Descárgate la app
Gobernuak Alberto Undiano Mallenco futbol-epaile ohiari emango dio 2019ko Kirol Merituari Urrezko Domina
2019ko azaroaren 13a
Gobernuak Alberto Undiano Mallenco futbol-epaile ohiari emango dio 2019ko Kirol Merituari Urrezko Domina
Foru Gobernuak, gaur eginiko bilkuran, Alberto Undiano Mallenco arbitro ohiari 2019ko Kirol Merituari Urrezko Domina ematea onartu du, foru-dekretu baten bidez.
gainera beste foru-dekretu bat onartu du Gobernuak, zeinaren bitartez Zilarrezko Domina emango baitien 25 pertsonari, Nafarroan kirola sustatzeko zuzendaritza-lanetan edo entrenatzaile gisa izandako ibilbidea aitortzeko.
Heldu den azaroaren 27an, 12:30ean, emanen dira sari horiek, Nafarroako Jauregiko Tronu Aretoan, 2019ko Nafarroaren Eguna ospatzeko ekitaldien barnean.
Kirol Merituari Urrezko Domina, Nafarroan arlo horretan ematen den sari gorena
Alberto Undiano Mallencori (Pamplona / Iruña, 1073) emanen dio domina, “futbol-epaile gisa gure erkidegoko erreferente nagusia eta nazio-mailan zein nazioartean adierazgarrienetakoa izateagatik, hutsik gabeko ibilbide eredugarrian zehar”.
Undiano Mallenco 30 urtez izan da futbol-epailea, 1989/90 denboralditik urte honetara; 19 urte egin ditu Lehen Mailan, eta FIFA arbitroa da 2004tik. Bere ibilbidean, gainera, hiru errekor egin ditu: Lehen Mailan aritutako partidu-kopurua (348); Lehen Mailara igo den epailerik gazteena, 26 urte; eta Real Madrid-FC Barcelona klasikoa gehien arbitratu duen epailea izatea: hamar aldiz.
Era berean, Espainiaren ordezkaria izan zen 2010ean Hegoafrikan eginiko Munduko Kopan, non lehiaketaren azken faseko hiru partidutan izan zen epailea; behe-mailetako Europako eta Munduko hainbat txapelketatan finalerdiak eta finalak arbitratu zituen; Champions League, UEFA Kopa eta Intertotoko hainbat partidutako epailea izan zen; baita ere Espainiako hiru Errege Kopatan eta hiru Superkopatan.
25 Zilarrezko Domina
25 Zilarrezko Dominak emateko, Gobernuak kontuan izan du sarituek “Foru Komunitatean kirola sustatzeko zuzendari edo entrenatzaile gisa egindako lan azkarra, nafar kirolaren alde gorputz eta arimaz eta apalki ekinez”.
Hau da saritutako pertsonen eta haien merituen zerrenda:
-Marino Abardía Berdún, 37 urtez U.D. Mutilveraren presidente gisa (eta beste lau zuzendaritzako kide gisa) eginiko lanagatik.
-Juan Almenara Guerrero, A.D. Oberenaren Mahai Tenis Sailean zein Nafarroako Mahai Tenis Federazioan zuzendari- eta entrenatzaile-lanean 25 urte baino gehiago aritzeagatik.
-Juan Antonio Castro Moraza, Tiro Olinpikoko Nafarroako Federazioan 28 urte baino gehiago aritzeagatik, entrenatzaile, irakasle, epaile eta idazkari nagusi lanak egiten.
-Fermín Garaioa Zuza, hainbat klubetan 30 urtetik gora emateagatik epaile, entrenatzaile, ordezkari eta zuzendaritzako kide, eta bereziki La Unica Rugby Taldean, baita Nafarroako Errugbi Federazioan ere.
-Maite Herrero Osés, hainbat klubetan eta Nafarroako Saskibaloi Federazioan eginiko ekarpen oparoagatik, entrenatzaile, koordinatzaile eta ordezkari gisa; bereziki aipatu beharra dago Liceo Monjardínen eginiko lana, gizonezko talde baten lehen emakumezko entrenatzailea izan baitzen.
-Benito Hualde Guillorme, Club Atlético Valtierranoko zuzendaritzan emaniko 26 urteengatik.
-Jose María Huárriz Eugui, Esteribarko Udal Eskolan eta Esteribarko Pilota Taldean 40 urte baino gehiagoz pilota sustatzeko eginiko ahaleginagatik.
