Descárgate la app
Gobernuak sarbide librea emanen du AGROAsesor plataforma erabiltzeko laboreen jarraipena ordenagailu bidez egin daitezen
2020ko apirilaren 2a
Gobernuak sarbide librea emanen du AGROAsesor plataforma erabiltzeko laboreen jarraipena ordenagailu bidez egin daitezen
Nafarroako Gobernuak, INTIAren bidez (Nekazaritzako Elikagaien Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutua), aukera emanen du AGROAsesoren sartzeko. Plataforma horren bidez, teknikariek eta nekazariek beren lursailetako laboreen jarraipena egin dezakete sateliteko irudien bidez.
COVID19aren krisiak ekarritako egoera berezi honetan, plataforma hau lanabes garrantzitsua izanen da laboreen segimendua ordenagailuz egin ahal izateko, bertara joateko beharrik gabe.
Sarbide libreaz gozatzeko PyrenEOS erabiltzaile-izena eta demo1 pasahitza sartu beharra dago. Sarbidea errazteko eta plataforman kontsultak egiteko argibideak ematen dituen bideo bat dago youtubeko esteka honetan.
Tresna honek aukera ematen die laborariei beren ustiategietan egindako jarduerei buruzko informazioa kudeatzeko, eta lursail bakoitzean digitalki aplikatzeko. Hori esker, eguneratuta izan daitezke produktu fitosanitarioei eta ongarriei buruzko koadernoak, sigpac esparruen informazio guztia ekartzen baita bertara, kanpaina bakoitzean automatikoki gaurkoturik.
AGROasesor plataforma 2015ean sortu zen, bost autonomia-erkidegotako (Nafarroa, Andaluzia, Katalunia, Euskadi eta Gaztela-Mantxa) hainbat erakunde publikoren lankidetzaren ondorioz. Koordinazioaz INTIA –Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erakunde instrumentala- arduratu zen, laboreen kudeaketan aholkularitza digitaleko sistemak jorratzeko xedea zuen Europako LIFE proiektu baten barnean. Etengabe garatzen ari den lanabesa da, erronka digitalari aurre egiteko aholkularitza-zerbitzuak bultzatu nahi dituena.
Gainera, plataformak aukera ematen die erabiltzaileei lurzoru-mapei edo satelite bidezko irudiei buruz informazio digitala eskuratzeko; informazio hori, gero, beren laboreen segimenduan txerta dezakete. AGROasesoren beste abantaila bat da erabakiak hartzen laguntzeko tresnak eskaintzen dituela, batik bat ureztatzeaz eta ongarritzeaz den bezainbatean. Tresna horiek egunero kalkulatzen dute zenbat elikagai eta ur behar den lursail bakoitzerako.
Nafarroan 150 erabiltzaile inguruk dute AGROasesorerako sarbidea; horiek segurtatuta dute pribatutasuna, erregistratutako laborari bakoitzak bere erabiltzaile-izena eta bere pasahitza baititu.
Gaur egun funtzionalitate gehiago gehitzen ari zaizkio plataformari, beste proiektu batzuei esker: AGROgestor, PyrenEOS eta Nadapta. Horrez gain, asmoa dago haren jarduera-eremua beste lau autonomia-erkidegotara zabaltzeko. Erkidego horiek programa pilotuak garatzen ari dira nekazariekin AGROgestor proiektuaren barnean, INTIAk koordinatuta halaber.
Funtzionaltasunak
Nazio-mailan, AGROasesor da web ingurune arin eta erabilerrazean honako funtzionaltasunak txertatzea lortu duen lehen web aplikazioa: laborantzako lursail bakoitzari buruzko aholkularitza profesionala, erabakiak hartzen laguntzeko tresnei esker; ongarritzea, ureztatzea, gaitzak, aldaerak eta ingurumen-adierazleak; ustiapen-koadernoa eta txostenak; eta ustiategien kudeaketa tekniko-ekonomikoa.
Gainera, honakoak eskaintzen ditu: ezagutza osatzea (lurzoruak, klima, teledetekzioa, etab.); geolokalizazioa eta ustiategien SIG bisorea; lursail bakoitzeko laboreen ziklo fenologikoa modelizatzea; ustiategi osoaren edo lursail bakoitzaren jasangarritasun-adierazleen kalkulua (ur-aztarna, karbono-aztarna); eta satelite bidezko irudiak zein teledetekzioz laboreak analizatzeko tresnak eskura jartzea.