2020ko urtarrilaren 28a

Nafarroak norabide bakarrera mugatuko ditu N-121-A errepideko hiru erreiko zatietako aurreratzeak, ezbehar-kopurua murriztearren

Oraingoz kamioien igarobidea murriztea baztertzen da, murrizteko edozein jarduerak behar bezala motibatuta egon behar duelako, eta nabarmendu behar da Foruzaingoaren txostenen arabera azken 4 urtetan hildakoak eragindako istripuetatik batean bakarrik kamioiarena izan dela erantzukizuna

Nafarroako Gobernuak zenbait neurri hartuko ditu N-121-A errepidean segurtasuna hobetzearren. Horrela, N-121-A errepidean ezbehar-tasa murrizteko, hauek izango lirateke jarduera nagusiak, errepidea etorkizunean 2+1 bide bilakatzeko zain gauden bitartean: hiru erreiko zatietan aurreratzeak norabide bakarrera mugatzea, DGTeri radar finkoak jartzea eskatzea, poliziaren presentzia indartzea patruilatze proaktibo eta guzti, kontzientzia hartzeko eta bide-segurtasunerako kanpainak egitea, proiektu pilotua abian jartzea bidea kameren eta adimen artifizialaren bidez aztertzeko, seinaleztapen horizontala eta bide-zorua berritzea edota tuneletan argiak hobetzea.

Nafarroako Gobernuko lehen lehendakariordeak eta Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko kontseilariak, Javier Remirezek, eta Lurralde Kohesiorako kontseilariak, Bernardo Cirizak, gaur goizean neurri horien berri eman diete Baztan, Bera, Ezkabarte, Lesaka, Doneztebe eta Igantziko Udaletako alkateei, eta bilera horretan izan dira, baita ere, Barneko zuzendari nagusi Amparo Lopez, Herri Lan eta Azpiegituretako Pedro Lopez eta Garraioetako Berta Miranda. Halaber, N-121-A errepidea hobetzeko bestelako proposamenak jasotzeko eta aztertzeko erabat prest daudela azaldu diete, eta bi aldeek komunikaziorako eta lankidetzarako bideak irekita izateko konpromisoa hartu dute.

Aurreratzeak mugatzea hiru erreiko tarteetan

Nafarroako Gobernuak norabide bakarrera mugatuko ditu aurreratzeak N-121-A errepideko hiru erreiko zatietan, ezbehar-tasa murrizte aldera. Modu horretan, hiru erreiko zati horietan, soilik aurreratzeko aukera izango dute bide moteleko norabide berean doazen ibilgailuek.

Foruzaingoaren Trafiko eta Bide Segurtasun Arloak N-121-A errepideko istripu-tasari buruz egindako txostenen arabera, arrisku-egoerak sortzen jarraitu da erdiko erreian eta kontrako norabideetan aurreratzean egokitutako ibilgailuen artean. Hori dela-eta, aurreratze horiek mugatzea pentsatu da. Horrez gain, nabarmendu behar da kasu askotan arrisku-egoera horiek medio, ibilgailuak bidetik irten direla eta aurre eta alboko talkak, aurrekoak edota albokoak gertatu direla.

Neurri horri esker, funtzionamendu homogeneoagoa emango zaio bideari, eta Iruñako noranzkoan ezingo da aurreratu puntu kilometriko hauen arteko tarteetan: 17+900 eta 18+450, 20+720 eta 21+240 eta 26+120 eta 27+130; gauza bera izango da Behobia noranzkoan, puntu kilometriko hauen arteko tarteetan: 37+000 eta 37+590, 48+240 eta 48+730 eta 66+160 eta 66+540.

Radar finkoak jartzeko eskaera eta adimen artifizialaren proiektua

Nafarroako Gobernuak radar finkoak jartzeko eskatuko dio Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari errepide horretako 1 eta 6 tarteetan, ezbehar-tasa gehienekoak izateagatik.

Modu berean, poliziaren presentzia indartzea aurreikusten da patruilatze proaktiboaren bitartez; hau da, zaintzako gailu egonkor eta dinamikoak erabilita. Foruzaingoak 1.452 kontrol egin ditu guztira 2019an N-121-A errepidean (aurreko ekitaldian 1.193 kontrol izan ziren).

Bestalde, eta teknologiak eskaintzen dituen aurrerapenak aprobetxatuaz, proiektu pilotu bat abian jartzeko aukera aztertzen ari dira, kameren eta adimen artifizialaren bitartez errepidea aztertu eta denbora errealean eta ondoren jarduera eta ibilgailuen portaerak ikus ahal izateko. Abiadura, ibilbidea, klimatologia bezalako faktoreak eta bestelako datuak gurutzatzeak informazio hobea eskuratzen lagunduko du, ezbehar-tasa murriztu ahal izateko neurriak etorkizunean hartze aldera.

