Descárgate la app
Foruzaingoak 1.452 kontrol egin zituen N-121-A errepidean 2019an, iaz baino 259 gehiago
2020ko otsailaren 4a
Foruzaingoak 1.452 kontrol egin zituen N-121-A errepidean 2019an, iaz baino 259 gehiago
Foruzaingoko Trafiko eta Bide Segurtasuneko Arloak iaz kontrol gehiago egin zituen 121-A errepidean. 2019an, 1.452 kontrol egin ziren, 2018an baino 259 gehiago. Gainera, Belateko tunelen itxiera kanpaina kontuan hartzen ez bada, 2018tik 2019ra 571 kontrol gehiago izan dira.
Foruzaingoak 2019an egindako kontroletatik 422 zaintzako gailu egonkorrekin burutu ziren (ezbehar-tasarekin zuzenean lotutako puntuetan eta ordutegi-tarteetan), 255 kontrol alkoholemiarenak izan ziren, 247 dokumentazioarenak, 142 drogen kontsumoa detektatzekoak, 135 garraioa pisatzekoak, 107 abiadura-radarrekoak eta beste 144 beste kanpaina batzuetakoak.
Azken urtean, bolantean drogen kontsumoa detektatzeko kontrol gehiago egin ditu Foruzaingoak; hots, 2018an 16 kontrol eta 2019an 142. Halaber, alkohola detektatzeko kontrol gehiago egin dira, 2018an 120 eta iaz 255.
Bideko salaketa-kopuruak gora egin du
Iazko urtean, 121-A errepidean, guztira 4.205 salaketa jarri zituen Foruzaingoak, 2018an baino 321 gehiago, 3.884 salaketa izapidetu baitziren. 2017. urtean, berriz, 2.039 salaketa egin zituen Foruzaingoak eta 2016an 3.721.
2019ko 4.205 salaketatatik, 3.029 baimendutako abiadura gainditzeagatik jarri ziren eta 1.176 beste arrazoi batzuk medio: 216 seinaleak ez errespetatzeagatik, 204 drogen kontsumoarengatik, 62 alkoholemian positibo emateagatik, 69 bolantean distrakzioak izateagatik, 59 eusteko sistemak jarrita ez edukitzeagatik eta 15 baimendu gabeko aurreratzeak egiteagatik.
Adimen artifizialaren proiektu pilotua
Foruzaingoak jarduera gehiago egin ditu azken urteetan 121-A Nazionalean, patruilatze proaktiboa egiteaz gain. Foruzaingoaren presentziari esker, gidariek arreta gehiago jartzen dute, eta, beraz, kontrol inguruan arrisku-jarrerak gutxiagotzen laguntzen du. Hala ere, Foruzaingoak nahiz Barneko Zuzendaritza Nagusiak bide-segurtasunean zeharka lan egiten dute, ezbehar-tasan faktore askok eragina dutela jakin baitakite: trazatua, bidearen egoera, klimatologia, trafikoaren dentsitatea, parke mugikorra, e.a.
Bide-segurtasuna ez da zientzia zehatz bat, eta gizakiaren faktoreak eragina izaten du errepideko heriotza-istripu gehienetan; ondorioz, kontuan izan behar da aurreikuspen-gabeziaren portzentajea.
Hori dela-eta, Barneko Zuzendaritza Nagusiaren nahiz Foruzaingoaren ustez, beharrezkoa da gizarte zibila sartzea eta ezbehar-tasa eteteko teknologiak ematen dituen aurrerapenak aplikatzea.
Gaur egun, proiektu pilotua abian jartzeko lanean ari dira, errepide horretan ezbehar gehienak izaten diren zatia aztertzearren (6. zatia: Berako harrobia-Endarlatsa). Kamera eta teknologia artifizialaren bitartez, bidea ikusi nahi da denbora errealean gidarien jarduera-arauak ezartze aldera. Abiadura, ibilbidea, klimatologia, e.a. bezalako faktoreek informazio gehiago eskuratzeko aukera ematen dute, eta, era horretan, ezbehar-tasa murrizten laguntzea espero da.
