2019ko azaroaren 15a

Nafarroako Berdintasunerako Institutua eta COCEMFE profesionalak prestatzen ari dira, desgaitasuna duten emakumeengan indarkeria hautemateko

Desgaitasuna duten emakume talde batekin ere egin da lan, haien ahalduntzea indartzeko

Nafarroako Berdintasunerako Institutuak (NABI), COCEMFE Navarrarekin lankidetzan, emakumeen aurkako indarkeriari eta desgaitasunari buruzko prestakuntza jardunaldiak antolatu ditu, desgaitasuna duten eta emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren emakumeen artean prebentzioa, detekzioa eta arreta hobetzeko.

Saio horien bitartez, prestakuntza eman zaie indarkeriaren biktima diren emakumeekin lan egiten duten Administrazioko 30 profesionali, desgaitasuna duten 19 emakumeri eta eremu horretan lan egiten duten 24 erakundetako langileei.

Ekintza horiek, emakumeenganako indarkeriaren aurka jarduteko Foru Legearen barruan daude. Lege horrek ezartzen duenez, prestakuntza da legea bera aplikatzeko berme nagusietakoa. Horrela, legeak garatzen duen Ekintza Planak ardatz estrategiko bat du: arlo horretako profesionalen prestakuntza sustatzea, eta desgaitasunaren esparruko erakundeekin lankidetzan esku hartzeko, koordinatzeko eta bideratzeko protokolo espezifikoak antolatzea.

Halaber, emakumeenganako indarkeriaren aurka jarduteko Foru Legean, eta Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Foru Legean, Administrazio Publikoen jarduketaren printzipio gisa, hainbat aldagairen konbinaziotik sortzen den diskriminazio anitza jasotzen da. Aldagai horien artean desgaitasuna dago, emakumeen eta gizonen arteko berdintasun erreala eta eraginkorra lortzeko bidean aurrera egiteko. Hori lortzea aurrerapauso handia izango da emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko bidean.

Arauzko bi esparru horiek, beraz, emakume guztiei (desgaitasuna duten emakumeei batez ere) baliabideak eskuratzeko orduan ekitatea bermatzea, eta ekonomian eta gizartean partaidetza osoa, berdintasunezkoa eta eraginkorra bermatzea barne hartzen dute.

Sarean lan egiteko protokoloa antolatzea

Beste alde batetik, Emakumearen aurkako Indarkeriari buruzko 2015eko Makroinkestak jasotzen duenaren arabera, egiaztatutako desgaitasuna duten 16 urte edo gehiagoko emakumeen % 35,1ek indarkeria fisikoa edo/eta sexuala jasan du bikotekideen, bikotekide ohien edo hirugarrenen eskutik bere bizitzan. Desgaitasunik ez duten emakumeen artean ehuneko hori %23,7koa da.

Egoera horri erantzuteko, NABIk hainbat prestakuntza ekintza antolatu ditu, emakumeen aurkako indarkeria eta desgaitasuna ardatz hartuta. Desgaitasunaren inguruan lan egiten duten erakundeetako eta indarkeriaren biktima diren emakumeekin lan egiten duten erakunde eta baliabide espezifikoetako teknikariek arlo horretako prestakuntza espezifikoa jaso dute.

Gainera, jarduketaren esparru horretan, desgaitasuna duten emakumeen hausnarketa talde bat sortu zen, desgaitasuna duten emakumeen talde feminista espezifiko bat eratzea bultzatzeko.

Era berean, hainbat saio egin dira desgaitasunaren inguruan lan egiten duten erakundeen eta indarkerian espezializatutakoen artean, bi erakunde moten arteko deribazio protokoloa eta sare lana aurrera eramateko. Ostiral honetan amaituko diren jardunaldi horietan, desgaitasuna duten emakumeen aurkako indarkeria kasuetarako koordinazioari eta bideratzeari dagokienez egun dauden beharrak eta arazoak eta aurrera eramaten diren jardunbide onak aztertuko dira.

Ildo horretan, desgaitasunaren inguruan lan egiten duten erakundeek eta eremu horretan berariaz esku hartzen duten administrazio publikoek koordinaziorako eta deribaziorako oinarrizko dokumentu baterakoa prestatzeko egin da lan.

Ekintza horiek, "Nafarroan desgaitasunen bat duten pertsonekin lan egiten duten erakundeetan genero-ikuspegia izango duen esku-hartze soziala sustatzea, emakumeen aurkako indarkeria prebenitzeko, detektatzeko eta horren aurka jarduteko" izeneko proiektuaren barruan daude. Proiektu horretan NABIk eta COCEMFE Navarrak laguntzen dute.