2020ko urtarrilaren 16a

Iratxeko Monasterioan arkeologia-indusketak amaituta, hileta-hondakinak eta hiru elizaren zimenduak aurkitu dituzte

Iratxeko Santa Maria elizaren ateak larunbat honetan irekiko dituzte antolatutako taldeek bisita egiteko, aurkikuntzak eta garatutako lanen prozesua ezagutzearren
Deskargatu irudia Irudi galeria

Kulturako Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundeko Ondare Historikoaren Zerbitzuak amaitu ditu irailaz geroztik Iratxeko Monasterioko elizan egiten ari ziren arkeologia-indusketak, eta, ondorioz, gainezarritako hiru elizaren zimendatzea aurkitu dute.

Lehen tenplua gaur egun ikusten duguna da, artearen historialari guztiek onartutako kronologiaren arabera, XII. mendearen erdialdetik XIII. mendearen hasiera artekoa. Beranduago, beste elementu batzuk erantsiko zizkioten; hala nola, XVI. mendeko korua eta klaustroa.

Hiru absideko bigarren eliza bat bazela jada ikusi zuten indusketa aurretik, obren aurretik burututako georradar lanak zirela medio. Horren kronologia zehatza zaila da ezartzen, zimendatzearen egiturei data jartzen laguntzeko materialik ez egoteagatik, baina baliteke XI. mendeko eraikuntza izatea.

Hirugarren eraikinak nabe bakarra du burualde lerrozuzenarekin eta barruko kontrahormekin ikonostasio eran jarrita. Teudano abadearen aipamena duen lauza bati esker (958an dokumentatua), esan daiteke eliza hori apaiz horren garaikidea zela, nahiz eta zaila izan eraikitzeko edo sortzeko data zehaztea.

Egitura horiez eta X. mendeko Teudanoren aipamena duen hilobiko lauzaz gain, XII. mendearen erdialdeko beste inskripzio batzuk ere aurkitu dituzte: kanpaien labea elizaren behealdean edota zenbait hilobi hegoaldeko horman, aurrerago aztertu beharko direnak.

Indusketa bereziki zaila izan da ondorengo eraikuntzak eraikitzeko egiturak eraisteagatik; era horretan, soilik zimendatze parean aurkitu dira aztarnak, hormarik, altxaerarik edo zutabeak edo kapitelak bezalako elementu arkitektonikorik gabe. Halaber, lanak zaildu dituzte XII. mendetik XIX. mendera arte egindako hobiratzeek, lurra zulatu eta geruzak nahasi baitituzte, indusketaren beraren sekuentzia zailduaz.

Nafarroako Gobernuko Ondare Historikoko eta indusketaz arduratu den Trama Kabinetea enpresako teknikariek txanponak bezalako material kultural batzuk apenas aurkitu dituzte, eta ez da inolako haturik edo tresnarik azaldu hobietan; ondorioz, zaila da estratuen testuinguru kronologikoa ezartzea.

Aurkikuntzen analisia

Iratxeko Monasterioan garatutako lanen txosten zientifikoa egiteko eginkizunak jada abian dira. Dokumentazioaren barnean, honako hauek sartuko dira: memoria, geruzen sekuentziarekin eta horri buruzko informazioarekin; hiru elizaren egituren planoak; dronarekin egindako ortofotoak edo argazkiak, indusketen fase ezberdinenak; lanen eta aurkikuntzen argazki-erreportajea; bideo zenitala; hobietako hezur esanguratsuenen 14 karbonoaren analisia; edo Teudanoren lauzaren txosten epigrafikoa eta XII. mendearen erdialdeko inskripzioak.

Hezur-hondakinak Nafarroako Gobernuaren Arkeologia Biltegira bidaliko dira, aztertu eta ikertu ditzaten. Gainerako hezurrak Iratxeko Santa Maria elizako lurpe berean hobiratuko dira.

Bisita gidatuak

Kulturako Zuzendaritza Nagusia - Vianako Printzea Erakundeak herritarrentzako bisita gidatuak antolatu ditu larunbat honetan, hilak 18, Iratxeko Monasterioan garatutako indusketen eta egindako aurkikuntzen berri emateko. Bisitari-talde ezberdinentzako plazak agortuta daude.

Bisita horiek aste honetan zehar garatzen ari den programa zabalagoaren barnean kokatzen dira. Programazio horretan, besteak beste, honako hauek hartu dute parte: komunitateko hiru unibertsitateak (NUP, UNED eta Nafarroako Unibertsitatea), zonako alkateak eta agente kultural eta turistikoak, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua eta Donejakue Bideko eta Iratxeko Monasterioko Adiskideen elkarteak.

Lanak hedatzeko, datozen hilabeteetan jendaurrean aurkeztuko dira emaitza arkeologikoak, eta materialak, azterketak eta datuak ikertzaileen esku jarriko dira, azalpen bat eta elizarako bisita barne, Lizarrako Erdi Aroko Azterketen Asteko programaren barnean; aurten, arkitekturari eskainiko zaio, “Aberastasunaren petrifikazioa” izenburuarekin.

Elizaren lurzoruari zoladura berritzeko lanak amaitzean, 2019ko eta 2020ko esku-hartzeen hasierako xedea hori izanik, jendaurrean jarriko dira Teudanoren inskripzioa duen lauza eta dibulgaziozko eta azalpenak emateko panelak, indusketa-prozesua eta egindako aurkikuntzak ezagutzera ematearren.

Gehiago irakurri

Milaka urteko eraikinaren historia

Iratxeko Monasterioa Aiegi herrian aurkitzen da, eta X. mendean zehar Nafarroa eta Errioxako eremuan agertutako fundazio erlijioso hispano-bisigodo edo mozarabiarrekin lotzen da. Dokumentalki ezagutzen den lehen abadea Teudano izenekoa da, argi eta garbi, oihartzun godokoa. XI. mendean zehar, goratu egin zen beste monasterioek egindako donazio eta errentekin, eta, horrela, garai hartan Iruñeko Erresuma deiturikoaren erreferente bilakatu zen.

Donejakue Bidean zuen garrantzia dela-eta, Garcia de Najera erregeak erromesen ospitalea sortu zuen bertan 1052 eta 1054 urte artean. Monasterioaren goieneko unea XI. mendearen bigarren erdialdean iritsi zen, San Veremundo abade zela. XII. mendearen bigarren erdialdean, berriz, oraindik bizirik den eliza eraiki zuten.

Ondorengo mendeetan, Iratxek dekadentzia eta suspertze aldiak izango ditu, eraikin eta leku berriekin, monasterioak izango dituen erabilera ezberdinen arabera. Modu horretan, XVI. mendean, ikastetxe moduan erabili zuten; ondoren, Unibertsitate bilakatu zen, eta goraldia XVII. mendean izan zuen. Gainbehera, berriz, XIX. mendearen hasiera aldera gertatu zitzaion. Napoleonen tropak iristean, benediktiarrek eraikina utzi behar izan zuten, eta gerrako ospitale moduan erabili zuten, Independentzia Gerran, eta Gerra Karlistetan odolaren ospitale bezala. Desamortizazioak zenobioaren jabetzak nazionalizatu zituen, eta ama birjinaren irudia Deikazteluko parrokia-elizara eraman zuten, gaur egun dagoen tokira.

Iratxeko Monasterioak titulartasuna Nafarroako Gobernuari transferitu zion 1986. urtean, nahiz eta Nafarroako titulartasuna soilik Santa Maria elizak izan, monasterioa Estatuaren esku lagatzea 2006an sinatu ondoren. Eraikinean berritzeko hainbat obra egin dira azken berrogei urtetan zehar.