Descárgate la app
Suhiltzaileen esku-hartze ugari haize-denboralearen ondorioz, nahiz eta zauriturik edo kalte larririk ez egon
2019ko abenduaren 20a
Suhiltzaileen esku-hartze ugari haize-denboralearen ondorioz, nahiz eta zauriturik edo kalte larririk ez egon
Azken orduetan Nafarroako zati handi batean izan den haize-denboraleak suhiltzaileen esku-hartze ugari eragin ditu, nahiz eta zauriturik edo kalte larririk ez egon. Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko Zerbitzuak eta Sos Nafarroak koordinatu dituzte laguntza zerbitzuen jardunak.
Artatu diren pertsona bakarrak 7 erromesek osatutako taldekoak izan dira, horietako bi adin txikikoak; Donejakue Bidea oinez eta bizikletan egiten ari ziren, eta Ibañetako gainean laguntza eskatu zuten haize-bolada handiek mugitzen uzten ez zietelako. Auritzeko suhiltzaileek eta Guardia Zibilak Orreagako aterpetxera eraman zituzten egoera onean.
Bestalde, 22:58an sutea piztu zen Arantzako Eguzkialdea auzoan, itxura denez, haizea zela-eta, zuhaitzen adarrek linea elektrikoko kableak ukitzean. Oronozko parkeko suhiltzaileek Trinitariosko unitateen laguntzarekin itzali zuten sua; suak 0,5 hektareako sasiak eta mendiaren behealdea erre ditu, handik gertu dagoen pinudia eta hariztia ukitu gabe. Beranduago euria hasi zuenez, errazagoa izan zen sutea berehala itzaltzea.
Haizearen ondorioz, hornidura elektrikoa tarteka eten egin da Baztango zonan eta uneka Iruñean. Hiriburuan, haize-bolada handiek zabor edukiontziak herrestan eraman ditu, eta Udaltzaingoak eta Iruñeko Mankomunitateko langileek esku hartu behar izan dute.
Halaber, errepidera eroritako zuhaitzak eta adarrak erretiratu behar izan dira. Horietako bat Zigarako sarreran zegoen, eta Oronozko suhiltzaileek kendu dute; berdin gertatu da Lekarozen (2:09an, NA-4403 errepidean), Elizondon (1:45ean, Santiago kalean) eta Anitzetik Zigarako errepidean (NA-2540, 22:00etan). Bestalde, Cordovillako parkeko suhiltzaileek eroritako zuhaitzak kendu dituzte Eguesen (5:37an) eta Urrotzen (5:00etan).
Horrez gain, Etxarrengo gasolindegian askatu eta Barrankako autobiara (pk. 3) haizeak eramandako txapa bat jaso zuten suhiltzaileek 14:17an zirenean, eta Oronozko parkeko unitateak Gaztelu auzora (Donamaria) joan ziren 18:45ean, haizeak argiteria publikoaren poste bat bota eta kablea kalean zintzilik geratu zelako. Era berean, Oronozkoek jaso zuten Bastaundiko tunelean erorita zegoen txapa bat, N-121-A errepideko 37. puntu kilometrikoan. Altsasuko parkeak, berriz, 19:24an, Arakilgo Hiriberriko etxebizitza bateko teilatuko hodia jaso zuen, Goiko kaleko 1ean, eta 19:45ean, Lizarrako suhiltzaileak Gares herrira joan ziren etxebizitza bateko atea eta teilatu-hegaleko txapak finkatzeko, Kale Nagusiko 98. zenbakian.
Modu berean, Cordovillako suhiltzaileak 21:07an Irurtzunera joan ziren, San Migel kalean uralitazko estalkia erortzeko zorian zegoelako; 21:14 zirenean, berriz, Astrainera joan ziren, teilatutik eroritako teilak Barkamenaren Gure Ama etorbidean aparkatuta zeuden ibilgailuen gainera erortzeagatik, eta NA-1110 errepideko errei batean zirkulatzea galarazten zuten hiru zuhaitz ere kendu zituzten. 22:30ean, Iruñeko Aoiz kaleko haurtzaindegiaren estalkiko txapa metalikoak jaso zituzten. Horrez gain, 22:47an, Zizurko Zizur kaleko 50ean, igerilekuko metakrilatozko estalkia ziurtatu zuten, eta 22:47an, Jaso Ikastolako pertsiana, Iruñeko Iñigo Arista kalean. Azkenik, 00:02an, askatutako leiho-ate bat jaso zuten eskaileraren laguntzarekin, Noaingo Iturriaren Bideko etxebizitza bateko 4. pisuan.