2020ko urtarrilaren 3a

Abenduko euriek urtegien maila %16an igo dute, %65etik %81era

Tenperaturak altuak izan dira urteko garai honetarako

Nafarroan pasa den abenduan izandako euriek urtegien maila %16an igo dute, %65etik %81era; gainera, urteko garai honetarako tenperaturak altuak izan dira. Datu horiek eta beste batzuk jaso dira Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak hilabetero ateratzen duen iruzkin meteorologikoan.

Euriei dagokienez, hilabetea oso hezea izan da ipar erdialdean, lehorra Behe Erriberan eta normala gainerako lurraldean. Zehazki, euria batez bestekoaren gainekoa izan zen ipar erdialdean eta Erdiko Zonako ekialdeeneko aldean, ohikoa baino %100-150 arteko balioekin. Aldiz, Behe Erriberan, ez da batez besteko balioen %50era ere iritsi, eta gainerako lurraldean %50-100 artekoa izan da.

Euri-egunen kopurua batez bestekoaren azpikoa izan da ia Nafarroa osoan, eta euri gehienak hilaren 12an izan dira. Egun horretan, 10 estaziotan eurien efemeridea gainditu egin zen 24 ordutan, askotan 100 mm gaindituaz (Aurizberri, Aribe, Erro, Eugi, Urbasa). Hala ere, euriaren intentsitate handienak hilaren 20an erregistratu ziren.

Tenperaturei dagokienean, berriz, abenduan tenperatura altuak izan dira urteko garai horretarako; hots, batez besteko balioak baino 1-2ºC gehiago. Dena den, azken astean izandako laino iraunkorrak medio, tenperaturak gehienez 3-5ºC artekoak izan dira Nafarroako zona zabaletan, kantauriar isurialdean eta altuera handiko zenbait estazioetan izan ezik.

Azkenik, adierazi haize-bolada handienak Gorramendin (207 km/h hilaren 13an eta 174 km/h hilaren 20an eta 21ean) eta Aralarren (167 km/h hilaren 19an) erregistratu direla.