Descárgate la app
Kultura eta Eskubide Sozialetako Departamentuek sormen- eta kultura-industriak sortzeko eta hazteko programa bat abiarazi dute
2020ko otsailaren 6a
Kultura eta Eskubide Sozialetako Departamentuek sormen- eta kultura-industriak sortzeko eta hazteko programa bat abiarazi dute
Kirol eta Kultura zein Eskubide Sozialetako Departamentuek, Nafar Lansareren bidez, "Moldatuz/Adapta 20.30: sormen- eta kultura-industriei ekitea" ikastaro berria jarri dute abian, sektore horretan enpresak sortzen eta hazten laguntzeko.
Ikastaroa indarguneak eta sormen-bertuteak lanbide bilakatu nahi dituztenentzat nahiz programa kulturalak garatu nahi dituztenentzat da. Asko aldatzen den eta oso zorrotza den ingurunerako profesionalki prestatu behar dutenez eta eredu klasikora baino gehiago enpresa emergente edo start up batera hurbiltzen diren gaitasunak garatu behar dituztenez, prestakuntza-programa “berria eta berritzailea” izango da, 180 ordukoa, eta zortzi astetan garatuko da, martxoaren 2tik apirilaren 28ra, metodologia aktiboak erabiliaz.
Ikuspegi estrategikoa, ekonomikoa, enpresa-plana, marketinga edo proiektuen ezarpena bezalako eremuetako prestakuntza espezializatuaz gain, proiektu errealen gaineko erronka eta prototipo ezberdinak garatuko dira, tutorizazio eta laguntza eta guzti.
Izena emandako pertsonek sormenerako espazioa izango dute, erakusketa egiteko galeria eta coworkingerako gunea talde-lana egiteko. Horrez gain, ‘master class’ saioak jasoko dituzte ospe handiko profesionalen eskutik.
Interesatuek izena eman dezakete www.empleo.navarra.es helbidean (Prestakuntza atala) eta enplegu-agentzietan. Beranduago, hautapen bat egingo da.
NEZ-NLko zuzendari kudeatzailea den Mirian Martonek Kulturako zuzendari nagusia den Ignacio Apezteguiarekin batera prentsaurrekoan azaldu duenez, ikastaroa neurrira diseinatu dute eskaera sektorialei erantzuna ematearren: gero eta gehiago dira sormenarekin eta bide berriekin loturiko enpresak, eta gero eta paper sozial eta ekonomiko garrantzitsuagoa dute; jabetza intelektualak BPGdn %3,3ko inpaktua duela kalkulatzen da.
“Enpresen kokapenerako ere erabakigarriak dira. Industria sortzaileak eta kulturalak sektore estrategiko bilakatzen ari dira produkzio-garapenerako, lehiakortasunerako eta enplegurako, eta gizarte-konexioa, aniztasunaren sustapena, informazioaren eta ezagutzen zirkulazioa eta balioaren sorrera bultzatzen dituzte”, azaldu du Apezteguiak.
Baina prestakuntza hobetu beharra dago sormen eta kultur industrietako langile horiei trebetasunak eman eta teknologia berrietara egokitzeko. Beraz, hor Nafarroako Gobernuak esku hartuko du, enpresen potentziala eta berrikuntza bultzatzearren: “Industria horren barruko produktuekin eta zerbitzuekin zerikusia duten jarduera guztiek kudeatzeko eredu berriak eta eraginkorrak eskatzen dituzte. Modu horretan, metodologia arin horien bitartez, ikasleek etorkizuneko aukerak ikustea nahi dugu, kultur arloko enpresa-ehunean pixkanaka irtenbideak sortuaz”, azaldu du Martonek.
Enplegurako prestakuntzaren eremuan Espainian sortutako era horretako lehen programetako bat da. Gainera, NEZ-NLk Estatuko Enpleguaren Sektore Publikoan (SEPE) katalogatu du espezialitatea, Estatu osoan emateko aukera izan dadin, lehen edizio hori ebaluatu eta gero.
Aurkezpenaren prentsaurrekoan izan dira, baita ere, Alberto García (La Fábrica de Gomas lantegiko kudeatzailea) eta Blanca López Larramendi, kultur arloko kudeatzailea.
Sormen- eta kultura-industriak, NEZ-NLren apustua
Ikastaroa NEZ-NLk sustatzen du Kultura eta Kirolarekin elkarlanean, “Moldatuz/Adapta 20.30” lerroaren barnean, politika publiko sektorialen garapena Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin bultzatzeko, Espezializazio Adimentsuaren Estrategiaren – SKIak Nafarroako apustu estrategikoaren sei sektoretako bat dira- eta 2030 agendako helburuen esparruan.
