2020ko martxoaren 25a

Nafarroako Gobernuak ezohiko neurriak onartu ditu ekonomia eta fiskalitatea, etxebizitza, laguntza eta egoitzen arloetan

Enpresa Txiki eta Ertainak (ETE) eta 25.000 langile autonomo izango dira onuradunak, eta alokairuak ordaintzeko laguntzak zein egoitzetan dauden pertsonak babesteko bitartekoak ere aurreikusi dira
El Gobierno de Navarra ha aprobado en su sesión de hoy miércoles un nuevo Decreto-Ley Foral con un paquete de medidas extraordinarias y urgentes para hacer frente a las consecuencias del coronavirus, tanto en el ámbito económico, como en el de la vivienda, así como para la protección de las personas en centros residenciales, entre otras cuestiones. Irudi galeria

 

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran ezohiko eta premiazko neurriak bildu dituen Foru Lege-Dekretua onartu du koronabirusak eragindako kalteei aurre egiteko. Ekonomia, etxebizitza zein egoitzetako egoiliarren babeserako neurriak jaso dira, besteak beste.  

Modu horretan, esate baterako, PFEZen ordainketa zatikatuen epeak eta zenbait autolikidazio eta zerga-zorrak eten edo luzatu dira, eta bereziki 25.000 autonomo eta ete enpresak izango dira onuradunak, Nafarroako ehun ekonomikoaren likidezia errazteko, jarduera ekonomikoa uzten edo gutxitzearen ondorioz; horrela, zerga-betebeharrak betetzea erraztuko da.

Halaber, kontratu publikoak luzatu eta kalte-ordainak aurreikusi dira horiek eteten diren kasuetarako. Etxebizitzari dagokionean, laguntzak aurreikusten dira alokairu publikoa edo pribatua ordaintzeko familia kaltetuentzat, eta babestutako etxebizitzen eta birgaitzearen espedienteen jarraipena bermatuko da.

Arlo sozio-sanitarioan, berriz, egoitza-zentroen antolakuntzan esku hartzeko aukera ezarri da (altak, bajak, leku-aldaketak, e.a.) eta zentro berriak ezartzekoa. Emakumeen aurkako indarkeriaren biktimei dagokienean, egonaldi-muga eten egin da. Azkenik, Nafarroako Hirigintza Plangintzaren Erregistroa indarrean jartzea atzeratu da.

Zerga-arloko neurriak eta kontratazio-neurriak eta diru-laguntza publikoa

Premiazko neurri fiskalei dagokienez, helburua da Nafarroako ehun ekonomikoaren eta bereziki autonomoen eta eteen likidezia erraztea, COVID-19 koronabirusaren osasun-krisiaren ondorioz jarduera utzi edo gutxiagotu beharrean aurkitzeagatik.

Zerga-neurri hauek hartu dira, zerga-betebeharrak betetzea errazteko asmoarekin:

1. Autolikidazioen aurkezpen eta ordainketa epea luzatzea:

BEZaren autolikidazioak eta PFEZen konturako atxikipenak eta Sozietateen gaineko Zerga, 2020ko lehen hiruhilekoak, aurkezteko eta ordaintzeko borondatezko epea ekainaren 1era bitarte luzatuko da (lehen epe hori apirilaren 20ra bitartekoa zen).

Era berean, apirilaren 30era bitarte luzatu da BEZaren autolikidazioak eta konturako atxikipenak (otsailekoak) aurkezteko eta ordaintzeko borondatezko epea (lehen martxoaren 30era bitartekoa zen).

Horrez gain, apirilaren 30era bitarte luzatu da martxoan edo apirilean aurkeztu beharreko informazio-aitorpenak aurkezteko borondatezko epea.

2. Langile autonomoei dagokienez, 2020ko 1. eta 2. hiruhilekoetako PFEZen ordainketa zatikatuak etetea. Neurri horrekin onura 25.000 autonomok izango dute, eta horren inpaktu ekonomikoa 27 milioi euro ingurukoa izan daiteke.

3. Zerga-zorrak ordaintzeko epeak luzatzea edo etetea:

Apirilaren 14a baino lehen amaitu gabeko zerga-zorren ordainketa-epeak apirilaren 30era bitarte luzatuko dira, eta martxoaren 14tik aurrera jakinarazitakoak ekainaren 1era bitarteko epean ordaindu ahal izango dira.

Hilabete bat atzeratu da indarrean diren atzerapen-epemuga bakoitza ordaintzeko epea.

4. Jarduneko zerga-prozedurak izapidetzeko epeak eten dira, martxoaren 14tik apirilaren 30era bitartekoak (alegazioen eta errekurtsoen aurkezpena edo eskaerak artatzea, preskripzio-epeak, e.a.).

5. Langile autonomoen eta enpresa txikien zerga-zorretarako atzerapen berezia onartu da:

Autonomoek eta Eteek eska dezakete (2019an fakturazioa 6 M €-tik beherakoa izan badute) martxoaren 14tik ekainaren 1era bitartean sortutako zerga-zorretarako.

