Descárgate la app
Nafarroak eta Euskadik gizarte-politiken eta enpleguaren arloko esperientziak partekatu dituzte
2020ko otsailaren 17a
Nafarroak eta Euskadik gizarte-politiken eta enpleguaren arloko esperientziak partekatu dituzte
Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Saileko ordezkaritza bat Iruñera joan da gaur, Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuko arduradunekin lan bilera bat egiteko. Helburua izan da bi departamentuek eskumenak dituzten esperientziak eta jardunbide egokiak partekatzea, hala nola familia eta haurtzaroaren arloko politikak; bereziki familia eta haurtzaroari kontziliazioa, berdintasuna eta laguntza emateko neurriak, zein errenta bermatua eta enplegu-politika aktiboak binomioa.
Eusko Jaurlaritzaren izenean, honako hauek izan dira: Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua, Beatriz Artolazabal; Gizarte Politiketako sailburuordea, Lide Amilibia; Lanbide - Euskal Enplegu Zerbitzuaren zuzendari nagusia, Borja Belandia; eta Kabinete eta Komunikazioko zuzendaria, Sergio Juanena. Nafarroako Gobernuaren izenean, berriz, ondorengoak bildu dira: Eskubide Sozialetako kontseilaria, Mª Carmen Maeztu; Eskubide Sozialetako Departamentuko Babes Sozialaren eta Lankidetzaren zuzendaria, Andrés Carbonero; Nafarroako Enplegu Zerbitzua-Nafar Lansareren zuzendari kudeatzailea, Miriam Martón; eta Departamentuko Kabinetearen burua, Txema Mauleón.
Bileran, Eusko Jaurlaritzako ordezkariek Nafarroan azken urteetan abian jarritako neurriekiko interes handia erakutsi dute, bermatutako errenta jasotzen duten eta lana egiten duten pertsonen kopuruak gora egin baitu.
Azken urteko balantzea
2019ko txostena ixtear dela, jasotako datuen arabera, azken urtean jaitsi egin da bermatutako errenta jasotzen duten familia-unitateen kopurua, eta badirudi lanarekin bateragarri egiteko joera finkatzen ari dela. Azken urtean, bermatutako errenta jasotzen zuten 6.941 pertsona (lanerako adinean daudenak) kontratatuak izan dira; hau da, guztira 21.708 kontratu (batez beste 3,13 pertsona bakoitzeko). 2016. urtearekin alderatuta, kontratatutako pertsonen kopurua %23,5 gehitu da.
Bestalde, bermatutako errenta lanarekin bateragarri egiten duten familia-unitateak ere portzentualki gehitzen doaz. 2019an, jada 5.586 familia-unitatek jaso dute lanaren bidezko diru-sarreraren bat; beraz, BE eta lana bateratzen dituzten familia-unitateen kopurua %35,6ra iritsi da. 2016an kopuru hori %20,1ekoa zen, Gizarteratzeko Errenta zaharrarekin. Aldi berean, apur bat jaitsi egin dira langabezia edo pentsioen bidezko prestazioekin osatzen diren kasuak.
Bileraren amaieran, Maeztu kontseilariak eta Artolazabal sailburuak esan dute bi taldeak aldizka biltzen jarraitu behar dutela edota zerbitzuen mugaz haraindiko lankidetza indartu behar dutela enplegu-arloan. Halaber, mendekotasunaren arreta bezalako beste eremu batzuetara hedatzeko aukera aztertzeko konpromisoa agertu dute.