-José Ramón Iriarte Goyena, ASPACEn eta Nafarroako Kirol Egokitu Federazioan sustapen- eta zuzendaritza-lanean egindako ekarpen zabalagatik, hala nola Nafarroako Euskal Pilota Federakuntza zuzendaritzako kide gisa eginiko lanagatik eta Tomás Caballero Fundazioan gazte-mailako futbol-txapelketak antolatzeagatik.
Mariano Iribarren Irigoien, Baztanen errugbia berreskuratzeko eta sustatzeko eginiko lanagatik, hainbat jardueratan arituz: sustapena, behemailetako entrenatzaile-lana eta Baztango Rugby Taldearen zelaiaren mantentzea.
-Sagrario Izquierdo Jiménez, premia bereziak dituzten kirolariak, eta ondoren eta gaur egun arte, Club Beste Iruñako atletak entrenatzen emaniko urteengatik.
-Juan Miguel Jaunarena Eugui, oro har Basaburua osoan pilota sustatzen eta antolatzen eginiko lanagatik eta, bereziki, 1987tik Gartzarongo Txapelketa antolatu, zabaldu eta pilota amateurraren alorreko hitzordu garrantzitsuenetako bat izatea lortzeagatik.
Aurora León Anguiano, 1983tik Teresianas ikastetxean eskolaz kanpoko kirola sustatzeagatik eta antolatzeagatik, eta etengabe Nafarroako Gobernuak bultzatutako Eski eta Bela Kanpainetan parte hartzeagatik.
-Francisco Javier Maeztu Guillorme, Club Atlético Valtierranon zuzendaritza-, mantentze- eta bestelako lanetan 25 urtetik gora emateagatik.
-Juan Manuel Mantero Ruiz, Nafarroako hainbat saskibaloi-taldetan entrenatzaile gisa eginiko ibilbide luzeagatik.
-Rafael Martínez Beorlegui, Nafarroako Hipika Federazioari laguntzeagatik Erriberan zaldi-kirolak sustatzen, nazio-mailako eta nazioarteko hainbat txapelketa antolatzen eta Nafarroan Zaldi Turismoa Proiektua bultzatzen.
-Arantza Meca San Martín, judo-irakasle eta -entrenatzaile gisa eginiko ibilbide luzeagatik, eta bereziki, egokitutako judoa sustatzeko agertutako inplikazioagatik.
-María Concepción Oharriz Echenique, A.D. Oberenaren Mahai Tenis Sailean kolaboratzaile eta entrenatzaile gisa eginiko ibilbide luzeagatik.
-Antonio José Ot Mengual, Nafarroako hainbat taldetan entrenatzaile gisa eta Nafarroako Saskibaloi Federazioan hautatzaile eta hezitzaile gisa eginiko 30 urte baino gehiagoko ibilbideagatik.
-Luis Ignacio Pardo Lozano, 26 urte baino gehiago emateagatik beisboleko eta softboleko nazioarteko arbitro-lanetan eta Nafarroako Beisbol Federazioaren barneko hainbat zereginetan.
Miguel Pérez García, ibilbide luzea egiteagatik Nafarroako saskibaloian, eta bereziki emakumezkoenean, hainbat taldetan zuzendaritza teknikoaz, koordinazioaz eta entrenatzailelanaz arduratuz, Nafarroako Saskibaloi Federazioarekin lankidetzan.
-Rufino Polido Esnaola, Espainiako Beisbol Federazioko zuzendaritza-lanetan 1993tik 2009ra eginiko ibilbide txalogarriagatik; eta ordutik hona, Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzako lehen presidenteorde gisa.
-Javier Ros Albizu, Nafarroako hainbat taldetan 34 urtez entrenatzaile, koordinatzaile eta zuzendari tekniko aritzeagatik; bereziki, Club Liceo Monjardínen eta Maristasen, baita ere Nafarroako Saskibaloi Federazioarekin elkarlanean aritzeagatik maiz.
-Pedro María Ruiz Bordegarai, Sakanan mendizaletasuna sustatzen eta antolatzen 50 urte baino gehiago emateagatik.
-Miguel Ángel Urrestarazu Zabalo, 1975etik Nafarroako Euskal Pilota Federakuntzan, Nafarroako Epaileen Batzordearen barnean, eginiko lanagatik, gaur egun erkidegoko epaile eta aholkularia delarik.
-David Vallespín Ruiz, 1991tik Tuteran areto-futbola bultzatzeagatik, ikastetxeetan begirale arituz, 48 orduko txapelketak antolatuz eta C.F.S. Ribera Navarra kluba sortuz eta haren zuzendaritzan parte hartuz.