2019ko azaroaren 28a

Osasun Departamentua eta GIBaren aurka borrokan ari diren GKEak bat datoz Nafarroan infekzio berrien aurrean prebentzioa indartzeko beharraz

2019ko urtarriletik irailera bitartean 36 infekzio berri erregistratu dira
Hiesaren aurkako Nazioarteko EGunaren baitan ospatutako jardunaldian izan 
diren kideak.
Hiesaren aurkako Nazioarteko EGunaren baitan ospatutako jardunaldian izan diren kideak.  Deskargatu irudia Irudi galeria

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak, Giza Immunoeskasiaren Birusaren (GIB) aurka borrokatzen ari diren erakundeekin batera, bat egiten du aurtengo urtarriletik irailera bitartean Nafarroako biztanleen artean infekzio berrien aurrean prebentzioa indartzeko beharrarekin.

Hain zuzen ere, 36 kasu erregistratu dira denbora-aldi horretan. Zentzu horretan, eta Nafarroako osasun sare publikoaren eta erakunde eta Gobernuz Kanpoko Erakundeen arteko lankidetzaren erakusgarri, datorren igandean, abenduak 1, egingo den HIESaren aurka Borrokatzeko Mundu Egunaren harira, datuok aurkeztu dituzte HIESaren Aurkako Nafarroako Batzorde Hiritarreko eta Sare, Abiatze eta Kattalingorri elkarteetako eta Nafarroa Gazteria Kontseiluko kideek, Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiarekin eta Marian Nuin Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (OPLOI) zuzendariarekin batera.

Osasun Sailak berriro ekarri du gogora beharrezkoa dela erne jarraitzea, jendeak kutsatzen jarraitzen baitu, gazteek batez ere. OPLOI institutuaren datuen arabera, aurrerapenak egin dira sexu-hezkuntzaren arloan; gero eta handiagoa da pertsonen eta kolektiboen inplikazioa; Nafarroako gizarteak erregistro onak ditu, baliozko informazioa ematen dutenak; diagnostikoak egiteko proba hobeak eta eraginkortasun handiko tratamenduak daude. Halaber, osasun zuzendari nagusiak uste du ez garela konformatu behar, indartu egin behar dela prebentzioa, eta herritarrak hobeto babesten saiatu. “Oraindik ere handia da babesik gabeko sexu-praktiken eragina, badaude diagnostiko berankorrak, eta uste da oraindik diagnostikatu ez diren GIBagatiko infekzioa duten 200 bat lagun daudela. Bestalde, GIBagatik infektatutako pertsonek adin eta sexu bereko infektatu gabeko pertsonek baino hiltzeko zazpi aldiz arrisku handiagoa dute", azaldu du Artundok. Osasun departamentuak ohartarazi du oraindik ez dela desagertu gai horren inguruko estigma.

Zentzu horretan, Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta Foru Gobernuak GIBaren inguruko estigmarekin eta diskriminazioarekin amaitzearen aldeko apustua egiten dute, serofobiaren aurka borrokatuz (pertsona seropositiboenganako aurre-iritziak, beldurra, gaitzespena eta diskriminazioa), bai eta ezjakintasunaren eta uste faltsuen aurka ere, arrisku, diskriminazio eta bazterkeriako jarreren iturri baitira. Eta hori lortzeko, nabarmendu dute beharrezkoa dela prebentziozko estrategiak indartzea, diagnostiko goiztiarra sustatuz, eta sexu seguruagoaren eta GIBaren proba egitearen aldeko berariazko kanpainak eginez.  

Sare publikoan zein erakunde laguntzaileetan egiten diren detekzio-probei eta sentsibilizazio- eta prebentzio-kanpainei esker, Nafarroako herritarren egoera serologikoa zehatz daiteke, eta ezkutuko epidemia azalerazi.  GKEen arabera, GIBa duten pertsonen % 83 diagnostikatzera iritsi gara Nafarroan; oraindik ez gara iritsi, beraz, ONUSIDA erakundeak 2020rako ezarritako % 90eko helburua lortzera.

Prebentzioa eta babesa

Nafarroak garapen jasangarrirako 2030eko Agendako konpromiso komun eta unibertsala hartu du bere gain, eta hor sartzen da GIB eta HIESaren epidemiarekin amaitzeko denbora-epea, 2030. urtea, hain zuzen ere.

Osasun Departamentuak eta departamentu horretako profesionalek, Gobernuko beste departamentu batzuekin, GKEekin, tokiko erakundeekin, erakunde sozialekin, beste instituzio batzuekin eta gaixoekin eurekin lankidetzan, prebentziorako hainbat ekintza eta neurri garatu dituzte eta horiek martxan jartzen jarraitzen dute, Osasunaren Mundu Erakundearen eta ONUSIDAren gidalerroekin bat etorriz. Horren erakusgarri dira informazio- eta zaintza-sistema (jakinarazpen- eta erregistro-sistema, epidemiologia-zaintza, etab.); aditu-taldeak; arreta-, informazio- eta sentsibilizazio-protokoloak; eta esparru ezberdinetan sexu-hezkuntza bultzatzearen eta sexu-osasun komunitarioa sustatzearen aldeko apustu sendoa.

