2019ko azaroaren 13a

Caparroson, “Rockwool” enpresaren proiektu bat foru-intereseko inbertsiotzat jo dute

Isolamenduak fabrikatzen dituen enpresa honek bi urteetan lanpostuak finkatzea ahalbidetuko duten 4,5 milioiko inbertsioa egitea aurreikusten du

Nafarroako Gobernuak gaurko bilkuran erabaki du “Rockwool Peninsular, SA” -k Caparroson sustatutako proiektua foru-intereseko inbertsiotzat jotzea. Isolamenduak fabrikatzen dituen enpresa honek bi urteetan lanpostuak finkatzea ahalbidetuko duten 4,5 milioiko inbertsioa egitea aurreikusten du.

“Rockwool Group” taldea eraikuntzaren eta industriaren sektoreetarako sumendi-arrokaren zuntzezko produktuak eta produktu aplikatuak­, hotzaren eta beroaren kontrako isolamendu termikoak, isolamendu akustikoak eta suaren kontrako babes-isolamenduak kasu,­ fabrikatzen liderra eta lehena da munduan. Espainian duen filialak “Rockwool Peninsular SA” izena du.

Proiektuak, besteak beste, arroka-zuntzak lortzeko teknologia berritzaileak ezartzea du xede, ezaugarri termiko eta mekaniko hobeak dituzten produktuak fabrikatzeko, eta baita estalki-produktuak intsuflatzeko teknologia berri batean inbertitzea ere, ezaugarri mekaniko berdinekin produktu arinagoa fabrikatu ahal izateko. Modu horretan, Caparrosoko instalazioak lehiakortasun handiagoa izango du.

Gobernuak uste du proiektuak Nafarroa-S3 Espezializazio Adimendunaren Estrategiaren barruan hainbat erronka betetzen lagunduko duela, hots: energia fosilen kontsumoa murriztea, ekonomia zirkularra sustatzea, enpresaren batezbesteko tamaina handiagotzea eta eskualdeko garapen ekonomikoa lortzea. Gainera, foru-erkidegoaren lurralde-kohesioa sustatzen du.

Gogoratu behar da Nafarroako ekonomia-, gizarte- edo lurralde-garapenerako bereziki garrantzitsuak diren proiektuak foru-intereseko inbertsiotzat jo ditzakeela Gobernuak. Nafarroako herri-administrazio guztiekin egin beharreko izapideetan ekimen horiek lehentasunezko eta premiazko tratamendua izaten dute gero. Adibidez, jardueraren ezarpenerako, hirigintza-plangintzarako eta egikaritze-, irekiera- edo funtzionamendu-lizentzietarako aurreikusitako izapidetzeen ohiko epeak erdira murrizten dira.