, Iruñea (bi), Buñuel, Castejón, Martzilla, Villafranca eta Larragakoak. Ondoren, zerrendan dauden gainerako osatuek ere jakinarazi dute prest daudela zerbitzu hori emateko. Bi multzoen arteko aldea da lehenbizikoan daudenek jatetxea ere eskaintzen dutela, eta beharra eta konpromisoa dutela zabalik egoteko, eta bigarrenekoan, berriz, gehienek ostatua baizik ez dute ematen, eta aukera dutela, hala erabakiz gero, jarduera eteteko.
Ostatu erabilgarrien zerrendan sartu nahi duten establezimenduek turismo.comercio.covid19@navarra.es helbide elektronikoaren bitartez egin dezakete, beren datuak eta ostatuarenak adierazirik.
Zerbitzuak eta bezeroak
Esan bezala, ostatu horiek itxita daude jendearentzat oro har, baina ostatua eta garbitzeko tokia eskain diezazkiekete –eta dagokionean, jatetxea- zeregin jakinak dituzten langileei: zenbait mantenu-lan, elikagaien edo osasun-produktuen hornikuntza, energi eta ur-hornikuntza, segurtasuna eta larrialdiak, osasungintzako langileak, salgaien edo bidaiarien garraioa, telekomunikazio-sareetan konponketak egiten dituztenak, eta ezinbestekotzat jotzen diren bertze sektore batzuetako profesionalak.
Halaber, justifikatutako arrazoiengatik mugitzen diren pertsonak har ditzakete, esaterako hinakoe zaintzaileei: adinekoak, adingabeak, mendekotasuna edota ezgaitasuna dutenak, bereziki zaurgarriak direnak edo osasun-arreta behar dutenak, bertzeak bertze. Ezinbesteko arrazoiren batengatik edo premia larri batengatik une jakin batean ostatua behar dutenak ere har ditzakete.
Ostatu horiek jatetxe-zerbitzua eskaini ahal izanen dute, baita zerbitzua era egokian emateko beharrezkoa den bertze edozein ere, horretarako gaitasunik baldin badute, baina beren bezeroei besterik ez. Hala ere, instalazioetara, komunetara eta jatetxera sartzen utzi ahal izanen diete garraiolariei, baita bertan ostaturik hartuta ez dutenei ere.
Edonola, COVID-19a kutsatzea eragozteko Osasun ministerioak emaniko babes-neurriak eta jarraibideak bete beharko dituzte betiere.