Descárgate la app
Chivite Lehendakariak Nafarroak aurten Enplegu Plana izatea espero du
2020ko urtarrilaren 17a
Chivite Lehendakariak Nafarroak aurten Enplegu Plan bat izango duela uste eta nahi duela adierazi du
Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak, Foru Komunitateak aurten, garapen ekonomikoa eta kalitatezko enpleguaren sorrera bermatuko dituen Enplegu Plan bat uste eta nahi duela adierazi du.
Maria Chivite Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren Osoko Bilkuraren buru izan da. Bilera gaur egin da, Nafarroako Jauregian, eta dokumentuaren edukiak, hura egiteko printzipioak eta metodologia, lan-batzordeak eta lantzeko egutegia ezarri dira bertan.
Bileran, lehendakariaz gain, Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilaria eta Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako Kontseilaria egon dira, Foru Administrazioko bertze arduradun batzuen artean. Eragile ekonomiko eta sozialen aldetik, CENeko, UGTko eta CCOOko ordezkariak egon dira.
Lehendakariak pozik hartu du Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluak bilerei berriro ekitea, hainbat urtez bilerarik egin gabe egon ondoren, eta elkarrizketa sozialaren balioa defendatu du, itunak lortzeko tresna gisa. “Elkarrizketatik eta akordiotik abiatuta gauza gehiago, baina batez ere, hobeto, lor ditzakegu”, ziurtatu du.
Ildo horretan, Enplegu Plan berriak herritarrentzat lehentasunezkoak diren gaiak jorratuko dituela adierazi du: prekarietatea, laneko osasuna, politika aktiboak edo lehiakortasuna, bertzeak bertze. Hori guztia, “Berrikuntzaren, eraldaketa digitalaren eta, azken batean, politika ausarten bitartez Nafarroa erronka berrietarako abangoardian jartzearen aldeko apustua egiten duen garapen estrategiaren esparruan”.
Bestalde, eragile ekonomikoak eta sozialak pozik agertu dira Kontseiluaren bilerei berriro ekin zaielako, eta une honetatik aurrera lan emankorrari ekiteko nahia adierazi dute, bai Enplegu Planari dagokionez, baita aldeek elkarrizketa sozialaren testuinguruan jorratu nahi dituzten gaiei dagokienez ere.
Planaren egitura eta gauzatzea
Gaur egindako osoko bilkuraren aurretik, Elkarrizketa Sozialerako Kontseiluaren beraren Batzorde Iraunkorrak hainbat bilera egin ditu, eta bilera horiek planaren idazketarako ibilbide-orria lantzeko balio izan dute.
Edukien egiturari edo aurkibideari dagokionez, planak atal hauek izanen dituela erabaki da: sarrera/aurrekaria; diagnostikoa; helburuak (enpleguarekin, enpleguaren kalitatearekin eta enplegagarritasunarekin erlazionaturikoak); jarduketarako ildoak; eta jarraipen-sistema eta eranskinak.
Gauzatze prozesuan, enplegu politika aktiboak Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren Gobernu Kontseiluaren barruan landu, negoziatu eta adostuko dira. Sektore estrategikoekin eta Espezializazio Adimenduneko Estrategian ezarritako zeharkako lehiakortasun-faktoreekin zerikusia duten eta Kontseiluaren barruan landu daitezkeen gaiak, proposamen gisa bidaliko zaizkio S3ren Zuzendaritza Batzordeari, bertan aztertzeko, eztabaidatzeko eta, hala badagokio, onartzeko.
Planak aurrekontu edo memoria ekonomiko bat ere izanen du, eta hori legegintzaldian zehar Parlamentuak onar ditzakeen eta aurrekontu-edukia duten legeek baldintzatuko dute.
Bilerako partaideak
Chivite Lehendakariaz gain, hauek ere izan dira bileran, osoko kide gisa: Manu Ayerdi Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Kontseilaria; Jose Antonio Sarria Nafarroako Enpresaburuen Konfederazioko (CEN) presidentea; Chechu Rodriguez Comisiones Obreraseko (CCOO) idazkari nagusia; Jesus Santos Unión General de Trabajadoreseko (UGT) idazkaria eta idazkari gisa aritu den Javier Zubicoa Lan Zerbitzuko zuzendaria.
Halaber, gonbidatu gisa, hauek egon dira: Maria Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako Kontseilaria; Mirian Marton Nafar Lansare Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea; Carlos Fernandez Valdivielso CENeko idazkari nagusia; Marisol Vicente UGTko Politika Sindikaleko idazkaria eta Pilar Arriaga CCOOko kidea.