2020ko otsailaren 27a

Zahartzea eta immigrazio zein jarduera txikiak, Pirinioak, Zangoza eta Ameskoak despopulatzearen arrazoi zuzenak

"Nafarroako lurralde-desberdintasunak. 2019ko "erronkak eta proposamenak" txostena laburbiltzen duen "joerak" buletinaren hamaikagarren alea aurkeztu du Eskubide Sozialetako Departamentuak
Errealitate Sozialaren Behatokiaren Joerak buletinaren hamaikagarren 
zenbakiaren logoa.
Errealitate Sozialaren Behatokiaren Joerak buletinaren hamaikagarren zenbakiaren logoa.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Zahartze-indize handiagoak, etorkin gutxiago eta jarduera-tasa baxuagoak izateak eragin zuzena du Nafarroako Pirinioetako, Zangotzako eta Ameskoako eremuetako despopulatze-prozesuan.

Datu horiek agertzen dira Eskubide Sozialetako Departamentuko Errealitate Sozialaren Behatokiak 2020ko otsailean argitaratutako ‘Joerak’ hamaikagarren buletinean; kasu honetan, 2019ko urtearen amaiera aldera aurkeztutako txosten hau laburbiltzen du: "Nafarroako lurralde-desberdintasunak. Erronkak eta proposamenak.

Azterketa horren arabera, eskualdeko politikak diseinatzerakoan, lehentasuna eman behar zaio solidaritateari desberdintasunak murrizte eta garapen osoa, kohesionatua eta solidarioa babeste aldera, eta, era horretan, diseinuan nahitaezkoa izango da lurralde-espazioak eratzen dituzten aniztasun ugariak ezagutzea.

Arrazonamendu hori kontuan hartuta, Buletinean Nafarroako lau lurralde-desberdintasunaren analisia laburtzen da: 1) lurralde-mailakoak eta demografikoak; 2) lan-arlokoak; 3) sozialak; eta 4) lehiakorrak eta garatzeko gaitasunaren ingurukoak. Analisiaren arabera, desberdintasunak gertatzen dira administrazio, ekonomia, gizarte, demografia, ezagutza eta abarretan desoreka ugari egoteagatik. Horrekin guztiarekin, lurralde-kohesioa, bere horretan, ez bermatzeaz gain, Nafarroako zona batzuetan, gainera, ahultasun argiko egoerak daude zenbait alderditan.

Biztanleriaren bilakaera-arazoak ia lurralde osoan daude, baina hiru zonatan larriagoak dira: Pirinioak, Zangotza eta Ega Jurramendi. Hiru eskualdetan kausalitate asko gertatzen dira, intentsitate handiagoarekin edo txikiagoarekin gertatzen diren faktore ezberdinen ondorioz. Arrazoien artean bereziki nabarmena da ‘enplegurik ez izatea’. Logikoki, jarduera ekonomiko eskaseko eskualdea ez da erakargarria lanerako adinean aurkitzen den biztanleriarentzat; horrela, gazteak galtzen ditu eta zahartze handiagoa eragiten du, beste garapen ekonomiko bateko zonetan gertatzen diren migrazio-prozesuak ez erakartzeaz gain.

Baina jarduera ekonomikoaren bolumenak bakarrik ez ditu lurralde-mailako desberdintasunak erabakitzen. Produkzio-garapen mota ere faktore giltzarria da, eta eragina du eskualdeetako langabezia eta okupazio mailetan nahiz sortutako enpleguaren baldintzetan eta pertsona okupatuen ezaugarri nagusietan.

Azkenik, desberdintasun demografiko eta lan-arloko horiei gehitu behar zaizkie bestelako desberdintasun sozialak, lurraldearen ikuspegitik baita ere oso garrantzitsuak direnak; horrela, Nafarroak erronka sozial ezberdinak izango ditu aurrean datozen urteetan.

Desberdintasun demografikoak

Nahiz eta despopulazioaren fenomenoak protagonismo berezia hartu agenda publikoan, zorrotz begiratuta Nafarroan ez dago despopulatzearen gaineko arazo larririk. Oro har, biztanleria-kopurua gehitzen ari da, baina badira ahulagoak diren zonak. Batzuk erabat atzeratzen ari dira biztanleriaren aldetik; hala nola, Pirinioak eta Ameskoak. Europar Batasunaren arabera, despopulatze-arriskua gertatzen da kilometro karratu bakoitzeko 12,5 biztanleko dentsitatea dagoenean. Hortaz, bi eskualde oso azpitik daude: Pirinioak (4,1) eta Aurrepirinioa (7,7), eta beste batzuk arrisku-muga horretara gerturatzen dira: Arga Valles (19,9), Larraun (18,8) eta Zangotza (14,3).

Zahartzea da proiekzio demografikoak Nafarroan duen erronkarik nagusiena. Jaiotza-tasa etengabe jaisteak eta heriotza-tasa nabarmen murrizteak bizi-itxaropena izugarri gehitu du (Nafarroan 84 urtekoa da batez beste). Horrek guztiak arrakasta bat, hau da, bizi-itxaropena, tamaina handiko erronka sozialarekin, biztanleriaren zahartzearekin, alderatzen du. Zahartze-indize handiagoak dituzten eskualdeak dira gehienbat despopulazio-maila handiena eta dentsitate txikiena dutenak: Pirinioak (426), Zangotza (222,4) eta Ega: Jurramendi (192,3).

