2019ko abenduaren 2a

Adituek ohartarazi dutenez baso-sute handiak gero eta ohikoagoak izango dira, eta edozein operatibok itzaltzeko duen ahalmena gaindituko dute

'Baso-suteak klima-aldaketaren aurrean 'jardunaldiaren ondorioek egiaztatu dutenez, arazoari ezin zaio aurre egin aplikatzen ari diren neurriekin
Baso-suteak eta aldaketa klimatikoa jardunaldian aretoa bete zen, 120 
pertsona gerturatu ziren. 
camera_alt Baso-suteak eta aldaketa klimatikoa jardunaldian aretoa bete zen, 120 pertsona gerturatu ziren.   Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Baso-sute handiak gero eta ohikoagoak izango dira, landa-ingurunea uzteak landare-masa erregaia handitzea dakarrelako eta klima-aldaketak eragindako ingurumen-baldintzak eraginda. Gainera, edozein operatibok suak itzaltzeko duen gaitasuna gaindituko dute; izan ere, suhiltzaileen lana ezin da eraginkorra izan egoera horietan. Beharrezkoa da prebentzioz jardutea, arazoari ezin izango baitzaio aurre egin baso-sute handiak geldiarazteko planteatzen ziren neurriekin, Iruñean berriki izan den 'Baso-suteak klima-aldaketaren aurrean' jardunaldi teknikoaren ondorioen arabera.

Jardunaldia INAPeko Pio Baroja aretoan garatu zen, eta hori egiteko ekimena Nafarroako Gobernuko Babes Zibileko eta Larrialdietako Zerbitzuaren eskutik sortu zen, Europako bi proiekturen testuinguruan. Lehena LIFE NADAPTA Proiektua da, bertan, Ingurumeneko Departamentuak hartzen du parte, eta helburu nagusia da Nafarroak aldaketa klimatikoaren aurrean duen egokitzeko gaitasuna areagotzea, bereziki baso-kudeaketaren ikuspegitik eta baso-antolaketako planetan egokitzeko neurriak aztertzeko eta proposatzeko xedearekin.

Jardunaldian landutako Europako bigarren proiektua POCTEFA-INTERREG ALERT delakoa da, eta, bertan, beste bazkide batzuen artean, Nafarroako Suhiltzaileen Zerbitzuak hartzen du parte. Kasu honetan, Zerbitzuak, beste jarduera batzuez gain, Proiektu horretako 5. ekintza zuzentzen du, baso-suteei eta horiek prebenitzeari buruzkoa, prestakuntza bultzatuaz eta esperientzia profesionalak trukatzea eta sute teknikoaren benetako praktikak egitea sustatuaz. Eta hori guztia Frantziako mugatik hurbil dagoen piriniotar lurraldean baso-suteen aurreko erantzun operatiboa hobetzearren.

Jardunaldia Nafarroako Gobernuko Barneko zuzendari nagusiak, Amparo Lopez Antelok, inauguratu zuen, eta 120 pertsona bildu ziren zegoen edukiera beteaz. Jardunaldiari esker, ikuspegi errealista eta zehatzarekin landutako gaiaren gaineko esperientziak eta ezagutzak erakutsi ahal izan dira, zeren, aldaketa klimatikoa fenomeno orokorra izan arren, topaketaren bitartez hurbileko eremu geografikoan kokatu zen. Bi eguneko jardunaldia izan zen, eta, lehen saioan, Espainian gertatutako azken sute handiek eragindako larrialdia kudeatzearen inguruko esperientziaren berri eman zuten; hots, batetik, sutearen bitartez, ekainaren amaiera aldera, baso-lurreko 5.017 hektarea kiskali ziren Tarragonako Ribera d'Ebre zonan, eta horren berri eman zuen Ricard Expósitok, Terres de l´Ebreko Larrialdien Eskualdeko buruak; bestetik, abuztuan, 12.000 hektarea inguru erre ziren Kanaria Handian, milaka pertsona atera behar izan ziren, eta horren berri ematen Federico Grillo aritu zen, Larrialdietako eta Segurtasuneko zuzendaria Kanaria Handiko Kabildoan.

Bigarren saioan prebentzioa jorratu zuten. Batetik, erregaiaren kudeaketari erreparatu zioten, hurbileko eremuetan burutzen ari diren esperientzia ezberdinak azalduaz; eta, bestetik, era batera edo bestera arriskuan egongo diren pertsonen plangintza, lankidetza eta inplikazioa izan zituzten hizpide.

Ondorioak

Gure ingurunean gertatzen diren baso-sute gehienak gizakiaren jardueraren bidez sortzen dira; hots, batik bat, istripu edo arduragabekeriarengatik. Halaber, suteak zabaltzen dira industrializazioa dela-eta landa-eremuko biztanleak hiri-inguruneetara joatea eta, ondorioz, nekazaritzako jarduera bertan behera geratzea bezalako egoera sozialak medio. Artaldeek edo abereek basoetako sasiak garbitzen zituzten, eta egurra energia-iturri moduan aprobetxatzen zen. Orain, ordea, hori desagertu egin da, eta landaredia ugaritu, horizontalki nahiz bertikalki etengabe zabalduaz. Horrela, suteak errazago zabal daitezke. Aldi berean, biomasa ugari pilatu denez, suteak biziagoak eta bortitzagoak izaten dira.

Horrez gain, landa-eremuetatik joandako biztanleak hirietan hartzeko bizileku-auzoak eraiki dira landarediaren inguruko zonetan; beraz, horiek su hartzea mehatxu larria litzateke, biztanleak hustu behar izateagatik, babes zibilerako benetako arazo bilakatuaz.

Bestalde, negutegi-efektuko gasen isurpenak gehitzeak aldaketa klimatikoa ekarri du; alegia, berotze globala eta muturreko fenomeno atmosferikoak ugaritzea, gorabeherak eta kontrako egoeren iraupena (bero-boladak, haize bortitzak, lehorte luzeak,…) areagotuaz. Horiek guztiek harreman zuzena dute baso-sute handiak gertatzearekin; hau da, kaltetutako 500 area baino gehiago eta abiadura eta bizitasun handiko suteak zabaltzea.

Arrisku horren aurrean babesteko neurriak suteen aurka zuzenean borrokatzean oinarritu dira, eta, horrela, itzaltzeko baliabideak ugaritu dira. Baina baso-sute handi horiek edozein operatibok itzaltzeko duen gaitasuna gainditzen dute, eta, beraz, esku hartzen duten zerbitzuak, su-hiltzaileak, ezin dira eraginkorrak izan egoera zehatz horietan. Azken finean, ez du balio arazoa konpontzeko orain arte planteatzen ziren ohiko neurriak erabiltzen jarraitzeak; hortaz, ‘Baso-suteak aldaketa klimatikoaren aurrean’ jardunaldian esku hartu zuten adituek prebentzioaren aldeko apustua egin zuten, ezbeharrak murrizten eta ondorioak arintzen ahalegintzeko.