Descárgate la app
Nafarroako Gobernuak Etxarri Aranazko toponimiari buruzko liburu bat aurkeztuko du
2019ko abenduaren 16a
Nafarroako Gobernuak Etxarri Aranazko toponimiari buruzko liburu bat aurkeztuko du
Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak, Euskarabidea erakunde autonomoaren bidez, abenduaren 17an du aurkeztekoa Etxarri Aranazko leku-izenak herrigune historikotik kanpo. Egungo toponimia ofiziala lana; ekitaldia 19:00etan izanen da, Etxarri Aranazko kultur etxean. Izenburuak berak dioen moduan, liburu honetan biltzen direnak herrigune historikotik kanpoko toponimoak dira.
Lanaren aurkezpen-ekitaldian izanen dira Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregi Pérez, Etxarri Aranazko alkate Silvia Marañón, Euskaltzaindiak Nafarroan duen ordezkari Andres Iñigo, bai eta Eneka Maiz Ulaiar, Toponomia Batzordearen ordezkari modura, eta autorea bera ere, hau da, José Luis Erdozia Mauleon.
Liburu honetan jasotzen diren leku-izenak 2019an zehaztu ziren, Nafarroako Gobernuaren ekainaren 18ko Erabakiaren bidez, Euskaltzaindiak aldeko txostena egin eta gero. Guztira 445 toki-izen ofizial biltzen dira: 288 toponimo nagusi eta 157 eratorri. Gainera, izen ofizial bakoitzari honako hauek ere eransten zaizkio: herrian erabilitako beste aldaera batzuk, izenak oinarri duen dokumentazioa, izenari buruzko iruzkina, informazio osagarria, eta toponimo bakoitzaren GPS-kokapena.
Lehendik ere Etxarri Aranazko 259 toponimo ofizialduak zeuden, «Nafarroako Toponimia eta Mapagintza» bilduman. Baina oraingoan, 259 horiek berrikusteaz gain, zerrendari beste 186 izen gehitu zaizkio. Liburu hau egileak egindako lan zabalaren emaitza da; urte luzez egindako landa-lanak eta azterlanak emandako uzta oparoa. Bestalde, Etxarri Aranazko Toponimia Batzordearen laguntzarekin eta Etxarri Aranazko Udalaren bultzadarekin eta babesarekin gauzatu ahal izan da.
Ondare kultural materiagabearen parte da toponimia, eta hizkuntzen garapena aztertzeko informazio baliagarria ematen du; halaber, bertako historiaren, kulturaren eta gizartearen usadio eta ohituren informazio-iturri ere bada. Beste aldetik, toponimoaren bidez berehalako informazio administratiboa lor daiteke elementu geografiko baten kokapenari buruz. Eta horretarako erabili ahalko dira hemendik aurrera, hainbat unitatetan, Etxarri Aranazko toki-izenak: larrialdi zerbitzuetan, posta-helbideetan, katastroan, eta beste jarduketa administratibo batzuetan.