Descárgate la app
Nafarroak medikuntza pertsonalizatuaren garapena eman du ezagutzera Bostonen
2019ko abenduaren 9a
Nafarroak medikuntza pertsonalizatuaren garapena eman du ezagutzera Bostonen
Nafarroako Gobernuak Bostonen medikuntza pertsonalizatuaren garapena zein Foru Komunitateak ikerketa arloan duen indarra nabarmendu du asteburuan amaitu den Bostonera egindako bidaia instituzionalean. Bidaiaren amaieran Nafarroak hainbat bilera egin ditu non enpresa, elkarte enpersarial zein biomedikuntza arloan erreferente diren ikerketa zentroekin harreman positiboak mantendu dituen.
Foru Ordezkaritzak, Manu Ayerdi Ekonomia eta Garapen Enpresarialeko kontseilaria buru zuela, Nafarroako espezializazio adimendunaren estrategiaren bi erronkatan aurrera egiten lagunduko zuten lan-ildoak ezartzea zuen helburu: medikuntza pertsonalizatuaren garapena eta osasun-zerbitzuen eraginkortasuna handitzea.
Lan taldeak egun hauetan ezagutu du Boston eremuko ekosistema (Massachusetts), biomedikuntzaren alorrean munduko liderra. Topaketa hauekin, Nafarroako ordezkaritzak baloratuko du zer elementu indartu behar diren Foru Komunitatean, eta etorkizuneko lankidetzak ekar ditzaketen kontaktuak ezarri ditu.
Manu Ayerdi kontseilariak azaldu duenez, "misioa oso positiboa izan da. Nafarroan aurrera egiten jarraitzeko gakoa ekosistema publiko-pribatuaren lan partekatua izango da laguntza zerbitzuetan, ikerketa eta ekintzailetza esparruetan eta enpresa-garapenean. " Gainera, Ayerdik azpimarratu du Nafarroak abiapuntu bikaina duela aurrera egiten jarraitzeko, kontuan hartuta Foru Komunitateak ikerketarako duen potentziala edo azken 30 urteetako populazioaren historia kliniko digitalizatua dagoeneko jasota dagoela. "Medikuntza pertsonalizatuan erreferentziazko eskualdea izan gaitezke, estrategia integral bat konbentzimenduz ezartzen badugu", adierazi du Ayerdik.
Gogoratu behar da Foru Komunitateak 2016an jada ezarri zuela medikuntza pertsonalizatua, Nafarroako S3ko 8. Erronken Espezializazio Adimenduneko Estrategia gisa. Erronka hau I+G arloko Proiektu Estrategikoen deialdi espezifiko baten bidez garatzen ari da, GEMA, Genomika eta Medikuntza aurreratua izenekoa, zeinak medikuntza pertsonalizatuko proiektuak finantzatu baititu, hala nola Nagen 1000, Diana, Minerva, Geneurona eta Farmanagen. Era berean, 2016. urteaz geroztik, I+G Sanitarioa sustatu da, Cima eta NavarraBiomed ikerketari laguntza ekonomiko handiagoa emanez.
Erreferentziazko enpresak
Bostongo misio instituzionalaren azken zatian ezarritako harremanak erreferentziazko enpresetan eta ekintzailetza eta ikerketa bultzatzeko erakundeetan zentratu dira.
Hala, enpresa-arloan, ordezkaritzak Ginkgo Bioworks bisitatu du, 2009an MITeko zientzialariek sortutako bioteknologia konpainia, Tom Knight buru zela. Ingeniaritza genetikoaren erabileran espezializatzen da konpainia, aplikazio industrialak dituzten bakterioak ekoizteko. Ginkgo Bioworks analisi konpainia bat da, hainbat industriatan bezeroentzako organismoak diseinatzen dituena. "Organism Company" autoizendatua da, eta munduko bioteknologia konpainia pribaturik handienetako bat da. 2019an, 4,2 mila milioi dolarreko balioa izan zuen.
