Descárgate la app
Osasun Departamentuak HN Iruña Park hoteleko 160 logela egokituko ditu, astelehenetik aurrera etxe barneko ospitaleratzea agindu zaien gaixoak hartzeko
2020ko martxoaren 28a
Osasun Departamentuak NH Iruña Park hoteleko 160 logela egokituko ditu, astelehenetik aurrera etxe barneko ospitaleratzea agindu zaien gaixoak hartzeko
Osasun Departamentua lanean ari da Iruñeko NH Iruña Park hotelaren hamar solairuetatik zortzi egokitu eta bertan Koronabirusa duten eta etxe barneko ospitaleratzea agindu zaien gaixoak hartzeko. Astelehenetik erabiltzen ahal izanen da baliabide berria, ospitaleratze-mota horretarako 160 toki gehiago eskainiko dituena. Albiste hau euskaratzen ari gara, hurrengo minutuetan izanen duzu osorik euskaraz. Bitartean gaztelaniazko bertsioa kontsulta dezakezu. Goiko nabigazio barra gorrian alda dezakezu hizkuntza.
Nafarroako Osasun Sistema koronabirus-epidemiari aurre egiteko dituen giza baliabideak eta baliabide materialak egokitzen eta berrantolatzen ari da. Testuinguru horretan, Osasun departamentuak osasun-gune bihurtuko du aipatutako hotela; bertan eginen den zaintza ospitale batena bezalakoa izanen da, eta horrela, baliabideak optimizatu eta erietxeetan toki gehiago izatea lortuko da.
Astelehenetik aitzina, ia 20 profesionaleko talde batek artatuko ditu gaixoak, mediku batek, erizain batek eta gaixoari buruzko informazioa jasotzeaz arduratuko den beste osasun-langile batek (eskribaua) osatutako lantaldeetan antolaturik. Lantalde horiek egunero eginen diete bisita hotelean dauden pertsonei. Gainera, gauez mediku batek eta bi erizainek osatutako lantalde bat izanen da, suerta litezkeen egoeretan esku hartzeko.
Gaur egun ospitalean dauden eta tratamendua etxean jaso lezaketen baina behar bezalako bakartzea egiteko etxebizitza egokirik ez duten gaixoei ere zuzenduko zaie baliabidea.
Ildo horretan, Osasun departamentuak eskerrak eman nahi dizkie egunotan hotela helburu horretara egokitzeko lanean aritu diren suhiltzaile boluntarioei.
Osatze funtzional azkarragoa eta infektatzeko arrisku txikiagoa
Gaixoak Etxe barneko Ospitaleratzearen bidez artatzeak ahalbidetu egiten du ospitale batean jasotzen direnen gisako medikuntza- eta erizaintza-zainketak ematea etxean. Gaixoek ospitaleko azpiegituraren beharrik ez baina oraindik zaintza mediku aktiboaren eta sorospen konplexuaren premia dutenean erabiltzen da.
Abantaila ugari du ohiko ospitaleratzearen aldean: gaixotasunaren ondoko aldia inguru ezagun eta ezagunagoan egiten da (norberaren etxean), senideek lagunduta –haiei ere ospitalera joan beharrak eta gaua han emateak dakarten zama kentzen zaie-, erietxeetako infekzioak saihesten dira, gaixoak ez dira hainbeste desorientatzen eta osatze funtzionala azkarragoa da. Horrez gain, ospitaleratzeko modu horrek aukera ematen du osasun-baliabideak hobeki erabiltzeko, eta Lehen Mailako Arretako eta Arreta Espezializatutako profesional-taldeen arteko koordinazioa areagotzen du.
Azken urteotan finkatutako asistentzia-eredua
Etxe barneko ospitaleratzea 2006ko bukaeran jarri zen martxan Tuteran, 2008an Iruñeko Osasun Eremura iritsi zen, eta 2009an Estella-Lizarrara. Ordutik hona hainbat aldiz handitu da zerbitzua.
Azken urteotan ia laukoiztu egin da Nafarroan. 2014an Foru Erkidegoko ospitale publikoetako ospitaleratzeen %2 ziren gisa horretakoak; gaur egun, berriz, %8koa da portzentajea.
2019an, orotara, 4.740 pertsonak baliatu zuten ospitaleratze-eredu hori, erietxean egotearen alternatiba gisa. Egonaldiak 8,4 egunekoak izan ziren batez beste. 4.740 gaixo horietatik, 3.255 Nafarroako Ospitale Guneari zegozkion; 966, Tuterako Reina Sofía Ospitaleari; eta bertze 519ak, Estella-Lizarrako García Orcoyen Ospitaleari.
Arretarako 50 gune gehiago NOGeko Larrialdietan
Osasun Departamentuak, gainera, jakinarazi du Nafarroako Osasun Sistemaren egokitze- eta berrantolatze-prozesu etengabearen testuinguruan, eta Nafarroako Gurutze Gorriarekin lankidetzan, Nafarroako Ospitale Guneko Larrialdietako sotoaren eraikina moldatu duela gaurdanik, Larrialdietara joanen diren gaixo-kopurua handitu daitekeela aurreikusirik. Zehazki, arnasbideetako patologia arinak dituzten gaixoentzako arreta-zirkuitua antolatu da, 50 lagun inguru artatzeko gaitasuna izanen duena.