2020ko martxoaren 4a

Nafarroak aitortza egin dio Berdinna Sariarekin Astelehen Lilak elkarteari berdintasuna agerian jartzeko arlo guztietan egindako lanarengatik

Chivite Lehendakariak eman du gaur saria, eta bertan nabarmendu du berdintasun-politikek “zeharkakoak izan behar dutela, gobernuaren ekintza guztia eta legeen garapena barne hartuta”
El Gobierno de Navarra entrega el Premio BERDINNA 2020 a la Asociación Lunes Lilas Navarra Irudi galeria

María Chivite, Nafarroako Lehendakariak, gaur eguerdian gizon eta emakumeen berdintasunerako 2020ko Berdinna Saria eman dio Astelehen Lilak Nafarroa elkarteari. Ekitaldian elkarte horrek arlo guztietan berdintasuna agerian jartzeko egindako lana namarbendu du Lehendakariak, "horrelakoak izan behar dute berdintasun politikak, zeharkakoak, gobernuko ekintza guztia hartuz eta konpromiso hori legeen garapenarekin lagunduz". 

Saria gaur banatu dute Nafarroako Jauregiko Tronuen Aretoan, eta ekitaldiaren buru Nafarroako Lehendakaria, Maria Chivite, eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publiko eta Barneko lehendakariordea, Javier Remirez, izan dira. Halaber, bertan parte hartu dute Nafarroako Parlamentuko lehendakaria Unahi Hualdek; eta Ekonomia eta Ogasuneko kontseilari Elma Saizek; eta Kultura eta Kiroleko kontseilaria den Rebeca Esnaolak. Bertan izan da, baita ere, Nafarroako Berdintasunerako Institutuko zuzendari kudeatzailea, Eva Isturiz.

Elkartearen izenean saria jaso dute María Carmen Echeverría lehendakariak, Iurre Calixto idazkariak eta María Teresa Sáez kideak. Ekitaldiari musika jarri diote Adriana Olmedo abeslariak eta Jokin Pallares gitarra-jotzaileak. Hitza hartzerakoan, Echeverríak aitortza eskertu du "indarkeria matxistak dituen ondorioak ezagutzera emateko" sortu zen elkartearen izenean, zeinak lan egin duen emakume guztiei arreta emanez "inor bakarrik egon ez dadin". Saria María Teresa Saz kideari eskaini dio Echeverriak, "eskutik hartu eta bide horretan gurekin izateagatik, elkartea abian jartzeagatik" eta orokorrean genero desberdintasuna eta indarkeria matxistari aurre egiteko lan egiten duten emakume guztiei: "Sari hau guztiona da; izan ere Nafarroan berdintasuna lortzeko aurrerapausoa da". 

Berdinna Saria Nafarroako Berdintasuneko Institutuak bultzatu zuen 2018. urtean, 3.000 eurokoa da, eta horren helburua da Foru Komunitatean gizonen eta emakumeen artean benetako berdintasuna lortzea errazten, bultzatzen edo babesten duten ekintzak, lanak edo proiektuak egin dituzten pertsona fisikoak edo juridikoak saritzea edo arlo horretan, bizitzan edo lanean izandako ibilbidearengatik sari hori merezi dutenak saritzea. 2018an, saria Blanca Fernández Viguerarentzat izan zen (ikertzaile soziala eta aitzindaria mugimendu feministetan); aurreko edizioan, 2019an, berriz, Alaiz Talde Elkarteak jaso zuen.

Lehendakariaren eta Remírez lehendakariordearen hitzaldiak

Hitzaldian, Lehendakariak eskerrak eman dizkio Lunes Lilas /Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteari Foru Komunitatean emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna lortzeko aurrerapenean egindako lanarengatik. Ildo horretan, elkarteak 2007an Gaztelu Plazan lehen kontzentrazioak egiten hasi zenetik berdintasuna agerian uzteko burutzen duen lana nabarmendu du, “finkatzen joan den bidea eta erreferente izatera eraman zaituztena gaur egun beharrezkoa izaten jarraitzen duen borrokan”, adierazi du Lehendakariak.

Lehendakariak nabarmendu duen moduan, Elkarteak esku hartu du berdintasuneko lege eta politika publikoak egiten nahiz jai-guneetan sexu-erasoen aurkako planak edo kanpainak egiten; “egia da urratsak ematen ari direla eta aurrera egiten ari garela emakumeen eskubideen eta jabekuntzaren aldetik, baina egia da, baita ere, indarkeria matxistak existitzen jarraitzen duela, eta sexu-motako delituak eta indarkeria horrekin loturikoak gehien kezkatzen gaituela Nafarroako herritarrak”, esan du Chivitek.

Horrez gain, honela gehitu nahi izan du: “garai hauetan alderdi batzuen diskurtso eta proposamenetan inboluzioa dagoela ikusita, genero-indarkeria zalantzan jartzen dutelarik, inoiz baino gehiago borrokatu beharko dugu soilik justizia soziala ez den berdintasunaren alde, bizitza erreala dela kontuan hartuta; berdinak izan beharra daukagu”. Hori guztia dela-eta, bide honetan “oraindik ere asko dago egiteko”, eta saritutako elkartea nahiz gizartea oro har animatu nahi izan ditu “elkarrekin aurrera egiteko indarrak batzera”, “arazo sozial baten aurrean baikaude”.

