Nafarroako Gobernuak arte-talentu gaztea sustatzeko saria sortu du

Nafarroako Gobernuak arte-talentu gaztea sustatzeko saria sortu du

Sari berrirako zein Kulturako Vianako Printzea Sarirako hautagaiak martxoaren 31 bitartean aurkeztu daitezke; bi saridunek elkarlanean parte hartuko dute ekintza egitarau batean

2020/02/14

Kultura eta Kiroleko Departamentuak  2020ko Arte-talentu Gaztea Sustatzeko Sari berria aurkeztu du. Garaikur honek, Nafarroako arte eta kultur esparruan gazte ekintzaileen ekimena bultzatu eta laguntzea du asmo, gazteriaren erreferente bilakatuz. Sari honetarako eta Vianako Printzea Sarirako hautagaiak datorren martxoaren 31 arte aurkez daitezke.

Talentu Artistikoa Sustatzeko 2020ko Sariak gazteen lan artistikoa aintzatetsiko du, haien lana ikusarazteko eta Nafarroan indarra hartzen ari den talentua profesionalizatzen laguntzeko. Legez Nafarroan bizi diren 18 eta 30 urte bitarteko gazteek edo baldintzak betetzen dituzten pertsonek legez eratutako erakundeek aurkeztu ahal izanen dituzte hautagaiak.

Proposamena Kultura eta Kirol Departamentuan aurkeztuko da, edo posta elektronikoz, dg.cultura.ipv@navarra.es helbidera bidaliz. Dokumentazioarekin batera, datu hauek jasoko dituen azalpen-memoria aurkeztu beharko da: pertsona edo erakunde baten hautagaitza bermatzen duten merezimendu garrantzitsuak, eta komenigarria den eta saria eskuratzeko zenbatetsitako merezimenduak egiaztatzen dituen gainerako informazioa. Gainera, hautagaitza bultzatzeko, artearen eta kulturaren arloan garrantzitsua den pertsona edo erakunde batek sinaturiko gutun bat aurkeztu beharko da gutxienez. Azkenik, nahi izanez gero, hautagaiek beren hautagaitzaren defentsa egin ahal izanen dute epaimahaiaren aurrean.

Sariaren epaimahaia hauek osatuko dute: Ignacio Apezteguía Kultura zuzendari nagusiak-Vianako Printzea Erakundea, zuzendaritzaren esku dauden zerbitzuetako zuzendariek eta Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide batek. Merezimenduez gain, aurkeztutako proiektuak edo jarduerek gizartean eta kulturan duten eragina ere baloratuko dute.

Behin epaia ezaguturik, saridunak proiektu artistiko batean parte hartuko du 2020an, Kulturaren Vianako Printzea Saria jaso duen pertsonarekin lankidetzan. Gainera, Kultura eta Kirol Departamentuak, sarituriko pertsonarekin ados jarrita, proiektu artistiko bat programatu edo/eta erakutsiko du bere programetako batean edo 2021ean kultur arloko hainbat eragilerekin lankidetzan gauzatzen dituen bertze batzuetan.

Horrela, Kulturako Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak hainbat jarduera programatuko ditu, dagoeneko finkatuta dagoen eta Kulturaren Vianako Printzea saria jaso duen kultur arloko talentua, indarra hartzen ari den eta Talentu Artistikoa Sustatzeko Saria jaso duen talentu artistikoarekin erlazionatzeko. Hori guztia saridunen lana herritarrei hurbiltzeko eta haien lan artistikoa ezagutarazteko.

Vianako Printzea Saria

Aintzatespen berriarekin batera, Kultura eta Kirol Departamentuak 2020ko Vianako Printzea sariaren deialdiaren oinarriak eman ditu gaur ezagutzera. Kultura Zuzendaritza Nagusiak-Vianako Printzea Erakundeak deitzen duen sari horrek kulturaren munduan garrantzitsuak diren pertsonen edo erakundeen ibilbidea aitortzen du, arte plastiko, musika, literatura… esparruko sormenezko ekintzak edo zientzia, teknika eta ikerketa arloko lana.

Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek, edozein herrialdetako erakunde publikoek (gobernuak, ministerioak, udalak, unibertsitateak, akademiak, ikerketa-zentroak, enbaxadak, kontsulatuak, etab.), eta baita hezkuntza, kultura eta gizarte arloetako erakundeek, legez eratutako GKEek edo antolatzaileek gonbidaturiko pertsona ospetsuek aurkeztu ahal izanen dituzte hautagaitzak. Kanpoan geratuko dira beren buruarentzat edo beraiek ordezkatzen dituzten erakundeentzat saria eskatzen dutenek aurkezturiko hautagaitzak.

Nafarroako Kultura Kontseiluko kideek osaturiko epaimahaiak hautagaitzak aztertuko ditu eta, merezimenduez gain, Nafarroarekin duten lotura berezia baloratuko du.

Gogoratu behar da hautagaitzak posta ziurtatuz aurkeztu beharko direla Kultura eta Kirol Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoan edo premioprincipedeviana@navarra.es helbidean.

Kultura eta Kirol Departamentuak, saritutriko pertsonarekin edo erakundearekin adosturik, sarituaren obra ezagutarazteko proiektu bat eginen du, 20.000 eurokoa gehienez. Era berean, sarituriko gaztearekin elkarlanean arituko da jarduera-programa batean.