Duela bost urtetik hona eta sormen eta kultur industrien sektorea hazten ari dela ikusita, NEZ-NLk arlo horretako prestakuntzaren aldeko apustua egin du. Zehazki, langabeen prestakuntzaren %10 inguru arlo horretan kokatzen da, eta batik bat Iturrondon eman dira honako hauek: entretenimenduko industriaren sustapena eta kudeaketa, emanaldi eta ikuskizunen produkzioko espezialista, finantzaketa kolektiboa edo crowfounding, ikuspegi estrategikoa, marka-posizionamendua eta 3D Animazioarekin loturiko espezialitateak.
Ikastaroaren dinamika
Ikastaroa 15-20 ikaslerentzat antolatu da, eta ondorengo sormen-sektoreetan edo kulturaren produkzio eta kudeaketako sektoreetan kezkak edo lan-ibilbideak dituzten pertsonentzat izango da: arte grafikoa, ikusmen-arteak (galeriak, erakusketak) eta arte eszenikoak (dantza, antzerkia eta zirkoa); diseinua (moda, produktuak, espazioak); ikuskizunen eta saioen ekoizpena; animazioa, web zerbitzuak eta edukiak edo bideojokoak; musika-industria; ikus-entzunezko produkzioa, zinema, irratia, publizitatea, bideoa, argazkigintza, telebista, transmedia edo edizioa (liburua, prentsa, e.a.).
Astelehenetan, asteartetan, asteazkenetan eta ostegunetan egingo da 09:15etik 13:30era Iturrondon, eta astelehen eta asteazken arratsaldetan, 16:15etik 19:15era, La Fábrica de Gomas gunean; hots, pertsona ezberdinen proiektuak integratzea errazten duen lekuan. Proposaturiko ordutegiarekin, ikastaroa eta familia bateragarri egin nahi dira edota jarduera profesionalekin jarraitzeko aukera eskaini.
Prestakuntza-programan, honako hauen ezagutzen modulu ezberdinetako ibilbidea egin nahi da: estrategia, ikuspegi ekonomikoa - eta finantza-arlokoa (fiskalitatea, jabetza intelektuala); garapen komertziala, marketinga eta komunikazioa (mezenasgoa, finantzaketa kolektiboa edo crowfounding, kontsumo-ohiturak, proiektuaren salmenta, sare sozialak); ekintzailetza eta enpresa-plana (negozio-ereduak, finantzaketa, e.a.); eta proiektuen ezarpena.
Eduki teknikoko moduluak, berriz, astero osatuko dira arratsaldez egingo diren bi saiotan, tailer eta talde-lan gisa, dinamika aktiboak eta parte-hartzaileak jorratuta, pertsona bakoitzaren eta taldeen ezaugarri espezifikoak sakontzearren. Pertsonen bilakaera hobea eta handiagoa lortu nahiko da, gaitasun profesionalak garatu ditzaten. Metodologia arinak erabiliko dira, nagusiki praktikoak, erronkara bideratuak. Sormen eta prototipatze faseetan, ikasleek aholkularitza pertsonala jasoko dute ikastaroen tutoreen nahiz hautatutako gaiaren arloko espezialisten eskutik.
Bi proiektu erreal ezarri dira taldean egiteko eta goi-mailako gaitasunak garatzeko (lidergoa, taldea, komunikazioa, ikaskuntza, autonomia, arazoen konponbidea, bezeroarenganako orientazioa,…). Horrez gain, parte-hartzaileek ikaskuntzaren kontratua, ikasketen eta gaitasunen katalogoa eta egindakoen eta erronken porfolioa sortuko dituzte. Amaitzeko, Espezialitate Amaierako Lan bat egitea proposatzen da, bakoitzaren interesaren arabera.
Gehigarri gisa, master class zikloa programatuko da honako hauek bezalako profesional eta sortzaile ospetsuekin: Silvia Lidner (Errioxako WURTH Museoko zuzendaria), Robert Muro (Asimetrika) eta Pablo Berástegui (kultur arloko kudeatzailea). Saio horiek irekiak izango dira interesatuentzat, sektoreko profesionalentzat edota NEZ-NLk Adapta/Moldatuz 20.30 programaren barruan sustatzen dituen beste prestakuntza-prozesu batzuetan parte hartzen dutenentzat.
Prestakuntza-prozesua honako hauek osatutako klaustroak emango du: Javier Lacunza (NICDOko zuzendari kudeatzailea), Estefanía Nicolás (Brandok), Maria Beunza (Happeninn Innovación), Candela Martinez (ARPA), Jorge Santos (ARPA), Joseba Carricas (Ingeniaria), Carlos Mangado (CM), Iranzu Velasco (Kazetaria), Marta Aguado (CM) edo Anne Kurzweg (kultur arloko kudeatzailea).
Informazio gehiago nahi izanez gero, mezua bidal dezakezu helbide honetara: adapta2030.TICC@gmail.com.