Poliziaren presentzia areagotzeaz gain, bide-segurtasuna zeharka landu behar da, gizarte zibila tartean sartuaz. Ildo horretan, kontzientzia hartzeko eta bide-segurtasunerako kanpainak bultzatuko dira zonan, eta tartean dauden agente ezberdinak horiek ezartzera animatuko dira.

Bestelako hobekuntza-jarduerak kontserbazio-arloan

Seinaleztapenaren ikuspena hobetzeko xedearekin, seinaleztapen horizontala erabat ordezkatzea aurreikusten da datorren asteetan, ardatzean zein alboetan, N-121-A errepidearen 62,87 kilometroko luzeran zehar.

Pintaketaren zabalera 0,15 metrokoa izango da (egun 0,10 metrokoa da). Ildo horretan, Nafarroak aurre hartuko die Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendaren Ministerioaren etorkizuneko gidalerroei.

Era berean, behin neguko bidezaintza kanpaina amaituta, Herri Lanen Departamentuak asmoa du bide-zoladura fresatzeko eta berritzeko N-121-A errepideko hainbat tarteetan, 25+990 eta 68+440 puntu kilometrikoen artean. Jarduera horri esker, marruskadura-koefizientea eta erregulartasuna hobetu ahal izango dira.

Horrez gain, Nafarroako Errepide Sarean tuneletako argiak hobetzea eta gehitzea da Lurralde Kohesiorako Departamentua garatzen ari den beste jarduera-ildo bat. Zehazki, egungo VSAP (Sodio-lurruna) argien ordez LED argiak jartzen ari dira. Azken bonbilla-mota horiek argi gehiago egiten dute, gehiago irauten dute eta kontsumo energetiko txikiagoa eskatzen dute.

Pixkanaka-pixkanaka Belateko eta Almandozko tuneletan argiak aldatzea aurreikusten da. 2018ko amaieraz geroztik, guztira 358 argi aldatu dira N-121-A errepideko zazpi tuneletan (Oieregi, Sunbilla, Larrakaitz, Bera, Arrigaztelu, Amixelaieta eta Basataundi) eta PA-30eko errepideko bi tuneletan (Ezkaba).

Oraingoz kamioiak mugatzea baztertzen da

Foruzaingoaren txostenen arabera, azken lau urteetan, 17 hildako eragindako 12 istriputatik soilik batean izan da kamioi baten erantzukizuna. Kasu horretan, gainera, kamioia bera bidetik irten eta zuhaitz baten kontra joan eta su hartu zuen; alegia, ez zen tartean beste ibilgailurik izan.

Denboraldi horretako heriotza-istripu gehienetan, arrazoia talka (ibilgailu bat mugimenduan eta bestea geldirik) edo aurrez aurreko kolpea (bi ibilgailuak mugimenduan) izan zen, orokorrean aurreratze okerren, bidetik irtetearen edo kontrako erreia inbaditzearen ondorioz.

Gogoratu behar da Administrazioaren edozein jarduera mugatzaile behar bezala arrazoituta egon behar duela; bestela, arbitrariotasuna izan daitekeelako. Hori dela-eta, Nafarroako Gobernuak oraingoz alde batera uzten du N-121-A errepidean kamioien zirkulazioa murrizteko aukera.

Foru exekutiboak, gainera, kontuan hartzen du jurisprudentzia berria. Auzitegi Gorenak Errioxako N 232 errepideko zatian kamioien zirkulazioa murriztearen aurrean 2019ko uztailaren 4ko epai batean ondorengoa adierazi zuen: “kutsadura akustikoaren, trafikoaren metaketaren eta errepide konbentzionaletako ezbehar-tasaren behin-behineko nabarmentasuna ez da nahikoa berez” era horretako neurri bat adosteko. Auzitegi Gorenak adierazten duenaren arabera, “trafikoaren pilaketa, hots, trafikoa oztopatzea ibilgailuak pilatzeagatik, gidarientzat oso desatsegina izan arren, ez da errepideko ezbehar-tasa altuaren gauza berdina, horrekin trafiko-istripuak eta horren ondoren pertsonentzako emaitza hilgarriak eta kaltegarriak aipatzen baitira”.

Modu berean, Auzitegiak adierazten du, mugatzea dela-eta garraio-enpresek nahitaez ordainpeko autobidera jo behar badute, tartean hobariak izan arren ere, egiaztapen bat beharko litzatekeela. Horrez gain, epaian Auzitegi Gorenak dio kamioien igarobidea mugatzeak “karga ezartzen zaion ibilgailu-multzo jakin baten zirkulazio librearen murriztapena” dakarrela, eta “eskakizun horrek justifikatuta egon behar duela adostutako neurriak lortu nahi den helbururako egokienak direla egiaztatzen duten azterketa egokien bitartez”.