Descárgate la app
El informe ‘Estudes’ confirma el alto consumo de alcohol entre la juventud navarra, por encima de la media española
2020ko otsailaren 13a
‘Estudes’ inkestaren arabera, Nafarroako gazteen artean alkoholaren kontsumoa altua da, Espainiako batez bestekoaren gainekoa
La encuesta, realizada a estudiantes de entre 14 y 18 años, alerta sobre el incremento de los consumos intensivos y de nuevas posibles adicciones en el uso de internet y del juego con dinero y refleja un descenso en el consumo regular de alcohol, tabaco y cannabis
Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (NOPLOI) eskatutako bigarren hezkuntzako ikasleen droga-erabilerei buruzko ESTUDES 2018/2019 inkestaren Nafarroari buruzko datuek azken 13 urteetako alkohol-, tabako- eta kalamu-kontsumoak islatzen dituzte. Alde batetik, alkohola, 10 ikasletik 4k modu intentsiboan kontsumitua (asteburuetan, jaietan, etab.), oraindik ere da gazte horien arazo nagusia, Espainiako batez bestekoaren gainetik, eta tabakotik eta kalamutik oso urrun. Bestalde, eta atzera begirako ikuspegia hartuz, 2006az geroztik, mendekotasuna sortzen duten hiru substantzia horien kontsumo erregularrak behera egin du.
Drogen erabilerari buruzko 2018/2019 ESTUDES inkestaren arabera, Nafarroari dagokionez, Bigarren Hezkuntzako ikasleak, hots, 14 eta 18 urte artekoak kontuan hartuta, alkoholaren, tabakoaren eta cannabisaren azken urteetako kontsumoei buruzko argazkia berretsi da. Alegia, batetik, alkoholak —10 ikasletatik 7k modu erregularrean eta 10 ikasletatik 4k modu intentsiboan kontsumituta (asteburuak, jaiak, e.a.)— gazteriaren arazo nagusi izaten jarraitzen du, Espainiako batez bestekoaren gainetik, eta tabakoari eta cannabisari erreparatuta, distantzia handiarekin, gainera. Bestalde, ikuspegi dinamikoa hartuta, 2006az geroztik hiru substantzia adiktibo horien kontsumo erregularrak behera egin du.
Azterketari dagokionean, Osasun Publikoak "adiktiboak izan daitezkeen" kontsumo berrien gaineko ohartarazpena egin du; hala nola, dirua erabilita egiten den jokoa (%28,2 presentziala eta %11 lerrokoa) eta Internetaren erabilera konpultsiboa (%16,5), kasu horretan estatuko batez bestekoaren azpitik. Zigarro elektronikoen erabilera ere azpitik aurkitzen da (%10).
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak gaur goizean aurkeztu ditu 2018/19 ESTUDES inkestaren Foru Komunitateko emaitzak; inkesta drogei buruzko Plan Nazionalean kokatzen da, eta Drogen eta Zaletasunen Espainiako Behatokiak egin du. Oraingoan, Nafarroan, 52 ikastetxetako 2.353 ikasleri egin zaie inkesta (773 ikasle eta 18 ikastetxe izan ziren 2016ko Inkestan); beraz, estatistika-potentzia handiagoa eta emaitzen fidagarritasun handiagoa eskaintzen du.
Santos Indurain Osasun kontseilariarekin batera izan dira aurkezpenean Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) zuzendari kudeatzailea, Marian Nuin, eta NOPLOIko Osasun Komunitarioaren Sustapen Zerbitzuaren burua, Mª José Pérez. Indurainek Drogen eta Zaletasunen III. Prebentzio Planeko ikerketa-lanean kokatu du Inkesta, eta, tartean, azpimarratu nahi izan ditu ikastetxeentzat substantziadun eta substantzia gabeko adikzioen gainean egindako gida berria, legedia berria eta egin diren eta burutuko diren sentsibilizazio-kanpainak.
Halaber, Indurainek nabarmendu du adin-tarte horretan, 2006az geroztik lehentasun moduan mantentzen direla tabakoaren, alkoholaren eta cannabisaren kontsumoak, bereziki intentsiboak eta emakume gazteenak, teknologia berrien abusuei eta dirua erabilita egiten den jokoaren garapenari garrantzia eta arreta kendu gabe.
