Descárgate la app
Foru Gobernuak Nafarroako eskubaloiaren arrakasta eta kirol maila aintzatetsi ditu
2020ko urtarrilaren 15a
Foru Gobernuak Nafarroako eskubaloiaren arrakasta eta kirol maila aintzatetsi ditu
Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak, Foru Gobernuaren izenean, bere aintzatespena helarazi dio Nafarroako eskubaloiari, duela denbora gutxi jokatu den Espainiako Selekzio Autonomikoen Txapelketan lortutako arrakastengatik, eta, oro har, kirol horretan erakutsiriko maila eta emaitza onengatik; izan ere, nabarmendu duenez, kirol horrek “sustrai eta tradizio handia du” Komunitatean.
Hala adierazi du gaur arratsaldean, Nafarroako Jauregian, Emakumezkoen Haur eta Gizonezkoen Kadete selekzioei emandako harreran. Selekzio horiek urrezko eta zilarrezko dominak lortu dituzte, hurrenez hurren, urtarrilaren 2tik 7ra Kantabrian jokatutako lehiaketan. Ekitaldian Rebeca Esnaola Kultura eta Kirol sailburua eta Miguel Angel Pozueta Nafarroako Kirolaren Institutuko zuzendari-gerentea ere izan dira.
Lehendakariak parte-hartzaile guztiak zoriondu ditu: sei selekzio (haurrak, kadeteak eta gazteak, emakumezkoen eta gizonezkoen modalitateetan) eta bi epaile, lortutako emaitzak alde batera utzita. “Esfortzua, grina eta entrega ez direla beti garaipenarekin saritzen, eta hori ona eta beharrezkoa dela” ikastera gonbidatu ditu.
Alde horretatik, kirolean zein bizitzan, garrantzitsuena ez dela irabaztea gogorarazi die, gauzak nola egiten diren baizik. “Era garbian lehiatzea, irabazten eta galtzen jakinik –jarraitu du–; aurkariak baloratzea, haietatik beti ikas daitekeela eta jokorako ezinbestekoak direla jakitea; guztientzat berdinak izan behar duten arauak betearaztea eta errespetatzea; eta, azken finean, kirolari onek, onenek, beti irabazten ez duten arren, toki guztietan, beren jokabidearekin eta jarrerarekin eredua ematen dutela jakitea”.
Azkenik, familiek, entrenatzaileek eta talde teknikoek eta Federazioak egiten duten lana gogoratu du, eta horiei ere “domina, aintzatespen, zati bat” badagokiela esan du.
Selekzioen emaitzak
Aurreko txapelketan, parte hartu duten Nafarroako 6 selekzioen artetik, Espainiako 8 talde onenen artean 5 sailkatzea lortu da, 3 finalerdi jokatu dituzte, eta Urrezko domina bat eta Zilarrezko beste bat lortu dituzte.
Horrela, Nafarroako Haur Mailako Emakumezkoen Selekzioa Espainiako txapeldun izan da berriro, iaz lortutako titulua errepikatuz, lehenbiziko norgehiagoka berdindu eta hurrengo bostak irabazi ondoren.
Bestalde, Kadete Mailako Gizonezkoen taldea txapeldunorde izan da, finalean, kategoria horretan 11 aldiz txapeldun izan den Kataluniako selekzioaren aurka galdu ondoren. Gizonezkoen kategorietan Nafarroak inoiz lortu duen markarik onena izan da.
Iaz Zilarrezko domina lortu zuen Gazte Mailako Emakumezkoen Selekzioari dagokionez, laugarren postuan amaitu du, Andaluzia gainditu ezin izan ondoren, eta Gazte Mailako Gizonezkoen Selekzioak, berriz, bosgarren postuan amaitu du, Txapelketan kategoriaz igotzea lortu eta final-laurdenetako kanporaketan Madrilen aurkako partida bakarrik galdu ondoren.
Azkenik, Kadete Mailako Emakumeen Selekzioak zortzigarren bukatu du, eta mailari eutsi ahal izan dio. Haur Mailako Gizonezkoen Selekzioak, berriz, ezin izan dio kategoriari eutsi.
Txapelketan Nafarroako bi epailek ere hartu dute parte.