2020ko otsailaren 10a

Landa Garapenak 341.000 euro jarri ditu nekazaritzako elikagaien enpresek azoka komertzialetan parte har dezaten

Deialdian honako azoka hauek sartzen dira: Salón de Gourmets, Alimentaria, Barcelona Wine Week, Organic Food Iberia, Prowein eta Fruit Attraction

Nafarroako Gobernuak, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren bitartez, 341.000 euroko laguntzen deialdia onartu du eraldaketaren eta komertzializazioaren sektorean lan egiten duten nekazaritzako elikagaien enpresek, arrantzan eta akuikulturan aritzen direnak kenduta, azoka komertzialetan parte har dezaten.

Horrela ageri da Landa Garapeneko zuzendari nagusiak emandako eta gaur, astelehena, otsailak 10, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako ebazpenean.

Eskaerak aurkezteko epea asteartean, otsailak 11, hasi eta maiatzaren 31 bitartekoa izango da.

Deialdi honen xedeko azokak honako hauek izango dira: Prowein, Salón de Gourmets, Alimentaria, Barcelona Wine Week, Organic Food Iberia eta Fruit Attraction. Azoka horietan parte hartzearekin zuzeneko lotura duten gastuetarako diru-laguntza eskuratu ahal izango da; hots, standak edo modulu estandarra kontratatzea, lurzorua, muntaketa-lanak, zerbitzuak, jarduerak, zona komunak eta kudeaketa-gastuak barne.

Onuradun bakoitzari azokan parte hartzearen izenean aurkeztutako fakturaren zenbatekoaren %70a aplikatu ahal izango zaio (faktura erakunde antolatzaileak egin beharko du). Onuradun eta azoka bakoitzeko, laguntza gehienez 8.000 eurokoa izango da eta onuradun eta deialdi bakoitzeko laguntza gehienez 16.500 eurokoa.

Azoka komertzialetan parte hartzea kalitatezko produkzioak sustatzeko eta horien ezagutza hedatzeko tresna nagusietariko bat da, eta eraginkorragoa izaten da operadoreek taldean parte hartzen badute. Modu horretan, banako produkzioak, kalitate bereiztukoak eta operadore horiek batutako marka kolektiboak azpimarratzen dira. Horrela, Nafarroa nekazaritzako kalitatezko elikagaien lurralde-erreferentzia moduan indartuko da.