2019ko azaroaren 15a

Nafarroan 65 urtetik gorako pertsonen erdia baino gehiagok hartu du jada gripearen kontrako txertoa

Chivite Lehendakariak eta zenbait kontseilarik ere hartu dute txertoa Zabalguneko Osasun Etxean
Gripearen txertoa hartu dutenen talde-argazkia.
camera_alt Gripearen txertoa hartu dutenen talde-argazkia.  Deskargatu irudia collections Irudi galeria

Nafarroako Osasun Zerbitzuak-Osasunbideak, gripearen aurkako kanpainaren esparruan, 92.858 pertsona txertatu ditu azaroaren 11n, eta horietatik 64.512 65 urtekoak edo hortik gorakoak dira; beraz, Nafarroako adin-tarte horretako biztanleen %51 jada txertatuta dago.

Gainerako txertoak, 28.346, gripearen aurkako inmunizazioa agindutako beste biztanleria-talde batzuei administratu zaizkie (gaixo kronikoak, osasun-arloko langileak eta bestelako zerbitzu publikoetako langileak: poliziak, suhiltzaileak, irakasleak, e.a.).

Kanpaina urriaren 14an jarri zen abian, eta azaroaren 30era arte luzatuko da. Helburua da 65 urtetik gorako pertsonen %65a baino gehiago txertatzea. “Asmo handiko helburua da, azaldu du Aurelio Barricartek, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko Gaixotasun Kutsakorren eta Txertaketen Ataleko buruak; orain arte kopuru horretara ez dira iritsi Nafarroan edo gure herrialdean oro har, eta lortu daiteke gure osasun-profesionalek egindako ahalegina medio eta herritarrek txertoa onartuta”.
Gaur goizean txertoa hartu dute Zabalguneko Osasun Etxean Nafarroako Lehendakari María Chivitek, Osasuneko kontseilari Santos Indurainek; Migrazio Politiketako eta Justiziako kontseilari Eduardo Santosek; Hezkuntzako kontseilari Carlos Gimenok; eta Lurralde Kohesioko kontseilari Bernardo Cirizak. Gobernu-taldearekin batera izan dira Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) zuzendaria, Marian Nuin; Nafarroako Osasun Zerbitzua-Osasunbideako Lehen Arretako zuzendaria, Manuel Carpintero; eta Gaixotasun Kutsakorren eta Txertaketen Ataleko arduraduna, Aurelio Barricarte.

Gripea oso ohiko gaixotasuna da, eta iaz Lehen Arretako osasun-laguntza behar izan zuten 15.000 gaixo baino gehiagok.

Gripearen birusa duten pertsona gehienak aste batean edo bitan osatzen dira, norberak bere burua zaintzeko gomendioekin, tratamendu medikoa jaso beharrik izan gabe, baina, kasu batzuetan, konplikazioak sor daitezke. Urtaroko gripeari dagokionean, konplikazio ohikoenak lehen mailako pneumonia birala edo bigarren mailako arnas infekzio bakterianoa izaten dira, tarteka larri izatera heldu eta pneumonia eragin dezakeena.

Iazko denboraldian, laborategian berretsitako gripea zuten 480 pertsona ospitaleratu ziren Nafarroako ospitaleetan; horietatik 33 Zainketa Intentsiboen Unitatean sartu behar izan ziren, eta ospitaleratutako 26 hil egin ziren.

Gripea eta haren zailtasunak saihesteko dagoen prebentzio-neurri garrantzitsuena da egoera ahulenean dauden pertsonak txertatzea; hain zuzen ere, kanpaina haientzat egiten da.