Horrez gain, Foruzaingoa gizartea sentsibilizatzeko lanetan dabil bide-hezkuntzaren bitartez, ikasleei eta taldeei mugikortasunari buruzko trebetasunak erakusten eta bolantean zuhurtziarik gabe ibiltzeak ekar ditzakeen ondorio larriak gogorarazten.
31 hildako 2010az geroztik
Prebentzio-lanean beste faktore garrantzitsu bat ezagutza da; hau da, bideko ezbehar-tasaren ezaugarriak ahalik eta ondoen ezagutzea.
N-121-A errepidea Nafarroako errepideen sare nagusiko bidea da, ezbehar-tasa gehienekoa, urtean batez beste 125 istripu izaten baitira, eta Foruzaingoa bertako ezbehar-tasaren datuak aztertzen ari da aspaldiko urtetan.
2010. urteaz geroztik, 31 pertsona hil dira 23 trafiko-istriputan N-121-A errepidean. Istripu gehienetan, mugimenduan dagoen ibilgailuaren eta geldirik dagoen beste baten arteko talka izan da arrazoia edo aurrez aurreko kolpea (mugimenduan dauden bi ibilgailurena), orokorrean aurreratze oker batengatik, bidetik irteteagatik edo kontrako erreia inbaditzeagatik.
Ezbehar-tasari oro har erreparatuta, 2010. urtean 123 istripu izan ziren, 135 2011n, 114 2012an, 139 2013an, 122 2014an, 109 2015ean, 128 2016an, 140 2017an, 137 2018an eta 154 2019an.
Foruzaingoak N-121-A errepidean 2010-2018 urte artean izandako ezbehar-tasari buruz egindako txostenean, istripu-tasa orokorra aztertzen da bideko zatien arabera. Txostenean esaten da 6. zatia (4,9 kilometrokoa Berako harrobitik Endarlatsaraino) dela batez beste ezbehar gehien dituena, kilometro bakoitzeko 33 istripurekin eta guztira 163 istripurekin (3 hildako). Zati laburra da, eta ia erdia 2+1 erako trazatua da. Zati honetan aipatzekoak dira bidetik irteteagatik, aurre eta alboko, aurreko eta alboetako talkengatik gertatutako istripuak.
Ezbehar-tasa handienari erreparatuta, jarraian 1. zatia dago (11,3 kilometro Ezkabarteko tuneletik Burutaingo gasolindegira), batez beste kilometro bakoitzeko 25 istripurekin eta guztira 283 istripurekin (6 hildako 2010-2018 denboraldian).
2010-2018 urteei buruzko txosten honen arabera, N-121-A errepidean ezbehar gehien izandako asteko eguna asteartea da eta hilabetea, berriz, urtarrila. Istripu-motaren arabera, zati guztietan, ohikoena bidetik irtetea izan da, baina ondorio larriagoak aurre eta alboko talkek edo harrapatzeagatik gertatutakoek utzi dituzte.
Era horretako txostenei eta ezbehar-tasaren azterketari esker, Foruzaingoak eta Barneko Zuzendaritza Nagusiak ondorioak atera ditzake eta patruilatzea, kontrolak eta kanpainak modu egokiagoan diseinatu ezbehar-tasa gehieneko puntuetan.
2020. urtean, Foruzaingoak N-121-A errepidean egoten jarraituko du, Guardia Zibileko Trafiko Taldearekin batera, eta patruilatze-kopurua gehituko du hala behar izanez gero. Gainera, prebentzio-arloan lan egiteko konpromisoari eutsiko dio, ezbehar-tasa epe ertain eta luzera murriztearren.
Foruzaingoak gidari guztiei deia egiten die abiadura egokian ibil daitezen eta bideko seinaleak eta mugak errespeta ditzaten, zuhurtziarik gabe gidatzeak eta bolantean adi ez ibiltzeak ekar ditzakeen ondorio larriak gogoraraztearekin batera.