2020ko otsailaren 26a

Eskubide Sozialetako Departamentuak %37,5 igo du langile autonomo berrientzako laguntzen aurrekontua

Nafar Lansare zerbitzuaren bitartez neurri hau bideratu du langabezian dauden pertsonen artean lanpostuak sustatzeko eta horretarako 1.650.000 euroko aurrekontua izango du hasiera batean

Eskubide Sozialetako Departamentuak, Nafar Lansare zerbitzuaren bitartez, epea zabaldu du ekintzailetza hautatzen duten langabezian dauden pertsonek 2.000 eta 3.500 euroko laguntza izan dezaten Langile Autonomoen erregimenean alta ematerakoan.

Lanpostuak sustatzeko laguntza lerro honek 1.650.000 milioi euroko aurrekontua izango du hasiera batean, eta beste 750.000 euro gehitzeko aukera izango da. 2019arekin alderatuz (hasiera batean 1,2 milioi zeuden aurreikusita), 2020ko aurrekontua %37,5 igo da.

NEZ-NLk aurrekontu-sail hau handitu daitekeela erabaki du, 2016an laguntza hauek berriz formulatu zirenetik bikoiztu egin baita inbertitutako aurrekontua, eta ia hirukoiztu onuradunen kopurua.

Ondorioz, ekitaldi hartan 311 enpleguri laguntza eman eta milioi 1 euro inbertitu ostean, urtero 2 milioi euro eman eta batez beste 856 pertsonari lagundu izan zaie (2018an 928ri). Onuradunen kopurua handitzeko aldatu ziren laguntzak, baita Nafarroako ekintzaile gehienen soslaiari egokitzeko ere; soslai horren arabera, ez da inbertsio handirik egiten negozioa abian jartzeko.

Alta eman berri dutenentzako dirulaguntza horiek emateaz gain, heldu diren asteetan epea handituko da familia-kontziliazioa egin nahi duten autonomoek hilero 300 eta 360 euro bitarteko laguntzak eska ditzaten. 2019ko amaieran ezarritako laguntza-mota horrek 75.000 euroko aurrekontua izanen du.

819 onuradun 2019an

Alta berrietarako laguntzen izapidea internet bidez egiten da, www.empleo.navarra.es webgunean.

Gobernuko bilkuraren ondorengo prentsaurrekoan, Eskubide Sozialetako Kontseilariak, Carmen Maeztuk, azpimarratu egin du ia hartzaile gehienek jasotzen duten dirulaguntza bakarra NEZ-LNren laguntza dela. “Ia %30entzat dirulaguntza erabakigarria da, edo garrantzitsua da Lan Autonomoan hasteko, emakumeentzat bereziki. Datuek agerian uzten dute zer-nolako garrantzia duen laguntzak; negozio bat abiatzen denean eragin positiboa du familia-unitatean”, adierazi du kontseilariak.

Iaz NEZ-LNk 819 onuraduni eman zizkien laguntzak – %56 emakumezkoak izan ziren–, eta 1.931.000 euroko aurrekontua erabili zuen horretarako. Langabe horien %80 enplegua lortzeko zailtasun gehien duten gizataldeetakoak ziren, eta horregatik jasotzen dituzte dirulaguntza gehien (emakumeak, 30 urtez azpiko gazteak, langabezian luzaroan egondakoak eta 45 urtetik gorakoak, Bermatutako Errenta jasotzen dutenak, desgaitasuna dutenak).

Laguntza jasotzen dutenen %70 inguruk nahi dutelako egiten dira autonomo, eta %30ek “beste aukerarik ez dutelako”; bigarren multzokoak ia ikasketarik gabeko pertsonak izaten dira batez ere. %33,2k bi urte baino gehiago egin dute langabezian autonomo hasi aurretik, eta %50ek sei hilabete baino gutxiago. Kalkulatu izan da laguntzak jasotzen dituztenen %13 inguruk beste lanpostu batzuk sortzen dituztela, NEZ-LNk eskariz eginiko azterketa baten arabera.

Gogorarazi beharra dago ekintzaileek “oso ongi” nota ematen diotela beren kontura lan egiteko erabakiari (%70ek “oso ongi” eta “bikain” ematen dute). Zenbat eta prestakuntza handiagoa izan eta zenbat eta aholkularitza hobea jaso, orduan eta handiagoa da erabakiak eragindako asebetetzea, eta hobeto dabil negozioa. Ekintzaileen %50ek baino gehixeagok aholkularitza-zerbitzuetara jotzen du.

NEZ-LNren aholkularitza-sareak jasotzen du eskari gehien, eta 2019an orotara 1.944 lagun artatu zituen, 2018an baino 120 gehiago (445 Iturrondo agentzian, 537 CEINen eta 962 tokiko garapeneko eragileen bitartez). Laguntza horren ondorioz 449 enplegu eta 409 enpresa sortu ziren. NEZ-LNk 630.000 euro inguru bideratu zituen aholkularitza-lan horretara.

NEZ-LNk programa bat sortu du ideia berritzaileek merkatuan nola funtzionatzen duten aztertzeko, mugikortasun jasangarriko Inovation Camp, martxoan hasiko dena; baita ere “Azkar eta merke okertu zaitez”; “Zure negozioa bost saiotan”; eta “Azeleratu edo baztertu autonomoa izateko asmoa” tailerrak, eta navarraemprende.com sareko beste baliabide batzuk; eta CENIFERko coworking bat, aurreko programetan sortutako negozio-asmoak ezartzea errazten duena, hautaketa egin ondoren.