Biztanleen dentsitate gutxiagoko eta biztanleriaren zahartze eta gain-zahartze gehiagoko eskualdeetan handiagoa da zahartzaroko mendekotasuna; modu horretan, indizeak Nafarroako batez bestekoaren (30,1) oso gainetik aurkitzen dira, %54,7ra ere iristen da Pirinioen kasuan. Halaber, handiagoak izaten dira biztanleriaren maskulinizazio-prozesuak, batez ere landa-guneetan, eta horietan "euskarri" biztanleria (40-55 urte) ordezkatzeko zailtasunaren arriskua ere handiagoa da, etorkizunera begira horrek dakartzan ondorio guztiekin. Horrez gain, inmigrazio txikiagoko eskualdeak dira. Demografiaren ikuspegitik ahulagoak diren espazioak zehazten joaten dira, eta horrek ondorio garrantzitsuak izaten amaitzen du errealitate ekonomikoetan, sozialetan eta kulturaletan.

Lan-arloko desberdintasunak

Nafarroan gizarteak bizitza luzea du, eta lanerako adinean dagoen biztanleria nabarmen jaitsi da. Fenomeno hori, gainera, areagotu egin da bereziki Pirinioak bezalako eskualdeetan, jarduera-tasa ez baita %50era iristen, eta lan-merkatuan alderdi oso garrantzitsua erakusten du; hots, zonako langileen eskaintza-kopurua.

Bestalde, lurraldearen ikuspegitik, langabezia-maila jakin batzuek gehiegizko eragina erakusten dute, egitura-faktoreaz haratago, Ega eta Erribera bezalako eskualdeetan. Horko langabezia-tasak Nafarroa osoko langabezia-tasaren gainetik aurkitzen dira. Aldiz, langabeziaren maila baxuenetan daude Bidasoa eta Larraungo eskualdeak, %6 inguruko tasarekin. Horrez gain, langabeziaren bilakaera ere ez da homogeneoa izan lurralde-mailan.

Orobat, enplegua ere ezberdina da lurraldearen arabera. Pirinioetako eta Egako zonetan (Lizarrako Erribera eta Jurramendi) okupazio-bolumena gainerako eskualdeetakoen azpitik aurkitzen da. Langabezia-tasak ez dira %48ra iristen, eta Nafarroako enplegu-tasa (%53,17) baino 7 eta 6 puntu artean azpitik daude.

Zona bateko enpleguaren garapenaren faktore erabakigarria da jarduera ekonomikoaren espezializazioa. Gizarte Segurantzara afiliatutako pertsonen kopurua, bizitoki eta jardueraren arabera, handiagoa da lehen sektorean Pirinioetan (%13,6), Goi Erriberan (%13,2) eta Lizarrako Erriberan (%12,1). Manufaktura-industriari dagokionean, protagonismo handiagoa du Goi Erriberan (%43,5) eta Lizarrako Erriberan (%39,7) nahiz Sakanan (%36,3). Halaber, aipatzeko modukoa da manufaktura-industriak Zangotzako eskualdean duen pisu garrantzitsua (%33,6). Merkataritza eta ostalaritza, aldiz, handiagoak dira, erlatiboki, Bidasoako eskualdean (%28,3) eta Pirinioetan (%27,2).

Desberdintasun sozialak

Erribera (30,5), Lizarrako Erribera (29,44) eta Goi Erribera (28,43) bezalako hiru eskualdeek Nafarroako batez bestekoa baino maila askoz ere altuagoak dituzte; gainera, soberan bikoizten dituzte Arga: Valles bezalako eskualdeetako pobreziaren arrisku-tasak (12,71). Egoera hori gertatzen da nahiz eta zona guztietan pobreziaren arrisku-tasa nabarmen jaitsi. Goi Erriberan, esate baterako, 8,8 puntu jaitsi da, baina, hala ere, aldeek nabarmenak izaten jarraitzen dute.

Era berean, Nafarroan etxe bakoitzeko errenta-maila baxuenak aurretik aipaturiko hiru eskualde horietan aurkitzen dira. Lizarrako Erriberak Komunitateko batez bestekoa baino 4.901,00 € gutxiagoko errenta du, azken hamarkadan %1,3 igo arren. Baina are deigarriagoa da Goi Erriberako egoera, etxe bakoitzeko batez besteko errenta %7 igo bada ere, Nafarroakoa baino 3.481 euro gutxiagokoa izaten jarraitzen baitu.

Bestalde, jarraian agertzen diren datuen arabera, babes soziala eta langabeziaren aurreko babesa desberdinak dira eskualdeen arabera, ziur aski eskariaren arabera. Zehazki, langabezian dauden pertsona guztiak kontuan hartuta, Erribera (%56,7) eta Iruñeko azpi-eskualdea (%52,1) bezalako zonetan, langabezia bidezko estaldurarik gabeko pertsona langabeak %50 baino gehiago dira, eta Pirinioak (%24,2) eta Bidasoa (%30,8) bezalako eskualdeetan, berriz, babesgabetasunaren portzentaje baxuenak dituzte. Azkenik, Bermatutako Errentaren estaldura ere ez da homogeneoa lurralde osoan zehar. Arga: Valles (%10,4), Lizarrako Erribera (%9,4) eta Erribera (%9,2) biztanleriaren %9 baino gehiagora iristen dira; aldiz, Pirinioak (%0,5), Bidasoa (%2,3) eta Larraun (%2,6) bezalako eskualdeak ez dira %3ra iristen.