Bisitatutako beste enpresa bat Nebula Genomics izan da, giza genomaren erabileran eta tratamenduan espezializatutako enpresa. Enpresa honekin, informazio genomikoaren kudeaketan lankidetzan aritzeko aukera jorratu da, teknologia berrien erabileran (blockchain, Inteligentzia Artifiziala) edo datuen pribatutasunaren kudeaketan eta erabileran ikerketarako eta enpresa-garapenerako.
Berrikuntza bultzatzeko ereduak
MassBion, ordezkaritzak bere networking sarea eta elkarteko kide izatearen abantailak ezagutu nahi izan ditu. MassBio irabazi asmorik gabeko erakundea da, 1985ean sortua, munduan liderra den BioHealth superklusterrarentzat zerbitzuak eta euskarria irudikatzen eta eskaintzen dituena. 1.200 enpresa inguru ordezkatzen ditu eta bizitzaren zientzietan Massachusettsen lidergoan aurrera egitea du helburu, industria hazteko, osasun sistemari balioa gehitzeko eta gaixoen bizitza hobetzeko.
Esparru horretan ere, ordezkaritza MIT Media Lab ikerketa-laborategira itzuli da, eta haren jarduera ez da diziplina akademiko finkoetara mugatzen, teknologian, baliabideetan, zientzian, artean eta diseinuan oinarritzen baita.
Minbiziaren Genoma Deskubritzeko Zentrora egindako bisitarekin jarraitu du bidaiak. Minbiziaren Genoma Deskubritzeko Zentroa (CCGD) ikerketa eta garapen taldea da, Precision Cancer Medicinek Dana-Farber Minbiziaren Institutuan, Brigham and Women 's Ospitalean eta Bostongo Haurren Ospitalean egiten duen ahaleginaren barruan. Ahalegin horren barruan, CCGDk sekuentziazio-entsegu eta -teknologia berriak ebaluatzen eta garatzen ditu etengabe, bai ikerketarako bai erabilera klinikorako, eta horrek aukera ematen digu ikertzaileei irtenbide eta teknika berriak bilatzen laguntzeko.
Era berean, Nafarroako ordezkaritzak Lab Central bisitatzeko aukera izan du. 70.000 oin koadroko instalazioa da, Cambridgeko Kendall Square berrikuntza bioteknologikoko zentroaren bihotzean. LabCentral bere motako laborategi partekatuko lehen espazioa da, potentzial handiko bioteknologiako eta zientzia biologikoetako enpresa berrientzako jaurtiketa-plataforma gisa diseinatua. Laborategia eta bulegoa eskaintzen ditu, 60 startup-entzat erabat baimenduta, 200 zientzialari eta enpresari inguru hartzen dituztenak.
Bidaia George Church Doktorearekin (medikuntzari aplikatutako genomaren azterketan munduko zientzialari garrantzitsuenetako bat) egindako bilera batekin osatu da. George McDonald Church genetista, ingeniari molekularra eta kimikaria da, genetika irakaslea Harvardeko Mediku Eskolan, Osasun eta teknologia zientzietako irakaslea Harvarden eta MITen, eta biologikoki inspiratutako Ingeniaritzako Wyss Institutuko kide sortzailea Harvardeko Unibertsitatean. Genomika pertsonalean eta biologia sintetikoan aitzindaritzat hartzen da.
Ordezkaritza instituzionala honako hauek osatu dute: Manu Ayerdi Ekonomia eta Garapen Enpresarialeko kontseilariak; Izaskun Goñi, Enpresa Politikaren, Nazioarteko Proiekzioaren eta Lanaren zuzendari nagusiak; Antonio Pineda-Lucena Cima Terapia Molekularren Programako eta Ikerketa Traslazionaleko zuzendariak; Jorge Elso NUPeko Nazioartekotze errektoreordeak; eta Miguel Angel Adan Nafarroako Nazioarteko Planeko merkataritza ordezkariak.