2019ko azaroaren 26a

Nafarroaren Eguneko kontzertu nagusia, musika nafarraren talentu gazte nagusiak ezagutzeko urteroko hitzordua

Nafarroako Orkestra Sinfonikoak (OSN) emanaldia partekatuko du Goi Mailako Musika Kontserbatorioko musikariekin eta Carlota de Miguel pianista gaztearekin
videocam Nafarroaren Eguneko kontzertu nagusia, musika nafarraren talentu gazte nagusiak ezagutzeko urteroko hitzordua collections Irudi galeria

Abenduaren 3an, 19: 00etatik aurrera, Baluarte Nafarroako Kongresu Jauregia eta Auditorioan, Foru Komunitateko talentu musikal gazteei entzuteko urteroko hitzordu nagusia den Nafarroaren Eguneko kontzertu nagusia izanen da.

Abenduaren 3an, 19: 00etatik aurrera, Baluarte Nafarroako Kongresu Jauregia eta Auditorioan, Foru Komunitateko talentu musikal gazteei entzuteko urteroko hitzordu nagusia den Nafarroaren Eguneko kontzertu nagusia izanen da.

Gaur goizean aurkeztu du emanaldia prentsaurrekoan Nafarroako Gobernuko Kultura eta Erakundeekiko Harremanetako zuzendari kudeatzailea den Pablo Roncalek. Harekin batera izan dira NOSko zuzendari kudeatzailea, María Antonia Rodríguez, eta Carlota de Miguel piano-jotzailea, bakarlari moduan arituko dena.

Kontzerturako sarrerak 12 euroren truke eros daitezke Baluarte Auditorioko leihatilan (astelehenetik larunbatera, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara). Halaber, www.baluarte.com  web orrialdean eskura daitezke.

Gazte Txartela duten pertsonek, NOSko abonatuek edo Baluarte Fundaziokoek 6 euroko sarrera bat eros dezakete (abonatu bakoitzeko bat). Prezio murriztuko sarrerak soilik leihatilan eskura daitezke. Horrez gain, Nafarroako Gobernuak bost sarrera bikoitz zozketatuko ditu gaur asteartetik, hilak 26, igandera, abenduak 1, bitarte diadenavarra.navarra.es web gunean horretarako argitaratutako inprimakia betetzen dutenen artean. Zozketaren emaitzak astelehenean, abenduak 2, argitaratuko dira web gune berean.

Nafarroako Gobernuak ateratako ekimenaren helburua da Nafarroako interpretari gazteak sustatzea, bozgorailu bat eskainiaz haien lanaren eta talentuaren emaitza ezagutzera eman dezaten, eta, aldi berean, herritarren artean, kultura oro har eta musika bereziki bultzatzeko.

Programa eta bakarlaria

Edizio honetarako hautatutako programak bi zati ditu. Lehen zatian, NOSek, Carlota de Miguel pianistarekin batera, pianorako kontzertua emango du, 20. z. Re minorrean, Wolfgang Amadeus Mozart-en K.466. Bigarren zatian, berriz, Orkestra Sinfonikoak eta Nafarroako Musika Kontserbatorio Nagusiko ikasle musikariek 4. Sinfonia joko dute Fa minorrean, Piotr Ilych Tchaikovsky-ren op.36.

Kontzertua, NOSen zuzendari Manuel Hernández Silvak zuzenduko du.

Carlota de Miguel Amestoyk (Madril, 1994) pianoa eta kantua ikasi zituen Iruñeko Pablo Sarasate Musika Kontserbatorio Profesionalean. Goi mailako ikasketak egiten jarraitu zuen Londresen, eta Interpretazioaren Masterra egin zuen Trinity Laban Conservatoire of Music zentroan, Mikhail Kazakevich eta Pascal Roge-ren tutoretzapean.

Londresen ikasketak egiten ari zela, Nafarroako Kutxa Fundazioaren babesa izan zuen, Bikaintasun Bekaren bitartez, eta Bilaketa Fundazioa, Trinity Laban Kontserbatorioa eta Sheepdrove Trust-ena. Carlotak honako herrialde hauetan jo du azken urteetan: Espainia, Alemania, Luxemburg, Frantzia, Italia, Florida eta Mexiko. Halaber, klase magistraletan parte hartu du piano-jotzaile hauekin batera: Matti Raekallio, Ana Guijarro, Miguel Angel Ortega Chavaldas, Angel Sanzo, Denis Pascal, Gabriele Baldocci eta Yoonie Han, besteak beste. Iruñean, Jose Maria Goicoechearen pianorako piezak interpretatu zituen 2017. urtean, eta iazko udan Lunigiana Music Festivalean bakarlari gisa jotzeko hautatu zuten.

Bestalde, Nafarroako Orkestra Sinfonikoa, Foru Komunitateko orkestra ofiziala, 1879. urtean sortu zuen Pablo Sarasatek. Espainiako orkestra-munduan jardunean dagoen talderik zaharrena da.

Bestelako musika-emanaldiak

Nafarroaren Eguneko programan beste emanaldi batzuk ere badaude. Pasa den igandean hasi ziren Tuterako Hiria Joten Lehiaketarekin.

Abenduaren 1ean, igandean, 12:45ean, Agoitzeko San Migel Abesbatzak kontzertua eskainiko du Leireko Monasterioan.

Abenduaren 3an izango dira emanaldi gehien. Nafarroako taldeek osatutako abesbatza eta bandek kontzertuak emango dituzte ehun bat herritan. Emanaldiak doakoak izango dira, eta aldi berean hasiko dira, 13:00ean, Nafarroako ereserkiarekin.

Halaber, egun berean, Gaiarre Antzokian, 12:30ean, Nazioen Jaialdia egingo da, eta Hispanoamerika, Ekialdeko Europa, Iparraldeko Afrika eta Saharaz hegoaldeko Afrikako kultur elkarteek hartuko dute parte, tokiko artistez gain. Sarrera doakoa izango da; horretarako, aurrez gonbidapena jaso behar da Gaiarre Antzokiko leihatilan ohiko ordutegian (azaroaren 27tik aurrera).