Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak kontingentzia-plan bat onartu du Foru Administrazioko langileentzat
2020ko martxoaren 12a
Nafarroako Gobernuak kontingentzia-plan bat onartu du Foru Administrazioko langileentzat
Nafarroako Gobernuak Kontingentzia Plan bat onartu du Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen menpeko lantokientzat zein langile publikoentzat , baita Administrazioaren zerbitzura daudenentzat ere.
Plana martxoaren 12ko 47/2020 Foru Aginduan jasotzen da, eta, bertan, ondorengo neurriak agertzen dira, langile guztiek zerbitzuaren premiak betetzeari eta, hala eskatutakoan, zerbitzu publikoak emateari utzi gabe:
- Isolamendu-egoera.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden langileak COVID-19a dela-eta isolamendu-egoeran aurkitzen badira, egoera horretan jarraitzen duten denboraldian zehar ordainsarien ehuneko ehuna jasotzen jarraitzeko beharrezko neurriak hartuko dira.
- Ikastetxeak edo adinekoen zentroak ixtearen gaineko neurriak.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura dauden langileek, haien kargu adin txikikoak edo mendeko adinekoak baldin badituzte eta ikastetxeak edo adinekoentzako zentroak ixtearen ondorioz kaltetuak badira, ondorengo neurriak aplikatuko dira zehaztutako denboraldian zehar:
a) Lanaldiaren malgutasuna Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko Kontseilariak emandako 257/2011 Foru Aginduan eta 197/2019 Foru Aginduan aurreikusitako mugak bete beharrik gabe.
b) Ezinbestekoa denean, langileei beren etxean egoteko baimena emango zaie, nahitaezko eginbehar bezala hartuta.
c) Bi gurasoak edo mendeko adinekoaren arduradunak Nafarroako Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzura lan egiten duten langileak badira, neurri horiek ezingo dituzte hartu aldi berean.
- Herritarrekiko arreta
Herritarrak artatzeko zerbitzuetan, lehentasuna emango zaio telefono bidezko arretari edo arreta telematikori. Arreta presentzialaren kasuan, beharrezkoa izanez gero, zerbitzua ematea bermatzeko ezinbesteko txandak egingo dira. Kasu horretan, Nafarroako Gobernuak herritarrei eskatu nahi die soilik zerbitzu presentzialak erabil ditzatela erabat beharrezkoa denean, izapide gehienak egiteko telefonoz deitu edo telematikoki egin baititzakete.
- Bilerak
Ahal den neurrian, laneko bilerak saihestuko dira, beste herri batera joatea eskatzen dutenak bertan behera geratuko dira, eta bideokonferentzia erabiltzea bultzatuko da.
Ildo horretan, harrera ofizial guztiak atzeratu dira Nafarroako Jauregian, baita taldeen bisitak ere.
- Ikastaroak eta prestakuntza-jarduerak
Ikastaro eta prestakuntza-jarduera presentzialak atzeratuko dira, ezinbestekotzat jotzen direnak izan ezik, eta ahal denean aukera bezala baliabide telematikoak erabiltzea baloratuko da.
- Hautapen-probak
Jarduneko hautapen-proba bakoitza deitzen duen organoak atzeratu egin beharko ditu hautapen-probak behar den denboran, bereziki jendetza masiboa biltzen dutenak, prozesuen jarraitutasuna edonola ere bermatuaz, COVID-19ari eusteko hartutako neurriekin zerikusia dutenak izan ezik.
Neurri horrek ez die eragingo ezinbestekotzat jotzen diren hautapen-prozedurei; esate baterako, TGM Sistema Informatikoen hirugarren probari, larunbat honetan egingo baita NUPen, langile estrategikotzat hartzeagatik. 36 pertsona onartuta daude, eta Kalifikazio Epaimahaiak segurtasuna indartzeko neurriak hartuko ditu.
- Bidaiak
Funtsezko zerbitzuak normal emateko ezinbestekoak ez diren laneko bilera guztiak atzeratzea gomendatzen da.
- Lan-modalitate ez presentzialak.
Behar bezala justifikatutako kasuetan, lan-modalitate ez presentzialak baimenduko dira, Zuzendaritza Nagusiko edo dagokien langileen atxikipeneko eremu organikoko titularraren aurretiko baimena izanda.
Ildo horretan, Gobernuaren Departamentu guztietan estrategikotzat jotzen diren langileak eta bakoitzarentzako bi ordezko identifikatzen ari dira, ahal dela telelana ezartze aldera eta ondoren horrela eskatzen duten gainerako postuetara eramateko.
- Txandak berrantolatzea
Foru Agindu honetan aurreikusitako suposizioen ondorioz txandak berrantolatu behar badira, Departamentu bakoitzak bere antolamendu-eremuan horiek zehaztea proposatuko du.
- Segimendua
Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiak txosten bat egingo du neurri horiek, indarrean diren bitartean, zerbitzuen funtzionamenduan duten eragina aztertzeko.
Gainera, aipatu kontingentzia-planaren barnean, beste neurri batzuk agertzen dira; hala nola, aztarna digitaleko sarrera baliogabetzea sistema hori ezarrita duten eraikinetan, pertsona horiei lanpostutik birtualki fitxatzeko aukera eskainita.
Bestalde, talde estrategiko moduan identifikatu dira foruzaingoa, su-hiltzaileak, osasun-arloko langileak, laguntzaileak, babes zibilekoak eta informatikakoak.
Nafarroa 112 Sos Zerbitzua
Bestalde, 112 zerbitzuari dagokionean, langile gehiago jarri dira, eta datozen egunetan ere gehiago izatea aurreikusten da, sistema uneoro artatu dezaten beharrezko baliabideek, arintasuna eta operatibitatea bermatze aldera. Atzo, zerbitzu horretan 3.115 dei jaso zituzten, otsailaren 24an erregistraturiko 2.109 deiren aurrean (Nafarroan koronabirusaren lehen kasu positiboa detektatutako asteko lehen eguna). Martxoaren 1ean lehen kasu positiboa detektatu zenetik, egunero deiak gehitzen joan dira.
Horren inguruan, herritarrei gogorarazi nahi zaie 112ra deitu behar dela pertsona batek arnas sintomak dituenean eta arriskuko zona batean izan bada edo koronabirusaren infekzioa izan duen pertsonarekin harremanetan egon bada. Aldiz, zalantza medikoak argitzeko, osasun-aholkuko zerbitzuarekin jarri behar da harremanetan 948 290 290 telefonora deituta.