2019ko azaroaren 20a

Nafarroako Gobernuak sare sozialetan duen presentzia instituzionala berrantolatu du

Gainera, hedabideentzako kontu espezifikoak jarri ditu martxan Twitterren (@noticiasgob_na) eta Youtuben (Prentsa Aretoa – Nafarroako Gobernua)
Twitterreko @noticiasgob_na profil berriaren irudia
Twitterreko @noticiasgob_na profil berriaren irudia  Deskargatu irudia Irudi galeria

Foru Gobernuak, Komunikazio eta Erakunde Harremanetarako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, hurrengo hilabeteetan erakundeak sare sozialetan duen presentzia berrantolatzeko aurrera eramango duen prozesuaren lehen fasea jarri du abian gaur, asteazkenean.

Horrela, Nafarroako Gobernuak presentzia instituzionala izango du Foru Komunitatean jarraitzaile gehien dituzten bi sareetan, 2018an CISek audientziei buruz egin zuen azterlanak adierazten duenez: egunero 183.000 pertsona sartzen diren Facebooken, eta 156.000 lagun, Youtuben. Sare horietako lehenbizikoan parte hartzeko, Facebookeko Herritarren Arretarako kontu gisa kudeatzen zen profila egokituko da egunotan; eta Youtuberen kasuan, jarraipena emango zaio sare horretan Nafarroako Gobernuak duen kontu orokorrari, eduki orokorragoak eta herritarrentzat interesgarriagoak direnak eskainiz, eta ez soilik informazio hutsezkoak, horiek baitziren orain arte Youtubeko gobernuaren ikus-entzunezko eduki osoa hartzen zutenak.

Gardentasun informatiboaren eskaera horri erantzuteko, profil profesional berri bat sortu da Youtuben (Prentsa Aretoa – Nafarroako Gobernua). Informazio jarduerarekin lotutako ikus-entzunezko artxibo guztiak bilduko dituena, Gobernuko kideen eta goi-kargudunen prentsa agerraldien eduki osoak barne. Profil berri horretatik hedatuko dira, aurrerantzean, agerraldiak jasotzen dituzten eta Nafarroako Jauregian egiten diren zuzenekoak.

Gauza bera egingo da Twitterren (sare sozialak 61.000 jarraitzaile ditu egunero Nafarroan). @gob_na profil instituzionalak garrantzi instituzional handieneko gaietan jarriko du arreta, eta @noticiasgob_na profila jarriko da martxan, Gobernuaren deialdien, prentsa oharren eta agerraldi publikoen gaurkotasun osoa jasotzeko.

Nafarroako Gobernuaren presentzia instituzionala, profesionalen eta giza baliabideen sare horretan lan egin nahi duten Nafarroako Gobernuko unitateentzat komuna den eta Linkedinen dagoen kontu orokorrarekin osatuko da.

Gogorarazi behar da joan den irailean Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak Twitterren eta Facebooken zuen partaidetza ere instituzionalizatu zela, Nafarroako Gobernuak Youtuben duen kanalaren barruan erreprodukzio zerrenda propioa izateaz gain.

Berrogeita hamar bat kontu sektorial sare sozialetan

Nafarroako Gobernuak sare sozialetan duen presentzia instituzional horrez gain, gobernuak sare sozialetan duen jarduera eduki sektoriala duten beste berrogehita hamarren bat kontu eta profil gehigarrirekin osatzen da: 17 kontu espezializatu Twitterren, 14 Facebooken, 11 Youtuben, 6 Instagramen eta Nafarroako Turismoak Pinteresten duena.

Sare sozial sektorialen arloan gaurtik aurrera sartu den berrikuntza nagusia, Twitterreko Herritarren Arretarako kontu espezifikoa (@Navarra) profil espezifiko bihurtu dela da, eta profil horrek egunero laburbilduko dituela Nafarroako Gobernuak bere Interneteko atarian, navarra.es-en eta nafarroa.eus-en, laguntzei, bekei, diru-laguntzei eta lan-eskaintza publikoari dagokienez argitaratutako berritasun guztiak; horrela, herritarrek azkar eta erraz jaso ahal izango dute gero eta gehiago eskatzen den gai horiei buruzko informazioa.

Lehen fase honetan landu den beste jarduera bat, navarra.es helbidean, Gobernuaren sare sozialen direktorioarekin batera, kontu kudeatzaile guztientzako jarduteko jarraibide nagusiak argitaratzea izan da: laburbildurik, sare guztiak egunero artatuko direla ezartzen da, eta arretarako gutxieneko ordutegia jakinarazten da, herritarrek bidalitako mezuei egun baliodun bateko epean arreta emanen zaiela bermatuz; jarraibideak ezartzen dira, Sareetan erabilitako hizkuntza eta irudiak generoari dagokionez inklusiboak eta parekideak izan daitezen; Nafarroako bi hizkuntza ofizialen presentzia progresiboa sustatuko da Gobernuaren kontu instituzionaletan; eta, arau orokor gisa, errespeturik gabeko iruzkinak eta esku-hartzeak egiten dituzten pertsonak ezabatzea eta blokeatzea erabakiko da.