Osasun Eskolak 14 ikastaro eskainiko ditu martxotik maiatzera adineko, guraso eta gaixotasun kronikoak dituztenentzako

Osasun Eskolak 14 ikastaro eskainiko ditu martxotik maiatzera adineko, guraso eta gaixotasun kronikoak dituztenentzako

Osasuna sustatzeko proiektuak 300 plaza ditu eta ekintzak Nafarroako 11 herritan gauzatuko dira

2020/02/05

Osasun Eskolak, Nafarroako Lan eta Osasun Publikoko Osasunerako Sustapen Arloak koordinatutako proiektuak, 2020ko lehen seihilerako 14 ikastaro antolatu ditu adineko, guraso eta gaixotasun larriak dituztenentzako.

Ikastaro horietan 300 plaza eskainiko dira, eta aurreikusitako ekintzak Nafarroako hamaika udalerritan eginen dira: Andosilla, Eulate, Jauntsarats, Ledea, Lodosa, Irunberri, Murchante, Pamplona/Iruña (lau lantegi izanen dituena), Noain eta Beriain ingurua, San Martin Unx eta Viana.

Hiru eskolak osatzen dute Osasun Eskola: Gaixo Eskola, udaberriko sasoi honetan sei lantegi izanen dituena; Adinekoen Eskola, sei izanen dituena halaber; eta Guraso Eskola, bi ikastaro eskainiko dituena, horietako bat Noain eta Beriain inguruko hartzaile espezifikoentzat mugatua, oinarrizko gizarte-zerbitzuekin lankidetzan eta eskualdeko osasun-zentroan. Eskolako ikastaro guztiak NOPLOIk antolatu ditu, osasun-zentroen, gizarte-zerbitzuen, udalen eta tokiko elkarteen laguntzaz.     

Osasun Eskola proiektua 2015ean jarri zen abian, beren bizitzetako hainbat etapatan dauden eta askotariko osasun-arazoak dituzten pertsonen osasuna eta beren buruei eskaintzen dieten zaintza hobetzeko asmoz. Aukera dago,  www.escueladesalud.navarra.es  webgunearen bitartez, aurreko edizioetan parte hartu dutenen bizipenak kontsultatzeko; pertsona horiek, besteak beste, nabarmendu egiten dituzte jasotako trebakuntza, partekatutako bizipenak, egoera berdinean dauden pertsonak ezagutzeak ekarri dien laguntza eta osasunean pertsonalki partaide izatea.

Osasun Eskolaren irakasle kolaboratzaileek emanen dituzte ikastaro-saioak, hau da, eremu sozio-sanitarioko langileek, gaitz kronikoak dituzten pertsonek, adinekoek eta gurasoek. Ikastaroen barnean hausnarketa-saioak, eztabaidak, erakusketak eta ariketak daude, bai banaka bai taldeka egitekoak. Izena eman daiteke jadanik Internet bidez, edo 848 42 34 50 telefono-zenbakira deituz 08:00etatik 15:00etara. 

Webgunearen eta Osasun Departamentuaren sare sozialen bidez (Twitter eta Facebook) jakinaraziko dira ikastaroen datak, aurreikusitako ordutegiak eta edukiak. Bakoitzean 22 lagunek parte hartzen ahal izanen dute. Hamaika ikastaro arratsaldez eginen dira, eta bi goizez. Lehenbizikoa martxoaren 2an hasiko da eta azkenekoa maiatzaren 20an bukatuko da.  

Gaixo Eskola

Gaixo-elkarteekin lankidetzarekin, eta osasun-zentroetan jada egiten diren ekintzen osagarri, eskola honek gaitz kronikoak dituztenen osasuna eta ongizatea sustatzen ditu, baita dementziadun senideak zaintzen dituztenena ere. Kasu honetan lau lan-saio ditu ikastaro bakoitzak.     

Programazioaren barnean Gaitz kronikoak dituztenentzako elikadura osasungarriari buruzko ikastaro bat izanen da martxoan, 2 motako diabetesa dutenentzat elikadura eta ariketa fisikoari buruzko beste bat, martxo-apirilean, eta beste bat apirilean, Gaixotasun kronikoak onartzeaz, diabetesa, iktusa, giltzurrunetako gutxiegitasuna, bihotzekoa, fibromialgia, esklerosi anizkoitza, parkinsona edo artritisa dutenentzat. Iruñean eginen dira guztiak. Gainera, beste hiru ikastaro antolatu dira, Zaintzea eta norberaren burua zaintzea goiburuarekin, Alzheimerra eta beste zenbait dementziadun senideak zaintzen dituztenentzat. Martxo eta apiril artean Vianan, apirilean Lodosan eta maiatzean Iruñean emanen dira azken horiek.        

Adinekoen Eskola

Adinekoen Eskolak, bere aldetik, 60 urtetik gorakoentzako bi ikastaro-mota eskaintzen ditu. Batetik, Osasunez zahartu, zaharkitze aktibo eta osasungarria sustatzeko, gorputza, adimena, harremanak eta ingurua zainduz. Hiru edizio eginen dira, eta horietako bakoitzak lau lan-saio izanen ditu: Andosillan (apirilean), Eulaten (apirilean ere bai) eta Jauntsaratsen (maiatzean).      

Bigarren atala Afektibitatea eta sexualitatea ikastaroek osatzen dute. Bizitzaren etapa horretan sexualitateari eragiten dioten testuinguru sozialaren faktoreez hausnarketa sustatzea da xedea. Kasu honetan, trebakuntza saio bakarrean eginen da, Murchanten (apirilaren 27an), San Martin Unx (maiatzaren 5ean) eta Ledean  (maiatzaren 13an).     

Gainera, Adinekoen Eskolaren barnean zine-forumeko hiru saio egitea aurreikusi da, oraingoz zehazteke dauden hiru tokitan. Zine-forum horietan Marian Gerrikabeitiak zuzendutako ¿A dónde vamos? dokumentala emanen da. Ekimen horrek zahartzarora iristen diren pertsonen rolaren garrantzia azpimarratzen du, eta 60 urtetik gorakoei zein beste ikusle batzuei zuzentzen zaie.

Guraso Eskola

Guraso Eskolak bi ikastaro eskainiko ditu, gurasoei hezten eta babesten laguntzeko. Hala, bizipenak elkarrekin partekatu eta seme-alabak zaintzeko eta hezteko baliabideak garatzen ahal izanen dituzte, gaur egungo gizarte-testuinguruan beren trebetasuna handituz.   

Arestian aipatutako hartzaile espezifikoentzako ikastaroa izanen da Noain eta Beriain inguruan, eta beste bat, 3 eta 12 urte bitarteko haurren gurasoentzat, ikastaro-denboraldi honi hasiera emanen diona. Irunberrin eginen da, martxoaren 2tik aitzin.  

Ikastaroetan izena emateko: