Descárgate la app
Maeztu kontseilariak Josefina Arregui klinika hobetzeko proiektu berriak ezagutu ditu
2019ko azaroaren 21a
Maeztu kontseilariak Josefina Arregui klinika hobetzeko proiektu berriak ezagutu ditu
Mª Carmen Maeztu Eskubide Sozialetako kontseilariak bere bulegoan hartu ditu Joseba Arregui, irabazi-asmorik gabeko erakundea eta Josefina Arregui Klinikako titularra den Felipe Lecea Patronatuko presidentea, eta Ángel Gardachal, Klinikako kudeatzailea. Helburua izan da zentroaren hobekuntza-proiektu berriak ezagutzea, hala nola eraldaketa digitala, erizaintzako kontrola erraztu eta hobetzeko aukera emango duena, pazienteen datu guztiak digitalizatuz; instalazioak berritzea; eta Etxeko Zerbitzu berria eta Eroritakoen Unitatea sortzea. Bileran Inés Francés ere egon da, Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziako zuzendari kudeatzailea.
Hobekuntzekin zentroan hazkunde organikoa gauzatu nahi da, zerbitzuak dibertsifikatu eta zabalduz, modu ekonomikoan erakunde iraunkorra eta sektorean erreferente izan dadin, erabiltzaileei eta haien familiei kalitate handiko zerbitzua eskainiko diena.
Josefina Arregui Klinika adinekoentzako eguneko zentroko plaza itunduen esleipendun zentroetako bat da, Eskubide Sozialetako Departamentuarekin, 2018an onartutako Hitzarmenerako Esparru Akordioaren bidez. 4 urteko indarraldia du, eta, horri esker, eguneko zentroko 120 plaza itundu dira Nafarroako hainbat herritako 12 zentrotan.
Gaur egun, Josefina Arreguin 19 plaza daude finantzaketa publikoarekin. Horietatik 9 itunpekoak dira, eta 10 zerbitzuari lotutako prestazioa dute.