2020ko martxoaren 5a

SustaiNAVility proiektuaren bitartez 13,5 milioi euro bideratu dira energia-eraginkortasuna eta energia berriztagarrietara

Ayerdi kontseilariak energia-eraginkortasunaren egunarekin bat eginez proiektuaren emaitzak aurkeztu ditu gaur
Ayerdi kontseilaria hitzaldia ematen  SustaiNAVility proiektuaren 
aurkezpenean.
camera_alt Ayerdi kontseilaria hitzaldia ematen  SustaiNAVility proiektuaren aurkezpenean.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroan 13,5 miloi euro bideratu dira energia-eraginkortasunera eta energia berriztagarrietara SustaiNAVility energia proiektuaren lehendabiziko bi urtetan, (2018ko otsailetik 2021ko otsailera garatuko da). Nafarroako Energia Eraginkortasunaren Planaren baitan arlo hori entitate publiko (udal eraikin publikoak eta foru administrazioa) eta entitate pribatu (etxebizitza jabeen komunitateak) zein enpresetan sustatzea da helburua.

Horrela azaldu du Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilari Manu Ayerdik, energia-eraginkortasunaren inguruan egindako “Nafarroa, energia iraunkorra bultzatzen duen eskualdea” izeneko jardunaldian. Jardunaldia Kondestablearen Jauregian izan da, Iruñean, Energia Eraginkortasunaren Munduko Eguna dela-eta. Halaber, bertan, proiektuaren lehen bi urteko emaitzak aurkeztu dituzte.

Ayerdi kontseilariaren arabera, “SustaiNAVility proiektu orokorra da, energia-eraginkortasuna alderdi ezberdinetan hartzen duena: etxebizitzak birgaitzea, industriaren egitekoa eta mugikortasun iraunkorra. Gainera hiru talderentzat izango da ona: toki-erakundeak, herritarrak eta industria”.

Ekitaldian zehar, teknikariek ondorengoak ere azaldu dituzte: proiektuaren web gunea, gaikako gidak, Nasuvinsa sozietate publikoak erabiltzaileentzat eta kontsumitzaileentzat edota aholkulari adituentzat eta hornitzaileentzat egindakoak. Energia-eraginkortasunari buruzko proiektua Europako Batzordeak finantzatzen du oso-osorik, eta horren buru Industria, Energia eta Proiektu Estrategikoen Zuzendaritza Nagusia da. Horrez gain, kudeaketan parte hartzen dute Nasuvinsak, Nafarroako Industriaren Elkarteak (NIE), Energia Berriztagarrien Zentro Nazionalak (CENER) eta Zabala Innovation Consulting SAk. Erakunde horiek guztiek fidagarritasuna aitortua dute berrikuntza energetikoaren aldaketan eta Europako proiektuen kudeaketan.

SustaiNAVility proiektua

SustaiNAVility-ko bazkideek duela bi urtez geroztik ari dira Nafarroako Energia Planeko neurriak bultzatzen energia-eraginkortasunaren arloan. 1,1 milioi euroko finantzaketa komunitarioarekin, proiektua kudeatzen duten taldeek inbertsio gehiago mobilizatu nahi dute gure Komunitatean energia-eraginkortasuna hobetze aldera. Ildo horretan, hemendik hiru urtera 16,3 milioi euro mobilizatzea aurreikusten da energia-eraginkortasunean.

Horretarako, eskualdeko diru-laguntzak dira energia-eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan inbertsioak mobilizatzeko palanka bai Udaletxeetan, etxebizitzetan edota industrian, besteak beste, berrikuntza, teknologia, finantzaketarako eskema berriak eta negozio-aukerak nahiz herritarren parte-hartzea sartuta.

SustaiNAVility gidak

Bestalde, SustaiNAVility proiektuak informazioa errazten die agente ezberdinei. Horretarako, gida batzuk atera dituzte kontsumitzaileei eta kudeatzaile energetikoei eraikinetan energia-eraginkortasuna lortzeko aukeren eta abantailen inguruan, berriztagarriak erabiltzearen inguruan edo autokontsumoaren gainean informazioa emateko eta gai horietan prestatzeko.

Gidak Nasuvinsak agindu dizkio Kisar enpresari, eta helbide honetan eskura daitezke. Besteak beste, honako hauek dira: Eraikinen Birgaitze Energetiko Osorako Gida, herritarrentzat egina; Etxebizitzen Eraikinetako Energia Eraginkortasunaren Gida, finka-administratzaile eta bizilagunen erkidegoentzat; eta Eguzki Energia Fotovoltaikoaren Gida Autokontsumorako, energia ekoizten eta kontsumitzen duten pertsonentzat. Azkenik, Tokiko Erakundeak eta Energia Gida ere badago, zinegotzientzat eta toki-agintarientzat (Udaletxetako langileak).

Era berean, berogailu zentralei eta auzokoei buruzko azalpen-liburuxka editatu da. Gidak gazteleraz eta euskaraz argitaratu eta inprimatu dira, guztira 12.500 ale atera dira, eta gastua 8.120 eurokoa izan da.