2019ko abenduaren 27a

Nafarroako Gobernuak 2020rako Urteko Araugintza Plana onartu du

Segurtasun juridikoa bermatzeko asmoz, lege eta araudi ekimenak jasotzen ditu

Nafarroako Gobernuak, gaurko saioan, legezko eta arauzko ekimenak jasotzen dituen 2020rako Urteko Araugintza Plana onartzen duen erabakia hartu du. Helburua segurtasun juridikoa bermatzea da, herritarrek ordenamendu juridikoari buruzko aurreikuspenak aldez aurretik ezagutu ahal izan ditzaten.

Horrela, administrazio publiko guztiek onartu nahi dituzten araudiak ezagutaraztea aurreikusten duen Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 132. artikulua betetzen da.

Informazioa laster argitaratuko da Nafarroako Gobernu Irekiaren Atarian.

Departamentuka, ekimen nagusiak hauek dira:

- Lehendakaritza, Berdintasuna, Funtzio Publikoa eta Barnea: jokoari buruzko abenduaren 14ko 16/2016 Foru Legea aldatzea; Berdintasunerako Nafarroako Institutuaren (INAI/NABI) bidez, gizonen eta emakumeen arteko berdintasunari buruzko apirilaren 4ko 17/2019 Foru Legean ezarritakoa aurrera eramateko udal mailako eta udalaz gaindiko toki-erakundeei zuzenduriko koordinazio-egitura sortzeko foru-dekretua; eta, Foru Administrazioan eta haren esku dauden organismoetan lanpostuetara sartzeko eta horiek eskuratzeko orduan merituen balorazioa arautuko duen foru dekretua.

- Lurraldearen Antolamendua, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoak: Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen testu bategina eta Etxebizitzarako Eskubideari buruzko Foru Legea aldatzea.

- Lurralde Kohesioa: zenbait foru lege proiektu: 2012-2024 Tokiko Inbertsioen Planekoak; Altako Ur Hornidurako Azpiegituretarako inbertsio planekoak; Toki Ogasunek transferentzia arrunten bidez Nafarroako tributuetan parte hartzeko 2021erako duten funtsaren zenbatekoa eta banaketa ezartzekoak; eta Toki Administrazioa Erreformatzeko otsailaren 4ko 4/2019 Foru Legea aldatzekoak.

- Ekonomia eta Ogasuna: Aurrekontu Orokorrei buruzko foru lege proiektuak; Nafarroako 2021-2025 Estatistika Plana; eta Zerga Neurriei buruzkoa.

- Garapen Ekonomikoa eta Enpresariala: energia trantsizioari, Ekonomia Sustatzeko Arloei eta Kontsumoari buruzko foru lege proiektuak.

- Migrazio Politikak eta Justizia: Bikote Egonkorren Erregistroa arautzen duen Foru Dekretua, Lehendakaritza Departamentuarekin lankidetzan.

- Eskubide Sozialak: Adineko Pertsonen Familien Harrerari buruzko abenduaren 10eko 34/2002 Foru Legea aldatzeko foru lege proiektua.

- Osasuna: zenbait foru dekretu: Elikagaiekin erlazionaturiko Jardueren Osasun Erregistroa arautzekoa; kartzinogenoak dituzten enpresen Erregistroa arautzekoa; Osasun Garraioa arautzekoa; eta zentro soziosanitarioetako farmazia arreta arautzekoa.

- Herritarrekiko Harremanak:euskararekin lotutako hainbat foru dekretu (euskararen ezagutza maila egiaztatzen duten tituluak eta ziurtagiriak ezartzea, eta helduei euskara irakastea sustatzen duten erakunde pribatuetarako laguntzak arautzea).

- Unibertsitatea, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitala: SITNA 2020-2023ko Plan Estrategikoa onartzen duen foru dekretua; eta Nafarroako I+G+b sisteman integraturiko betearazpen-eragileak egiaztatzeko foru agindua.

- Landa Garapena eta Ingurumena: Energia ereduaren eta klima aldaketaren trantsizioari buruzko foru lege proiektua; eta Nekazaritza Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legea aldatzekoa.

-Kultura eta Kirola: Nafarroako Kultura eta Arteen Kontseiluaren osaera, antolaketa eta funtzionamendua arautzen dituen Arautegia eta Kirolaren Erregistroa onartzeko foru dekretuak.