Descárgate la app
Hezkuntzak 70.000 euro bideratuko ditu eriondoan dauden ikasleei hezkuntza-arreta etxean emateko
2019ko azaroaren 28a
Hezkuntzak 70.000 euro bideratuko ditu eriondoan dauden ikasleei hezkuntza-arreta etxean emateko
Nafarroako Gobernuak gaur argitaratu du NAOn eriondoan dauden ikasleei 2019-2020 ikasturtean hezkuntza-arreta etxean emateko dirulaguntzen deialdia, zeinak 70.000 euroko aurrekontua izango duen. Dirulaguntza jada eska daiteke ikaslea matrikulatuta dagoen ikastetxearen bitartez.
Etxean eriondoan egon behar duten ikasleen gurasoek edo legezko tutoreek eska ditzakete deialdi honen xedeko laguntzak, baldin eta, hori dela kausa, ikasleak ikastetxera 21 egun naturaletik gorako epean modu normalean joaterik ez badu eta hezkuntza-arreta etxean jaso behar baldin badu, edo, gaixotasun kronikoren bat dela-eta, hilabetetik beherako aldizkako bajak hartzen baditu, 6 egun jarraitukoak bederen 6 hilabetean, gutxienez ere.
CREENAk kudeatuko duen programa honen helburu nagusiak honakoak dira: gaixorik dagoen ikasleari banan-banako hezkuntza-arreta bermatzea irakaskuntza-ikaskuntza prozesuaren jarraipena segurtatzeko eta egoera horrek sortzen ahal duen eskola atzerapena saihesteko; behar dituzten bitarteko eta baliabideak ematea eta ikastetxearen arteko loturaren haustura galaraztea; ikasleek jasan dezaketen isolamenduari aurre hartzea, hezkuntza-komunitatearekin elkar eragiteko eta parte hartzeko giroa sortuz.
Arreta orduak
Lehen Hezkuntzako ikasleei astean 5 orduko arreta emanen zaie, gehienez ere; eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, astean 8 orduko arreta emanen da, gehienez ere. Gainera, tutoreen koordinaziorako hilean bi ordu bideratuko dira.
Laguntzaren zenbatekoa 12 eurotakoa izanen da Lehen Hezkuntzako irakasleentzako eta 18 eurokoa Bigarren Hezkuntzan.