Haurrenganako tratu onak Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako 400 profesional baino gehiago bilduko ditu beste behin jardunaldi batzuetan

Topaketaren hirugarren edizioa Iruñean izango da azaroaren 15ean (ostirala) eta 16an (larunbata), Haurtzaroaren Eskubideen Nazioarteko Egunaren esparruan
2019ko azaroaren 13a

Haurrenganako tratu ona sustatzea eta haien eskubideak babestea izango dira beste behin Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko (NOPLOI) Osasunaren Sustapen Atalak bultzaturiko hirugarren jardunaldien helburuak. Datorren edizio honetan, izenburua honako hau izango da: Begiradak zabalduz: haurtzaroaren denbora. Jardunaldiak azaroaren 15ean eta 16an egingo dira Iruñeko San Frantzisko ikastetxe publikoan, eta Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetako 400 profesional baino gehiagok hartuko dute parte.

Topaketa streaming bidez ere emango da, eta bertan azpimarratuko da familiek nahiz diziplina ezberdinetako profesionalek neska-mutikoei eskaintzen dien denbora. Izan ere, egungo munduan helduek dituzten presen aurrean, haurtzaroaren erritmoa, urratsez urratseko garapena eta haur bakoitzaren indibidualtasuna errespetatzea ezinbestekoa da. Jardunaldietan, honako hauek bezalako gaiak jorratuko dituzte: jolas-denbora, doluen eta galeren bizipena haurtzaroan, familientzako laguntza haurren hazieran eta naturarekin lotzeko aukera, denak bere denbora duela ikusten baita bertan.

Jardunaldiak, gainera, diziplina anitzeko topaketa-gune bezala sustatuko dira Osasun, Hezkuntza eta Eskubide Sozialetan haurtzaroaren eta familien inguruan lan egiten duten profesionalentzat.

Ekitaldi honen bitartez, profesional taldea sortu nahi da, begirada eta hizkuntza berarekin haurren eta haien familien premiei erantzutearren. Beraz, topaketen bitartez, elkarrekin lan egitea eta sarean funtzionatzen laguntzea bultzatu nahi da. Gainera, haurtzaroarekiko ingurune adeitsuen gaineko sentsibilizazioa landuko da, arlo bakoitzean, Osasuna, Hezkuntza edota Eskubide Sozialak, hobekuntzak egiten ahalegintzeko.

Jardunaldiak 2017an sortu ziren Haurtzaroarenganako begiradak zabaltzen izenburuarekin, haurtzaroarekin loturiko enborreko gaiak jorratzeko hiru eremu horietan. Handik urte batera, bigarren edizioan, familien aniztasuna eta hazkuntzak jorratu zituzten. Oraingo edizio honetan, berriz, hitzaldi eta eztabaida ezberdinen hari gidaria denbora haurtzaroan izango da.

Oraingoan, hizlari hauek hartuko dute parte: Lehen Irakaskuntzako irakaslea eta Lehen Hezkuntzako espezialista den Mª Carmen Díez Navarrok; Hezkuntzan eta Komunikazioan jolasaren bitartez espezialista den Imma Marín Santiagok; Maialen Díaz Urriza irakasle eta dramagileak; Alberto Rodríguez González psikologoak; Rakel Mateo Sebastián psikopedagogoak; eta, azkenik, Heike Freire psikologo eta filosofoak.  

Jardunaldiak, esan bezala, ostiral honetan, azaroak 15, izango dira 17:00etatik 20:00etara, eta larunbatean, azaroak 16, 09:30etik 14:00etara, aurten, San Frantzisko ikastetxe publikoan (Berria kalea, 28). Aurretik izena ematea beharrezkoa da. Hala ere, dagoen kopurutik kanpo geratu direnek eta interesatuta dauden guztiek streaming bidez jarraitu ahal izango dituzte jardunaldiak, Streaming  bitartez Youtuben.

Hitzaldiak eta eztabaidak bi egunetan: programazioa

Haurtzaroaren denbora urratsez urrats doa

Mª Carmen Díez Navarrok ostiralean, azaroak 15, 17:30ean, partekatuko ditu haurren eta familien laguntzaren inguruan dituen ezagutzak eta esperientzia. Psikopedagogian lizentziatua da, Haur Hezkuntzako irakaslea eta espezialista. Alacanteko Aire Libreko Haur Eskolan koordinatzaile pedagogikoa izan da 2015. urtera bitarte.

Jolasean noa, jolasean nator

Imma Marín Santiago ikasketa ludikoan espezialista da, Marinva enpresaren sortzailea, jolasa eta hezkuntzari buruzkoa, eta haurrek jolasteko duten eskubidearen aldeko elkarteko (IPA España) lehendakaria. Ostiralean, hilak 15, esku hartuko du 18:30ean, eta jolasaz, hezkuntzaz eta osasunaz arituko da.

Konta iezadazu zer duzun

Maialen Díaz Urrizak duela gutxi saria jaso du Haurrentzako Antzerki Testuen XXVIII. Lehiaketan (Iruñeko Udalak eta Nafarroako Antzerki Eskolak antolatua). Calatea elkartean egiten du lan, hausnarketa sustatzeko performatibitatea eta eszena erabiltzen duen elkartean. Azaroaren 15ean, ostiralean, parte hartuko du 19:30ean.

Nire motxila pertsonala aztertzen esku-hartze profesionaletan

Alberto Rodríguez González psikologoa da, eta Agintzariren Adoptia zerbitzuan hartzen du parte, harrera eta adopzioko arreta psikosozialari buruzkoan. Hitzaldia larunbatean, hilak 16, eskainiko du 10:00etan, eta haurtzaroaren arloan lan egiten duten profesionalen esperientzien inguruan arituko da, esku-hartzeetan nola eragiten duten azaltzearekin batera.

Haurtzaroan laguntzen galeretan eta doluan

Hitzaldi hau eskainiko du Rakel Mateo Sebastianek larunbatean, hilak 16, 10;45ean. Psikopedagogian lizentziatua da, eta dolu-prozesuan dauden pertsonentzako laguntza soziala eskaintzen duen Goizargi elkartea zuzentzen du. Doluetan haurrei laguntzeari buruz arituko da hitzaldian.

Haurtzaroan naturarekiko lotura

Heike Freire, Psikologian eta Filosofian lizentziatua, erreferentea da pedagogia berdean. Larunbatean, hilak 16, arituko da 12:00etan. Ikerketetan, Freirek aztertu du haurtzarotik naturarekin lotura estua dutenak pertsona osasuntsuagoak, lagunartekoagoak, sortzaileagoak eta erresilienteagoak direla.