2020ko martxoaren 12a

Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak bere jarduera arruntarekin jarraitzen du

Irekita jarraituko du ohiko orduetan, eta dei egiten zaie odol-emaileei odola ematera dei egiten zaienean edo nahi dutenean, nahiz eta beren zaintza- eta higiene-neurriak zorrotz bete behar dituzten

Nafarroako Odol eta Ehun Bankuak bere ohiko jarduerarekin jarraitzen du, hala dio zuzendariak, José Antonio García Erce doktoreak. Irekita egonen da ohiko ordutegietan, 8:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostegunera eta 14:30era arte ostiraletan, eta ez da mugatuko osasuntsu dagoen odola emateko hautagairik.

“Zehazki, odol-emaileak bete beharreko baldintzak dira sukarrik edota katarro-sintomarik ez izana azken 15 egunetan, Europako komunitatetik kanpoko herrialde batetik ez itzuli izana azken 28 egunetan, ez eta Espainiako arriskuko eskualde batetik ere (une honetan, Madrilgo Komunitatea, Errioxa eta Euskadi) azken 15 egunetan”, azaldu du García Erce doktoreak.

Halaber, baieztatu du “odoletik eta eratorrietatik transmititzen denik uste ez bada ere, odol-osagaiek inaktibazio eta/edo berrogeialdi prozedurak burutu behar dituzte”.

Nafarroako Odol eta Ehun Bankuaren zuzendariak honela azpimarratu du: “orain inoiz baino gehiago beharrezkoa da odol-emaileek normaltasunez joaten jarraitzea odola emateko puntuetara, deitzen diren heinean edo nahi dutenean. Zaintzako eta higieneko ohiko neurriak areagotzea gomendatzen diegu, osasun-agintariek esandako moduan: eskuak garbitzea, eztula egitean estaltzea, erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea, e.a.”.

Gainera, odol-emailearen itxarote-denbora murrizteko eta hautapen-prozesua arintzeko helburuarekin, Iruñean odola eman nahi duten pertsonei 848 422500 telefonora eta Tuteran eman nahi dutenei 948 848750 telefonora deitzea gomendatzen diegu. Haien lankidetza gero eta beharrezkoagoa da San Jose egunaren eta maiatzaren lehenaren bezperetan eta batez ere Aste Santuaren aurretik eta ondoren.

Era berean, odol-emaileari eskatuko zaio odola eman eta ondorengo 14 egunetan arnasa-gaixotasunarekin bateragarriak diren sintomak baditu, dei dezala aipatu telefonoetara. Transmisio komunitarioko eskualdeetatik etorritako odol-emaileen kasuan, infekzioa izateko susmoa ematen duen koadro klinikoa izanez gero, 112ra deitu beharko dute, eta, emaitzen arabera, segimendu epidemiologiko aktiboa egingo zaie.