Era berean, Osasun Departamentuko arduradunak adierazi du sozialki jorratzen jarraitu beharra dagoela “gehiegizko kontsumoen aurrean gizarteak eta familiak duen permisibitate eta tolerantzia altua”, batik bat alkoholarena, Nafarroa Espainiako batez bestekoaren gainetik aurkitzen baita, eta “adingabeen eta biztanleria-talde ahulenen kontsumoak bereziki zaindu beharra dagoela”. Indurainek, halaber, eskerrak eman dizkie eta zoriondu egin ditu osasun-arloan inplikaturiko profesional eta agente ezberdinak Osasun Publikoaren arlo garrantzitsu honetan egiten duten prebentzio-lanarengatik.
Marian Nuinek, NOPLOIko arduradunak alkoholaren, tabakoaren eta cannabisaren kontsumoen inguruan ESTUDES inkestan lortutako emaitzak aurkeztu ditu. Azterketaren arabera, 2006tik 2019ra bitarteko denboraldian, substantzia horien kontsumoa jaitsi egin da azken 30 urtetan, eta alkoholari eta tabakoari dagokienean denboraldiko gutxiengoraino iritsi da, eta cannabisaren kasuan gutxiengotik oso hurbil dagoen kopurura. Kontsumitzen hasteko batez besteko adina 14 urte ingurukoa da; cannabisari dagokionean, berriz, zertxobait altuagoa (14,9 urte).
Alkohola, tabakoa eta cannabisa
Alkohola kontsumitzen da gehien Nafarroan 14 eta 18 urte arteko ikasleen artean, beste substantzien aldean. 10 ikasletik ia 7k (%64,7 mutilak eta %66,2 neskak) kontsumitu egin du azken 30 egunetan, eta kopuru horiek Espainiako batez bestekoaren gainetik daude. Hala ere, kontsumo erregular hori %4 jaitsi da 2006tik.
Kontsumo intentsiboei dagokienez, 10 ikasletik ia 4k (%41,2 mutilak eta %42,6 neskak) aitortu du betekada edo binge drinking (5 edalontzi, kaña edo kopa edo gehiago ≤2 orduko denboraldian) egin izana, eta, mozkorraldi kopurua txikiagoa bada ere (%30,3), kezkatzekoa da adin horietan erdiak baino gehiagok bizitzan noizbait mozkortu dela aitortu izana. Eta 3tik ia 1ek 14 urte zituela mozkortu izana adierazi du.
Tabakoa da gehien kontsumitzen den bigarren substantzia maiztasun-ordenaren arabera. Gutxi gorabehera 4tik 1ek (%25,7) tabakoa erre du azken 30 egunetan, eta kopuru hori Espainiakoa baino baxuagoa da. 2016az geroztik, asko jaitsi da (%29,7), baina eguneroko kontsumoa (intentsiboa) %10,1ekoa da (%9,2 neskak eta %11 mutilak), 2016ko zenbatekoa baino apur bat altuagoa (%9,7).
Orobat, cannabisa 5etik 1ek kontsumitu du azken 30 egunetan (%25,3 mutilak eta %15 neskak), Espainiako batez bestekoaren gainetik (%19,3). Kontsumo intentsiboa %4,2koa da (arazoak dituzten kontsumitzaileak edo arrisku handikoak CAST Eskalan (Cannabis Abuse Screening Test), eta hori ere Espainiako batez bestekoa baino zertxobait altuagoa da (%3,4).
Kokaina edo heroina bezalako bestelako substantziek biztanleriaren kopuru oso txikiak hartzen dituzte. Substantzien kontsumoei dagokienez, inkesten bidez egiazta daiteke drogen eta potentzialki adiktiboak diren beste portaeren kontsumoak ez direla bizitza-etapa horretan murrizten, eta biztanleria gazteak, biztanleria heldua erreferentzia moduan hartuta, horren substantzia berak kontsumitzen dituela.
Kontsumo berriak
Nafarroan, azken 30 egunetan, zigarro elektronikoak kontsumitu ditu gazteen %10,2ak (%14,1 mutilak eta %6,5 neskak), baina nagusitasuna Estatuan jasotakoa (%15) baino baxuagoa da. Cannabisa tabakoarekin nahastuta kontsumitu ohi da gehien (%89,5); beraz, cannabisa kontsumitzeko arriskuei tabakoarekin loturikoak gehitu behar zaizkie.