Lehendakariak, amaitzeko, honela adierazi du: “nahiago nuke egun batean esan ahal izango bagenu dagoeneko ez dela beharrezkoa berdintasuna aldarrikatzea, badugula esan nahiko duelako. Eta hori egun handi bat izango da; hori lortu behar dugu”.

Bestalde, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko lehendakariordea den Javier Remírezek nabarmendu du Lunes Lilas / Astelehen Lilak Nafarroa Elkartearen ibilbidea, “azaroaren 25etik haratago ezagutzera emateko ekitaldia eskatzen zuten bizirik irtendako emakumeen eskuetatik jaiotakoa”. Horrez gain, elkarteak “emakumeen parte-hartze soziala bultzatzeko, babesteko eta dinamizatzeko egindako lanean” izandako bilakaera azaldu du.

Berdintasunean erreferentea

Berdinna Saria banatu duen epaimahaiaren burua Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Berdintasuneko eta Barneko kontseilaria da, Javier Remírez, eta lehendakariordea INAI/NBIko zuzendari kudeatzailea, Eva Istúriz, eta beste kide batzuek ere osatu dute. Epaimahaiak saria Lunes Lilas / Astelehen Lilak Nafarroa Elkarteari emateko baloratutako merituen artean aipatzekoak dira horren ibilbidea eta bilakaera erreferentziala “berdintasun-arloko prestakuntzan, profesionalei zein neska-mutilei eta emakume eta gizonei zuzenduta”. Gainera, Gobernuak nabarmendu nahi izan du hautagaitzak ehun bat babes-gutun jaso dituela, elkartearen proiektuen kolaboratzaileenak nahiz eremu ezberdinetako profesionalenak eta bertako jarduera ezberdinetan parte hartzen duten pertsonenak. Beraz, horiek guztiek “erakusten dute elkarteak duen babes soziala eta horren eragina”.

Lunes Lilas Navarra / Astelehen Lilak Nafarroa Elkartea 2007an sortu zen, hilabeteko bigarren astelehenetan Iruñeko Gaztelu Plazan biltzeko deia egiten baitzuten, emakumeenganako indarkeria gaitzesteko. Ekimenak Andrea elkarte feministaren babesa izan zuen hasieran; hots, 80ko hamarkadaz geroztik emakumeentzat erreferentea izandakoarena indarkeria-arloan.

Elkartearen ibilbidea markatutako gertaeretariko bat Nagore Laffageren hilketa izan zen 2008ko San Ferminetan, eta geroztik erreferente bilakatu da sexu-indarkeria aitortzeko lanean, emakumeen aurkako indarkerietako bat bezala.

hartatik hona, egun 22 pertsona elkartu ditu (17 emakume eta 5 gizon ), indarkeria matxista errotik ateratzeko dagoen beharraren inguruan gizartea kontzientziatzeko lan egin du, ondoren emakumeen lana, haien jabekuntza eta indarkeria matxistaren biktimak diren emakumeen eta haien seme-alaben babesa aitortzera bideratutako ekintzak eta proiektuak lantzen joateko.

Taldeak ekintza politikoak eta legedia prestatzen parte hartu du; hala nola, 14/2015 Foru Legea, apirilaren 10ekoa, emakumeenganako indarkeriaren aurka egiteko; Nafarroako Berdintasun Plana; edo 17/2019 Foru Legea, apirilaren 4koa, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunari buruzkoa.

Elkarteak burututako jardueren artean aipatzekoa da 2011. urtean egindako proposamena, genero-ikuspegiko San Ferminak egiteko eta emakumeen eskubideak eta parte-hartzea bermatuko zituzten jaiak ospatzeko, aukera-berdintasunarekin, sexu-erasorik gabe. Halaber, garraio publikoa eta emakumeek soilik erabiltzeko "Taxi Arrosak" bultzatu zituen. Nafarroako talde ezberdinak berdintasun eta feminismo arloan prestatu ditu, eta honako hauetan parte hartu du: Parte Hartzeko eta Berdintasunerako Emakumeen Erakundeen Koordinatzailea (COMPI), CEDAW Itzal Txostena, Beging+25, Istanbul Plataforma edo Pobreziaren aurkako Borroka Sarea.

2018ko apirilean, Andrea eta Gafas Moradas 6 elkarteekin batera, kasuaren inguruan zuen jarrera azaldu zuen Iruñeko Justizia Jauregian, "La Manada"ren epaiketaren epaia irakurtzen zen aldi berean.

Gaur jasotako Berdinna sariarekin batera, 2017an Sabicas Saria jaso zuen Elkarteak, "emakumeak defendatzearen eta haien eskubideen alde egunero borrokatzeagatik”; 2016. urtean, berriz, Mulier Navarra Futbol Klub eta Berriozar Futbol Klub talde femeninoek elkarteari omenaldia egin zioten Emakumeen Nazioarteko Eguna zela-eta.