Descárgate la app
21 toki-erakundek 103.489 euro jaso dituzte guztira adinekoen autonomia sustatzeko programetarako
2019ko azaroaren 15a
21 toki-erakundek 103.489 euro jaso dituzte guztira adinekoen autonomia sustatzeko programetarako
Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuak 103.489,10 euroko laguntzak eman dizkie 2019. urtean 21 toki-erakunderi, jarduera fisikoaren, gaitasun funtzionalaren, kognitiboaren eta emozional-afektiboaren arloetan autonomia sustatzeko eta mendekotasuna prebenitzeko programak gara ditzaten.
Eskubide Sozialetako Departamentuak toki-erakundeentzat ateratako diru-laguntzen lerro berria da, eta azken hartzaileak 65 urtetik gorako pertsonak edo 60 urtetik gorakoak izango dira, pentsiodunak.
Nafarroako herri ezberdinetan egindako eta diruz lagundutako jardueren helburua da jarduera fisikoa, eguneroko bizimoduko jarduerak garatzeko gaitasun funtzionala, gaitasun kognitiboa eta zaintzaile "informalei", hots, familia eta ingurune soziala, zuzendutako ekintzak sustatzea.
Jarduera fisikoari dagokionean, autonomia funtzionala sustatu eta/edo mantendu nahi da, ariketa fisikoa eginaz, bizitzeko estilo aktiboa eta osasungarria izatearren.
Gaitasun funtzionalari dagokionean, adineko pertsonen eguneroko jarduerak egiteko autonomia hobetu nahi da, errutinak antolatuta eta jarrera-tekniketarako aholkularitza emanaz, besteak beste.
Gaitasun kognitiboaren aldetik, prebentzio-jarduerak jasotzen dira, arintasun mentala bultzatzeko, mantentzeko eta memoria entrenatzeko; jarduera horiek teknologia berriak erabilita egin ahal izango dira.
Halaber, zaintzaile informalentzako aholkularitza, prestakuntza eta informazioa emateko ekintzak jasotzen dira; baita, taldeko esku-hartze psikoedukatiboak ere.
Emandako diru-laguntzekin ezingo da gainditu aurkeztutako proiektuko langileen gastuaren %50a.
Deialdiaren arabera, tokiko erakundeak zuzenean langileak kontrata ditzake edota laguntza teknikoa eskatu; hots, programa gauzatzeko enpresa bat. Profil profesional soziosanitarioa edo soziala eskatzen badu,
Erakunde onuradunek gastuen justifikazio partziala aurkeztu beharko dute, honako dokumentazio hauen bitartez: diru-laguntzarekin loturiko langileen gastuen zerrenda, programak gauzatzearen inguruko memoria teknikoa, programa bakoitzeko erabiltzaileen zerrenda eta emaitzen kontua langileen eta jardueren diru-sarrera eta gastuekin.
Jasotako zenbatekoak programa osorik gauzatzeko aplikatu izana egiaztatzen ez bada, zenbateko horiek osorik edo partzialki ordaindu beharko dira, eta berandutze-interesak ere eskatu ahal izango dira indarrean den araudiaren arabera.