Descárgate la app
Landa Garapenak premiazko neurri-sorta bat abiarazi du COVID-19aren krisia dela eta sektoreari laguntzeko
2020ko apirilaren 3a
Landa Garapenak premiazko neurri-sorta bat abiarazi du COVID-19aren krisia dela eta sektoreari laguntzeko
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak neurri-sorta bat abiarazi du laborantzaren eta abeltzaintzaren sektoreari laguntzeko, COVID-19aren krisiaren eragina nabarmen pairatzen ari den honetan.
Nafarroako Nekazaritza Kontseiluko Lantaldeak bideo-konferentziaz eginiko bilera batean landu eta adostu dira neurriak, Itziar Gómez kontseilaria buru zelarik. Nafarroako Gobernuaren aldetik parte hartu dute, halaber, Ignacio Gil Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak; Fernando Santafé Landa Garapenekoak; eta Natalia Bellostas INTIA sozietateko zuzendari kudeatzaileak. Sektoreko antolakundeen izenean UAGNko ordezkariak joan dira, Félix Bariáin eta Iñaki Mendioroz; EHNEko Imanol Ibero eta Felipe Etxetxikia; UCANeko Jose Mari Martínez eta Patxi Vera; eta Cristina Lecumberri, Nekazaritzako Elikagaien Industria Elkartekoa (ALINAR).
Gaurko saioan, talde horretako kideek jasotako proposamenen analisia helarazi zaio Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari, eta koronabirusaren krisiari dagozkion jarduera-ildo nagusiak adostu dira. Horien artean, zehazki, diru-laguntzen espedienteak izapidetzeko baldintzak eta epeak malgutzea; LGP laguntzak berehala ordaintzea; merkatuak erregulatzeko mekanismoak martxan jartzea, biltegiratze pribatua adibidez; ardien sektorerako estatuaren laguntzak, zirkuitu laburreko produktuen online salmenta indartzea eta etxeetan Nafarroako produktuak kontsumi daitezen sustapena egitea. Era berean, lantaldeak sortuko dira mahai gainean jarri diren beste eskari batzuk aztertzeko, Departamentuaren eskumenetatik haratagokoak baitira, eta gai fiskalei, lan-arloko gaiei edo eremu anitzetakoei dagozkie.
Krisia hasi zenetik lantalde espezifiko hau bildu den hirugarren aldia da. Batera aritu dira lanean, egoeraren eta arazo premiazkoenen diagnostikoa egiteko, eta sektorearen eskari nagusiak ere ekarri dira bertara.
Ostalaritzari, jatetxeei eta kafetegiei lotutako merkataritza-zirkuituek (HORECA kanala) kalitatezko eta gertuko produktu freskoen kantitate esanguratsuak eskatu ohi dituzte, eta horiek ixteak oso eragin kaltegarria izan du hainbat ekoizpenentzat, zainzuriena, haragitarako ardiena, txahalkiena, ardoarena edo gaztarena adibidez. Era berean, ekoizle txikienek beren produktuak saltzen dituzten eskola-jantokiak, azokak eta merkatuak itxi izana oso kalte handia egiten ari zaio sektore horri, bai komertzializazio-bideez bai haien produktu freskoez den bezainbatean, bertze eragin batzuen artean.
Likidezia bermatu eta komertzializazioa ziurtatu
Hartutako lehen neurriaz hitz egitean, hau da, hainbat dirulaguntza-motaren hartzaileek egin beharreko izapideak eta bete beharreko epeak malgutzeaz, Departamentuak EBko Komisario Elkargoaren bileraren berri eman dio sektoreari. Bilera horretan “malgutze-neurrien sorta” bat landu da, malgutasun hori ahalbidetuko duten arautegiaren aldaketa guztiak jasoko dituena. Garrantzitsuenetakoak dira NPBren aurretiazko ordainketa egin ahal izatea kontrol-programak bukatu beharrik gabe, sektorez sektoreko ordainketak (PASVE, APICOLA, OPFH) urriaren 15aren ondoren egiten ahal izatea, edo NPB eskatzeko epea ekainaren 15era arte luzatzea.
LGPren ordainketa arintzeari dagokionez, apirilean eta maiatzeko lehen egunetan gainazalarekin lotutako neurri guztiak ordainduko dira (bertoko arrazak, agrosistema mediterraneo jasangarriak, basoilo txikia eta basoilo handia, ingurumen-nekazaritzako patata, ZLN, abeltzaintza jasangarria, laborantza ekologikoa, Alpapa, estepak eta artzaintza), ministerioak ordaintzeko epea urriaren 15era arte luzatuko badu ere. Hala, kalkulatu da sektoreari emanen zaion diru-injekzioa 10,1 milioi €-koa izanen dela gutxi gorabehera; horrek berehalako likidezia ziurtatuko lieke ekoizleei.
Merkatuak erregulatzeko mekanismoez den bezainbatean, Ministerioari eskatu zaio ardi-haragiaren eta gaztaren biltegiratze pribatuko neurriak abiarazteko. Departamentua laguntza-lerro bat lantzen ari da Ardiaren sektoreari zuzenduriko minimi-erregimenaren barnean, hori baita une honetan kaltetuena.
Merkaturatze-zirkuitu laburren arloan, berriz, hainbat jarduketa daude martxan, HORECA kanala eta tokiko merkatuak ixteak eragindako egoera leuntze aldera. Hain zuzen ere, produktu ekologikoen online salmenta indartzen ari da EKOALDE plataformaren eta haren kudeaketa-lanabesen bitartez, eta atal bat sortu da INTIAren webgunean, zirkuitu laburreko salmenta gutxitzeagatik gutxiago saltzen duten ekoizle txikien eta elkarteen webguneak bertan biltzeko. Aipatzeko modukoak dira ere saltoki handiekin izandako harremanak, ekoitzitako produktu fresko horiei beren establezimenduen bitartez aterabidea ematen saiatzeko, batez ere inpaktu handiena jasan duten bertoko produktuei, hala nola ardi-haragia eta zainzuriak.
Etxeetan bertoko produktu freskoak kontsumitzeari bultzada
Era berean, Departamentua sektorea sustatzeko estrategia bat garatzen ari da, zeinaren barnean, barneko zein kanpoko merkatuetako jarduketez gain, komunikazio-kanpaina bat eginen den etxeetan bertoko produktuak jan daitezela sustatzeko eta salmentari bultzada emateko, batez ere sasoiko produktuena eta galkorrena (arkumea, zainzuria, alkatxofa…), eta bide batez balioa aitortzeko nekazari eta abeltzainek gizartea elikagaiz hornitzeko egiten duten lanari, baita haiekin elkartasunez jokatzeko ere.
Estrategian aurreikusita dago, halaber, Reyno Gourmet markaren barnean analisi bat egitea produktu berriak ekartzeko (batez ere freskoak eta aldaera tradizionalak edo autoktonoak), baita markaren kokapenari eta hura garatzeko estrategiei buruzko azterketa bat ere.
Azkenik, koordinazio-mahai bat eratuko da Garapen Ekonomikoko, Eskubide Sozialetako eta Ekonomia eta Ogasuneko Departamentuekin batera, arlo finantzarioko eta fiskaleko, lan-arloko eta nekazaritza- eta banaketa-industriekiko bitartekaritzako gaiak eta neurriak jorratzeko.