2019ko azaroaren 13a

12,4 milioiko gastua baimendu du Gobernuak, enplegu-zentro bereziei eta laneratzeko enpresei ordainsariak ordaintzeko

Helburua da 2020. urte hasieran ordaindu ahal izatea

Gaurko bilkuran bi erabaki hartu ditu Nafarroako Gobernuak; horien bitartez, enplegu-zentro bereziei eta laneratzeko enpresei soldatengatiko diru-laguntzak ordaintzeko 12,4 milioiko urte anitzeko gastua egiteko baimena ematen zaio Nafar Lansareko zuzendari kudeatzaileari.

Aurretiazko tramitazio horri esker, lehenbailehen eman ahal izango dira diru-laguntzak, urte hasieratik, ahalik eta gehien murriztuz aurrekontu-aldi bateko eta hurrengoko ordainketen artean igarotzen den denbora. Horrek zentroen euren iraunkortasunari eusten laguntzen du.

12,4 milioiko guztizko kopurutik, 10.100.000 euro enplegu-zentro berezietan ezgaitasuna duten pertsonek okupatzen dituzten lanpostuen soldaten kostuagatiko diru-laguntzetara bideratuta daude. 2019. urte amaieran, ezgaitasuna duten 1.757 lagun inguru izango dira zentro horiek kontratatuta dituzten langileak; Nafar Lansareak diruz laguntzen ditu soldata horiek. Zentro horietako langileen % 82 dira.

Gainerako 2.300.000 euroak laneratzeko eta gizarteratzeko enpresek gizarte-bazterkeriako egoeran edo arriskuan dauden 175 lagunen kontratazioagatiko soldatengatiko eta enpresa-kuotengatiko diru-laguntzak ematera bideratuko dira.

Gogorarazi behar da aurrekontuaren % 20 gehiago, 12.100.000 euro guztira, bideratu duela Nafarroako Gobernuak enpresa-zentro berezientzako diru-laguntzetara, ezgaitasuna duten pertsonen soldatak eta laguntza teknikoko unitateenak ordaintzeko. Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren % 50 edo % 75koak dira diru-laguntzak, ezgaitasun-mailaren eta zentroaren izaeraren arabera (irabazi asmoduna edo irabazi asmorik gabea), beste laguntza batzuen artean.

Laneratzeko eta gizarteratzeko enpresen alorrean, araudi berria prestatzen ari da Gobernua, erakunde berri gehiago irekitzeko bidea emateko eta enpresa horietan lan egiten duten gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonen jarraipen teknikoa sakontzeko helburuz, enpresa arruntetako edo auto-enpleguaren bitartezko laneratze- eta gizarteratze-indizeak handitu daitezen. Beste neurri batzuen artean, pertsona horien lanbide arteko gutxieneko soldataren % 75 eta gizarte segurantzaren kostua jartzen du Nafar Lansareak.