2020ko otsailaren 13a

Natalia Bellostas INTIA enpresa publikoko zuzendari kudeatzaile izendatu dute

Nekazari-ingeniaria NUPen, 2018az geroztik sozietate honetako I+G+b proiektuen arloko koordinatzailea izan da
Natalia Bellostas Muguerza, INTIAko zuzendari kudeatzaile berria
Natalia Bellostas Muguerza, INTIAko zuzendari kudeatzaile berria  Deskargatu irudia Irudi galeria

INTIAk (Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutuak) Natalia Bellostas Muguerza nekazaritza-ingeniaria izendatu du sozietate publiko horretako zuzendari kudeatzaile, Administrazio Kontseiluak proposatuta.

2018az geroztik eta orain arte, Natalia Bellostas sozietate publiko horretako I+G+b arloko proiektuen saileko koordinatzailea izan da.

Bellostas Iruñean jaio zen 1977. urtean, bikotearekin bizi da, eta bi seme eta alaba bat ditu.

Ingeniari agronomoa ikasi zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoan (2001) eta Landare Biokimikan doktore egin zen Kopenhageko Unibertsitatean, Danimarkan (2007).

2003. urtean hasi zen lanean Kopenhageko Unibertsitatean, eta doktorego-ikasketekin batera Europako proiektuen diseinua eta koordinazioa egin zituen.

2010 eta 2018 urte artean, I+G+b arloko proiektuen aholkulari moduan egin zuen lan, nekazaritzako elikagaien eremuko eskualdeko eta Europako proiektuak diseinatzen, koordinatzen eta kudeatzen.

Hirueleduna da —gaztelera-ingelesa-frantsesa—, eta daniera eta italiera erdizka dakizki.

Bestalde, INTIAko Administrazio Kontseiluak Labore Ureztatuen Zuzendariordetza sortu du, eta horren burua Joaquín Puig Arrastia da, orain arte Nekazaritzako Elikagaien Egituren Aholkularitza arloaren koordinatzailea. Zuzendariordetzak Ureztatzeen Arloari buruzko guztia kudeatuko du, ureztatzaileen Komunitateekiko, emakidadunekiko eta agente sozialekiko harremanak barne, Lurralde Kohesioko eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuekin koordinatuta.

Modu horretan, egungo plantillako bi kidek hartuko dituzte erantzukizun handiagoko karguak. Zuzendariordetza hau sortzearekin, ez da sozietate publikoaren plantilla gehituko.

INTIA, Nekazaritzako Elikagaien Teknologien eta Azpiegituren Nafarroako Institutua

INTIA sozietate publikoa da, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura atxikia, eta Nafarroako Enpresen Korporazio Publikoaren (CPEN) barnean aurkitzen da.

Sozietatearen helburua da transferentzia eta berrikuntza lantzea nekazaritzako elikagaien sektorean, bideragarritasuna nahiz iraunkortasuna hobetzen lagunduaz edota landa-ingurunea bizirik mantentzen lagunduaz, ingurumena errespetatuta eta gizarteari kalitatezko elikagaiak eskainita.

INTIA aitzindaria da Espainian ikerketa aplikatua transferentzia teknologikoarekin batzen eta balio-kate osoan zehaztasunez eta irizpide tekniko independentearekin lan egiten; era horretan, baliabideak ematen ditu 1980az geroztik.

207 pertsonako plantilla du INTIAk, eta, besteak beste, 50 kooperatibarekin, 11.400 nekazarirekin, 1.244 abeltzainarekin, nekazaritzako elikagaien eta industrien 400 enpresarekin nahiz kontseilu erregulatzaileekin eta kalitatezko markekin egiten du lan, Reyno Gourmet marka kudeatzeaz gain.

2019. urtean, 232 landa-entsegu egin ditu, eta I+G arloko 37 proiektutan parte hartu du eskualde-mailan, estatuan nahiz Europan. Horrez gain, azpiegituren proiektuak garatu ditu eta garatzen ditu; esate baterako, Nafarroako Kanala eta bertan Urezta daitekeen Zona.