CIUS eskalaren arabera (Compulsive Internet Use Scale), Internetaren erabilera konpultsiboa %16,5ekoa da (%11,3 mutilak eta %21,9 neskak), Estatuko %20koa baino baxuagoa. 14 urterekin, erabilera konpultsiboa %13,7koa da, eta kopurua igotzen doa 16 urtera bitarte, hor jaisten hasten baita. Espainiako zenbatekoak baino baxuagoak izan arren, kezkatzekoa da Interneten helduen orrialdeak zenbat bisitatzen diren (indarkeria, sexua, e.a.). Astean, bisiten zenbatekoa %38,8koa da mutilen kasuan eta %4,4,koa neskei dagokienean.
Nafarroan, bideojokoen erabilera altua da (%79), Espainiako batez bestekoa baino baxuagoa den arren (%82,2). Bideojokoen joko problematikoa ere (%4,5) handiagoa da mutilen kasuan nesken kasuan baino. Joko hori DSMV galdetegiaren bidez neurtu da (Diagnostics and Statistic Manual of mental disorders, bosgarren edizioa).
Diruarekin egiten den joko presentziala %28,2koa izan da 14 eta 18 urte arteko nerabeen artean, azken 12 hilabetetan (%38,8 mutilak eta %17,5 neskak), Estatukoa baino (%22,7) altuagoa. Aldiz, diruaren bidez online egiten den jokoaren nagusitasuna azken 12 hilabetetan %11koa izan da (%18 mutilak eta %4,1 neskak), Estatuko batez bestekoa (%10,3) baino apur bat altuagoa. 2014ko datuekin alderatuta, apur bat igo egin dira bi kontsumoak, mutilen kasuan altuagoa da eta adinarekin gehitzen doa.
Joko-motaren arabera, aniztasuna eta kirol-apustuen maiztasun handiagoa nabarmendu behar dira, joko presentzialean nahiz lineako modalitatean. Modalitate horien eskaintza gehitzen doa azkenaldian eta horri publizitatea eransten badiogu, igoera bultzatu duten faktoreak direla esan daiteke.
Kontsumo intentsiboak eta horien ondorioak
Kontsumo intentsiboei dagokienean, Nuinek adierazi du denboraldi osoan joerak nolabaiteko egonkortasuna erakusten duela betekada edo binge drinking-en kasuan, igoera cannabisari dagokionean eta beherakada tabako eta mozkorraldiei dagokienean, nahiz eta horiek guztiak gora igo 2016tik hona. Kontsumo intentsibo horietan, alkoholari eta tabakoari erreparatuta, neska-mutilak berdintzen doaz. NOPLOIko zuzendari kudeatzaileak gogoratu du kontsumo intentsiboak lotuta daudela bizitzako etorkizuneko etapetako gaixotasunen kausa nagusiekin, nerabezaroko eta gaztaroko istripu eta heriotzekin eta gazteen eguneroko bizimoduan duten eragin negatiboarekin.
NOPLOIko Osasun Komunitarioaren Sustapen Zerbitzuko buru Mª José Pérezek azaldu du “erretzeko modu berriak (zigarro elektronikoak) edota Internetaren, bideojokoen eta diruarekin egiten den jokoaren (bereziki online jokoa) gehiegizko erabilerak erakargarri edo kalterik egiten ez duten moduan aurkezten direla, eta benetan kaltegarriak direla. Beraz, garrantzitsua da “kontsumo horiei ere arreta eskaintzea”. Halaber, adierazi du, egun ditugun azterketa zientifikoen arabera, zigarro elektronikoek arnasbideetan kalteak eragiten dituztela, intoxikazioak eta bestelako kontrako efektu latzak ere bai substantzia kantzerigenoak izateagatik likidoetan, lurrunean eta botatzen dituzten partikuletan. “Tabakoa eta cannabisa elkarrekin erretzeak arriskuak gehitzen ditu, eta are handiagoak iragazkirik gabe erretzen badira”, adierazi du.
Internetaren gehiegizko erabilerari dagokionean, Osasun Komunitarioaren Sustapeneko arduradunak azaldu du eskolan emaitza txarrak ekar ditzakeela, isolamendua, sedentarismoa, trebetasun sozialak murriztea, errealitatearen ikuspegi desitxuratua izatea edota baita mendekotasuna ere. Joko problematikoak arazoak eragin ditzake bizitzako edozein arlotan: psikologikoa, fisikoa, soziala eta bizitzan norberak duen proiektuan bertan.