Descárgate la app
‘El Santo Christo Ibérico’ Koldo Chamorroren argazki erakusketa izango da Nafarroako Museoan
2020ko otsailaren 20a
‘El Santo Christo Ibérico’ Koldo Chamorroren argazki erakusketa izango da Nafarroako Museoan
La consejera de Cultura y Deporte, Rebeca Esnaola, ha presentado este jueves la exposición temporal del Museo de Navarra, El Santo Christo Ibérico, que agrupa un centenar de obras del fotógrafo Koldo Chamorro en torno a la liturgia y costumbrismo cristianos en la Península Ibérica y que se exhibe hasta el 18 de mayo.
Rebeca Esnaola, Kultura eta Kirol Departamentuko kontseilariak, ostegun honetan El Santo Christo Ibérico erakusketa aurkeztu du Nafarroako Museoan. Bertan Koldo Chamorro argazkilariak liturgia eta Iberiar Penintsulako kristau ohituren gainean egindako argazkiak ikus daitezke maiatzaren 18a bitartean.
Erakusketaren inaugurazioan izan dira, halaber, Clemente Bernad komisarioa eta La Fábricako argitalpenen arduraduna den César Martínez Useros, katalogoaren edizioaz arduratu dena.
Erakusketa artistaren obraren oinordekoa eta alaba den Oihane Chamorrorekin egindako hitzarmenaren bidez antolatu da, Via Crucisko geltokiei jarraiki. Guztira 104 irudi daude erakusketan, Koldo Chamorroren artxibo ugarian hautatutakoak, Jose Antonio Tejero Lanzarotek argazkilariari egindako erretratuaz gain. Argazki guztiak proiektu honetarako egindako kopiak dira.
1974. urtean, Chamorro El Santo Christo Ibérico egiten hasi zen, proiektu monografiko handi baten eran planteatuta; hain zuzen ere, Iberiar Penintsulako kristau adierazpenen eta liturgien alderdi ezberdinei buruzko hausnarketa bisuala da edota gure paisaia sozialean kristau gurutzeak duen presentziari buruzkoa. Egileak proiektua amaitutzat eman zuen 2000ko jubileu katolikoa ospatzean.
Smart&Green Desing enpresako Fernando Muñozek diseinatu du erakusketa, eta, osatzeko, Nafarroako Gobernuaren ondare-funtseko beste hamabost gurutze gehitu dira, "Julio Caro Baroja" Nafarroako Museo Etnologikoko bildumetakoak zein Nafarroako Museoan daudenak.
Era berean, Clemente Bernard-ek eta Carolina Martinezek Chamorroren inguruan egindako Totum revolutum ikus-entzunezkoa ikus daiteke, argazkilariaren bizitza eta obra errepasatzen duten 70 pertsona baino gehiagori egindako elkarrizketetan oinarrituta. Batzuek haren irudi gustukoenak aipatzen dituzte, autorearekin zuten harremanaren inguruko bitxikeriak kontatzearekin batera.
Erakusketa dela-eta, erakutsitako obra guztia biltzen duen liburu bat argitaratu da, La Fábricak eta Nafarroako Gobernuak editatua, Clemente Bernad komisarioaren eta Margarita Ledoren eta Christian Caujolleren testuekin. Mila ale argitaratu dira, eta argitalpenaren xedea da erreferentziazko eskuliburu bilakatzea Koldo Chamorroren obrara gerturatzeko. Liburua Nafarroako Museoan bertan eros daiteke 35 euroren truke.
Erakusketa Madrilera eramango da ekainean, Lázaro Galdiano Museo Fundazioko aretoetan erakusteko, PhotoEspaña 2020 Argazkilaritzaren eta Ikusmen Arteen Nazioarteko Jaialdiaren esparruan.
Nafarroako Gobernuaren asmoa da erakusketa Madrilera eramanda eta argitalpena eginda artista gogoratzea eta belaunaldi berriei Nafarroako argazkilari garrantzitsuenetariko bat aurkeztea.
Lagunduriko bisitak egingo dira igandeetan 12:30ean, eta igande honetan, hilak 23, abian jarriko dira erakusketaren komisarioa den Clemente Bernard-en parte-hartzearekin. Erakusketa osatzeko, hainbat jarduera egingo dira, eta datozen egunetan horien berri ematen joango gara. Halaber, erakusketa izango da aurten Nafarroako Museoak Aste Santuan haurrentzat prestatzen dituen tailerren oinarri.
Chamorroren ibilbidea
Koldo Chamorrok (Vitoria, 1949 – Iruña, 2009) argazkilari profesional moduan egin zuen lan hogeita hamabost urtetik gorako denboraldian, eta gai ezberdinen inguruko proiektu ugari landu zituen: egitura sozialak, erlijioa, jaiak, zezenak, gorputza edo sexua. Ia beti serie edo "entsegu fotografiko" eran jorratu zituen, epe luzera, eta argazkiak ateratzen zizkien gaien gakoak argitzen ahalegintzen zen.
Argazkilariak frankismoaren azken urteetan ikusi zuen —haren belaunaldiko beste argazkilari batzuek bezala— zenbait adierazpen erlijioso eta herri-jai desagertzeko zorian zeudela, aldaketa politikoak ustez ahaztera eramango zituelako eta etorkizuneko globalizazioa aurreratuta zegoelako.
Hala ere, ustez hilzorian zegoen ondare hori ez zen argazki bidez zaintzen ahalegindu, baizik eta analisi sozial sakona egin nahi izan zuen, atzerapenak eta obskurantismoak eragotzitako baina modernitatera bideratutako herrialdearen kontraesanak erakuste aldera.
Chamorroren argazkiak ez dira lehen ikustaldian ahitzen. Interpelatu, ezegonkortu eta edozein bide egin daitekeen labirintuetan barrena eramaten zaituzte.
Chamorrok Nueva Imagen Galeriaren (Iruña) aldizkaria zuzendu zuen, eta argazkilaritzari buruzko testu ugari idatzi zituen, aldizkari espezializatuetan, liburuetan eta katalogoetan argitaratutakoak. 1996. urtean, Nafarroako Kultura Kontseiluko kide izendatu zuten.