Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak elkartasuna adierazi diete biktimei, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunean
2020ko martxoaren 11a
Nafarroako Gobernuak eta Parlamentuak elkartasuna adierazi diete biktimei, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunean
Nafarroako Lehendakariak, María Chivitek, parte hartu du gaur goizean, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna dela eta, Nafarroako Gobernuak eta Foru Parlamentuak antolaturiko oroitzapen-ekitaldian, Iruñeko Baluarte Plazan.
Lehendakariarekin batera Unai Hualde Nafarroako Parlamentuko lehendakaria; Foru Komunitateko herri autoritateak eta militarrak; Foru Gobernuko kontseilariak eta Parlamentuko hainbat kide ere izan dira ekitaldian, besteak beste. Bertan izan da ere Terrorismoaren Biktimen Elkarteko Nafarroako ordezkaria, Vicente Pigueiras.
Topaketa terrorismoaren biktimen omenezko monumentuaren ondoan egin da, eta minutu bateko isiluneaz hasi da. Horren ondoren, gaur goizeko saioan Nafarroako Gobernuak onartutako Adierazpen Instituzionala irakurri du Chivite Lehendakariak. Jarraian, Parlamentuko lehendakariak euskaraz irakurri du joan den astean erakunde horrek onartutako agiria. Irakurketa amaitu ostean, lore eskaintza egin da monumentuaren aurrean. Une horretan Claudia Osés (biolinjolea) eta Alberto Martín (gitarrajolea) pelikuletan oinarritutako abestiak eskaini dituzte.
Adierazpen Instituzionala
Martxoaren 11 Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna da. Hori dela eta, Nafarroako Gobernuak honako adierazpen instituzional hau egin du:
1. Adieraztea indarkeria terrorista bidegabea eta legez kontrakoa dela, eta ez litzatekeela inoiz gauzatu beharko inolako egoeratan. Beharrezkoa da terroristek jendaurrean onartzea min handia eragin zietela bai beren erasoen biktimei, bai gizarte osoari.
2. ETAren eta 11Mren terrorismoaren eta beste ekintza terrorista batzuen biktimei laguntza eta elkartasuna adierazten eta horiek sustatzen jarraitzea, eta biktimen ordezkari diren elkarteekin lan egitea aintzatespen publikoa, erreparazioa, egia eta justizia eskuratzeko duten eskubideak aldarrikatzeko eta halakorik berriz ez gertatzeko bermeak ezartzeko.
3. Terrorismoaren biktimen eta horien senideen duintasuna eta memoria urratzen dituen edozein ekintza errefusatzea.
4. Terrorismoaren biktimen testigantzak, bizipenak eta gogoetak dokumentatzea indarkeria, isiltasuna eta, batzuetan, gizartearen zati handi baten itsumendua sufritu dituzten pertsonak ezagutzeko, horiengana hurbiltzeko eta enpatia adierazteko.
5. Hezkuntza arloetan bakearen eta bizikidetzaren balioak indartzea, indarkeriari legitimitatea kentzea, giza eskubideen errespetua sustatzea, eta Nafarroako gizarteak memoria partekatua eta iraganaren kontakizun egiaztatua eraikitzen parte har dezala bideratzea.
Biktimengatik kontzertua
Gainera, Bakea, Elkarbizitza eta Giza Eskubideen zuzendaritza orokorrak kontzertu bat antolatu du igande honetarako, martxoak 15, terrorismoaren biktima guztien izenean; kontzertua Baluarten izanen da 19:00etan. Sarrera doakoa da eta gonbidapenak lehiatilan eskuratu daitezke. Bertan In Tempore Abesbatzak, Kim André Arnes egile norbegiarraren Tuvayhun “Beatitudes for a wounded world” pieza eskainiko du.