2019ko abenduaren 14a

Txotxongilo emanaldi historikoa, Nafarroako Artxibategiak abenduaren 23, 26 eta 27rako egin dituen proposamenen artean

“Titiristoria/Txotxongistoria” zikloa, Ventura Ruizek idatzi duen eta ikus-entzule guztiei zuzendurik dagoen “Toda erregina” lanarekin hasiko da Eguberri hauetan
Kartela.
camera_alt Kartela.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak “Titiristoria/Txotxongistoria” zikloa hasiko du Eguberri hauetan. Txotxongilo antzezlan horretan Nafarroako historiako pertsonaia eta gertaera aipagarrienetako batzuk jasotzen dira. Lehenbiziko lanak “Toda erregina eta bere gortea Kordobako hirirantz (edo etsipenak jotako erregina batek bere biloba tronuan ikusi ahal izateko egin behar duena)” erakusten digu, eta abenduaren 23an, 26an eta 27an taularatuko da gaztelaniaz eta euskaraz.

Jarduera horren bidez, alde batetik, Nafarroako historiako figura garrantzitsuek izandako bizipenak eta emozioak helarazi nahi zaizkie haurrei, gazteei eta familiei, eta, bertzetik, erresuma zaharraren bilakaera historikoarekiko interesa piztu nahi da.

Zikloa, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak bultzatzen duen Musika eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programa zabaltzeko jardueren barruan dago.

Doña Toda, izaera handiko erregina

“Toda erregina eta bere gortea Kordobako hirirantz (edo etsipenak jotako erregina batek bere biloba tronuan ikusi ahal izateko egin behar duena)” lana Ventura Ruizek idatzi eta zuzentzen du, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak bultzaturik, eta bertan, Ruiz berarekin batera, Arantza Ezkurdia, Silvia Iriarte eta Rosa Nagore antzezle amateurrek hartzen dute parte.

Antzezlanak Erdi Arora garamatza, penintsulako erresumak sortzen eta hedatzen hasten ari ziren urteetara, kristau erresumen arteko borrokak Kordobako Kalifatoaren aurkako borrokak bezain ohikoak ziren garaira. Garai hartako karisma handieneko pertsonaietako bat Toda Aznarez Iruñeko erregina (885-970) izan zen, Abderraman III.a kalifaren izeba eta estratega ospetsua. Odol-aliantzak erabili zituen, eta, horrez gain, bere sei alabak errege eta noble kristauekin edo gizon musulman garrantzitsuekin ezkondu zituen, Iruñeko Erresumaren boterea sendotzeko eta bere ondorengoak gainerako erresumetako tronuetan ikusteko.

Antzezlanean, ikus-entzuleak, Toda erreginak, bere biloba Antso Krasok Leongo Erresumako tronuan jarrai zezan, egin zituen maniobren lekuko izanen dira. Horretarako, ez du zalantzarik izanen Kordoba hirirako bidean jartzeko, horrela, bere leinua erresuma kristau guztien bidea gidatzen ikusten jarraitu ahal badu.

Gonbidapenak jasotzea

Emanaldiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren ekitaldi aretoan eginen dira, bi saiotan: 11:00etan, euskaraz, eta 12:00etan, gaztelaniaz. Saio bakoitzak ordu erdiko iraupena izanen du.

Sarrera doakoa izanen da toki guztiak bete arte. Aurretik gonbidapenak jaso beharko dira (pertsona bakoitzeko 4, gehienez), asteazkenetik, abenduaren 18tik, aurrera, Artxibategian bertan.