Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak saria emanen die Covid-19ari aurre egiteko ekintzaileen ekimenei
2020ko martxoaren 28a
Nafarroako Gobernuak saria emanen die COVID-19ari aurre egiteko osasun-arloko ekimen berritzaileei
Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Enpresa eta Berrikuntzako Europar Zentroa (CEIN) sozietate publikoaren bitartez, “COVID-19aren aurkako Berrikuntza eta Ekintzailetza Sariketa”-ren deialdia zabaldu du.
“MEDTECH Navarra” osasun-arloko berrikuntza-programaren barnean sortu da sariketa, Covid-19aren eta haren ondorioen aurkako borrokan konponbideak bilatu nahi dituzten berrikuntza- eta ekintzailetza-ekimenak sustatzeko, ikusarazteko eta saritzeko xedez.
COVID-19aren eta haren ondorioen aurka borrokatzeko balio duen osasun-arloko ekimen berri bat duten banakoek edo taldeek aurkez dezakete hautagaitza sariketarako. Merkatuan gehienez zortzi urte daramaten eta birusari aurre egiteko ildo berriak proposatzen dituzten startup-ek ere parte har dezakete. Pertsona-multzo batek, startup-ek, beste enpresa batzuek edo erakundeek aurkeztutako proiektuei dagokienez, parte-hartzaileen %50ek, gutxienez, pertsona fisikoak edo startup-ak izan behar dute.
Hautagaitza aurkezteko interesa duten pertsonek eta entitateek aukera dute jadanik hala egiteko, http://www.cein.es webgunean dagoen formularioaren bitartez.
Lau sari emanen dira, bakoitza 2.000 eurokoa, proiektua martxan jartzera bideratuko direnak, edo, hasita balego, hura garatzera, Nafarroan betiere.
Hautagaitzak jasotako ordenaren arabera baloratuko dira, oinarrizko irizpide hauei jarraituz: gauzatzeko aukera; eragina; martxan jartzeko behar den denbora; proposatutako produktuaren, zerbitzuaren edota konponbidearen berritasuna; eta talde sustatzailearen inplikazioa.
CEINek ebaluazio hori gainditzen duten produktuak proposatuko dizkie Nafarroako Gobernuko Berrikuntzako eta Osasuneko Zuzendaritza Nagusiei, eta haiek ebatziko dituzte sariak.
Bai balorazioa egiteko, bai saridunen izenen berri emateko, aintzat hartuko da hautagaitzak jaso diren ordena. Hala, sariketan parte hartzeko epea lau sariak eman arte egonen da zabalik. Saridunen izenak CEINen webgunean eta Navarra.es-en argitaratuko dira.
“MEDTECH Navarra” osasun-arloko berrikuntza-programaren barnean sortu da “Covid-19aren aurkako Berrikuntza eta Ekintzailetza Sariketa”. Programaren bosgarren edizioa izanen da aurtengoa, eta osasunaren arloan Foru Erkidegoan sortzen diren potentzial handieneko ekintzailetza-ekimenak aurkitzea, babestea eta saritzea du helburu nagusia.