Asko dago egiteko. Gizarte osoa mobilizatu zuen GIB/HIESaren pandemiak, batez ere gizonekin sexua duten gizonen kolektiboa, eta arazo horri aurre egiten eta prebentziozko eta babeserako neurriak martxan jartzen jakin izan zuen kolektibo horrek. Gaur egun, datuek erakusten dute jaisten ari dela prebentzioaren garrantziaren ideia, eta ezinbestekoa da Sexu-transmisioko Infekzioen (STI) eta GIBaren gaineko kontrola berreskuratzea, baterako esparru batean. Arreta berezia merezi dute gizonekin sexu-harremanak dituzten gizonek, emakumeek eta kolektiborik zaurgarrienek. Bagina-koitoan, uzki-koitoan eta aho-sexuan preserbatiboak behar bezala erabiltzea metodo eraginkorra da STIen aurrean babesteko, GIB barne.

Gehiago eta hobeto babesteko, hainbat gomendio gogorarazten ditu Osasun Publikoak: sexu-harremanetan tratu ona lantzea, elkar zaintzea eta gozamena partekatzea eta, batez ere, pertsona bakoitza nolakoa den gorabehera, kondoia erabiltzea. Arrisku-praktikak izanez gero, GIBaren probak egitea da neurririk onena, tratamendua lehenbailehen hasi ahal izateko eta, infektatuz gero, bizi-kalitaterik ahalik eta onena izateko aukera handiagoa izateko.

GIB Nafarroan

Osasun Publiko Institutuak emandako azkeneko datuen arabera, aurtengo urtarriletik irailera, GIBagatik infektatutako 36 pertsona erregistratu dira.

Marian Nuin zuzendariak egungo egoera aurkeztu du, azkeneko bost urteak erreferentziatzat hartuta. 2014. eta 2018. urteen artean, GIBagatiko 207 infekzio berri diagnostikatu ziren; gizonak ziren infektatutako gehienak (% 83), eta horietatik % 90, 15 eta 54 urte bitartekoak. Gizonekin sexua izan duten gizonen kasuan, 45 urtez azpikoak ziren GIB diagnostikoen % 79.

Sexuaren arabera, eta infekzioaren jatorriari dagokionez, transmisio homosexuala (% 68) gailendu zen gizonen artean; ondoren, praktika heterosexualak (% 26), eta drogak txertatzeko materiala partekatzearekin lotutako arrazoiak azkenik (% 4). Emakumeen artean, berriz, askoz handiagoa izan zen transmisio heterosexualaren presentzia (% 94), eta % 6koa izan zen txertatutako drogen kontsumoarekin lotutako transmisioa.

Nuinek babesaren garrantzia nabarmendu nahi izan du, GIBaren transmisioa erraztu egiten baita Sexu-transmisioko beste Infekzio batzuen presentziagatik; horietako batzuek sintomarik gabekoa izan daitezke, eta handitzen ari da horien eragina Nafarroako biztanlerian. Diagnostiko berankorrak egiten direla ere jakinarazi du. 2014-2018ko bosturtekoan egindako GIB diagnostikoen % 12, HIESAren diagnostikoarekin batera egin zen; horrek argi uzten du infekzioa ez zela detektatu seinale kliniko larriak agertu ziren arte.  Gaixotasun horren ondoriozko heriotza gehienak GIB eta HIESAren diagnostikoa batera egin zitzaien pazienteetan gertatu ziren.

Mundu Eguna

ONUSIDAk aurtengo HIESAren Mundu Egunerako aukera duen leloa ‘Komunitateak gailentzen dira'.  Lelo horrek aukera paregabea ematen du komunitateek, toki, nazio zein nazioarte mailan, HIESAri erantzuteko izan duten eta duten funtsezko eginkizuna aintzatesteko.

HIESAri modu askotan erantzuten laguntzen dute komunitateek. Haien lidergoak eta egiten duten defentsak erantzuna garrantzitsua eta oinarriduna izaten jarrai dezan bermatzen dute, pertsonak egon daitezela erdigunean aurrerantzean ere, eta ez dadila inor atzean gelditu. Komunitate horietan sartzen dira berdintasunean oinarrituta lan egiten duten hezitzaileak, GIBarekin bizi diren edo birusa duten pertsonen sareak –gayak edo beste gizon batzuekin sexu-harremanak dituzten gizonak, beren buruari drogak txertatzen dizkieten pertsonak eta sexu-langileak–, emakumeak eta jende gaztea, aholkulariak, komunitateko osasun arloko langileak, atez ateko zerbitzu-hornitzaileak, gizarte zibileko erakundeak eta herritar aktibistak.