Atzerapena 7 hilabetekoa izango da, interesik gabe, lehen 3 hilabeteko gabeziarekin.

Bestalde, Nafarroako Foru Ogasunak, enpresen eta autonomoen likidezia babesteko helburu berarekin, zerga-itzulketak datozen hilabeteetan egiten jarraitzeko konpromisoa izaten jarraitzen du (batik bat BEZa).

Ildo horretan, jarduera ekonomikoa kaltetua izan ez duten zergadunen elkartasuna eta erantzukizuna eskatzen du Ogasunak, zerga-betebeharrak ohiko epeetan bete ditzaten, Nafarroako Gobernuak COVID-19aren aurka borrokatzen erabiltzeko diru-sarrera publikoak jasotzen jarraitze aldera.

Halaber, arlo ekonomikoan, indarrean diren kontratuak eteteko eta/edo luzatzeko aukera jasotzen da, Alarma Egoerak horiengan eragina baldin badu. Horrela, batetik, erregimen espezifiko bat ezarri da kontratuak indargabetzea saihesteko, eta, bestetik, kontratu publikoen esleipendunek, eteteak eragina jasan badute, kalte-ordaina jaso ahal izateko beharrezko baldintzak ezarri dira.

Ildo berean, Eskubide Sozialetako Departamentuak emandako laguntzak emateko baldintzak aldatu dira, diru-laguntzaren xedeko jarduerak edo zerbitzuak zati batean edo osorik gauzatu edo eman ezin badira.

Alokairurako laguntzen luzapena

Etxebizitza-arloan, foru lege dekretuaren arabera, babestutako etxebizitza eta birgaitzea sustatzeko jarduneko espedienteak izapidetzea errazteko izango dira batez ere neurriak, jarduera hori motore ekonomikoa izateagatik. Halaber, laguntzak aurreikusten dira maizterrentzat, etxebizitza libreak edo babestuak izan, eta errentaren berandutzea eta barkatzea sustatuko dira. Neurri guztiak telematikoki izapidetu ahal izango dira. 

Zehazki, etxebizitza libreari dagokionean, alokairurako EmanZipa laguntza-programak estaldura gehitu die martxoaren 14tik aurrera langabezian geratutako pertsona guztiei, adin-mugarik gabe; DaVid programa, berriz, familia-unitate ahul guztiak hartuko ditu, nahiz eta adin txikikoak haien kargu ez izan edota erroldan inskribatuta gutxienez urtebete ez egon.

Babestutako alokairuan, alokairua ordaintzeko pertsona eta familia errentariek jasotzen dituzten diru-laguntzak automatikoki berrituko dira, zenbatekoa errentaren %75era gehituaz, oro har, hiru hilabeteko denboraldian, neurria beranduago ere luzatu ahal izateko aukera alde batera utzi gabe.

Gainera, laguntzarik jasotzen ez dutenentzat, Nasuvinsak ordainketa luzatzeko aukera eskainiko du, parke propioan nahiz partikularren alokairu-poltsan, apirilaren 1etik aurrera eta larrialdi-egoera luzatzen den bitartean. Era berean, enpresa alokatzaileei proposatzen zaie neurri bera aplikatzea babestutako alokairuko etxebizitza-parke osoan, atzerapenak interesik gabe eman ahal izanaz, partzialak edo osoak, edo baita barkatzeak ere, familia maizterrei dagokien diru-laguntza mantenduta. Luzamendua Nasuvinsaren lokaletan instalatutako eteentzat ere izango da.

Azkenik, eta beste neurri batzuen artean, bizigarritasun-zedulak abenduaren 31ra arte luzatuko dira, mugagabetasun juridikoaren egoera saihesteko, eta are gehiago zabalduko dira indarrean diren epeak, nahiz eta egun etenda egon, obrak amaitze aldera etxebizitzak behin betiko kalifikatzeko espedienteetan.

Hirigintzari dagokionean, urriaren 16ko 253/2019 Foru Dekretua indarrean sartzea atzeratuko da; hots, Nafarroako Plangintza Erregistroa eta Nafarroako Hirigintza eta Lurralde Plangintzako Instrumentuak aurkezteko formatua erregulatzen dituena.

Esku-hartzea egoitzetan eta bestelako zentroetan

Egoitza-zentroetan esku-hartzearen inguruan azken egunetan onartutako foru-aginduak ere aipatzen dira dekretuan. Kasu horretan, Nafarroako Gobernuak, osasun publikoaren gainean justifikatutako arrazoiak medio, zentro pribatuetako edo publikoetako egoiliarren alta, baja, kokapen berria eta leku-aldaketa eman ahal izango ditu beste zentro batzuetan. Halaber, zentro berriak abian jarri ahal izango ditu, lehendik daudenen edukiera edo antolaketa aldatu ahal izatearekin batera.

Dokumentuan, orobat, emakumeenganako indarkeriaren biktimak aipatzen dira. Ildo horretan, pertsona horientzat baliabideetan egoteko muga eteten da, epidemiaren aurrean osasun-neurriak aplikatzeko dagozkien neurriak ezartzeaz gain.