2019ko azaroaren 12a

Nafarroak eraikuntza iraunkorreko lidergoa sendotu eta alokairuko etxebizitza publikoaren lehen promozioa Passivhaus gisa ziurtatu du

Aierdi lehendakariordeak eta Passivhaus Institut erakundearen presidente eta sortzaileak, eraikinean energia eraginkortasun handieneko zigilua ziurtatzen duen plaka jarri dute
Irudi galeria

José Mª Aierdi Foru Gobernuko Lehendakariorde eta Lurralde Antolamendu, Etxebizitza, Paisaia eta Proiektu Estrategikoetako kontseilariak, eta Wolfgang Feist fisikariak, Alemaniako Passivhaus Institut erakundearen sortzaile eta zuzendariak, etxebizitza pasiboan energia eraginkortasun handiena aitortzen duen eta nazioartean aintzatespen nagusia duen zigilua ziurtatzen duen plaka jarri dute gaur goizean Foru Komunitateko Alokairuko Etxebizitza Planaren lehen promozioan, Nafarroa Social Housing izenekoan. Horrela, Nafarroak bere lidergoa finkatu du eraikuntza iraunkorraren alorrean eta Ia Kontsumo Hutseko Eraikinen ezarpenean, Passivhaus estandarrarekin ziurtaturik, alegia.

Ekitaldian zehar, Aierdi lehendakariordeak Nafarroako Gobernuaren etxebizitza-planaren lehen promozioa nabarmendu du honako hauen adibide gisa: “arkitektura eta eraikuntza publikoak aldaketa klimatikoaren eta trantsizio energetikoaren aurrean eman beharreko erantzuna, pobrezia energetikoaren fenomenoa eta etxebizitza eskuragarria eta kalitatezkoa eskuratzea bermatzeko erronka oinarrizko eskubide sozial moduan”.
Alokairu-sustapen hau Nasuvinsa sozietate publikoak Mutiloa herrian amaitu berri du, eta Estatuan etxebizitza publikoen arloan egiten den bigarren Passivhaus ziurtatzea da. Soilik beste bat dago Bilboko Bolueta auzoko eraikin batean. Ia Kontsumo Hutseko Eraikinen eraikuntzan zorrotzenetarikoa den zigiluetariko bat da, eta energia aldetik %50 eta %80 arteko aurrezpena lortzen da kontsumoetan. Aldi berean, etxebizitzen sustapen pribatuan, une honetan ia 7 egoitza-bloke daude Estatuan Passivhaus ziurtapenarekin, eta horietako bat Iruñeko Lezkairu auzoan kokaturiko Thermos eraikina da. 
Ekitaldian izandako profesionalak eta teknikariak 
Ekitaldian izan dira Passivhaus Institut Anselm Hoffman-eko aholkularia nahiz Foru Exekutiboko Etxebizitza arloko zuzendari nagusia, Eneko Larrarte; Aranguren Ibarreko alkatea, Manuel Romero; eta Erro y Eugui enpresako kudeatzailea, Iñigo Eugui, Nasuvinsako sustapen-eraikuntzaren enpresa esleipendunekoa. Horiez gain, dozenaka lagun bertaratu dira, tartean, Nasuvinsako promozioko teknikariak; arkitektura, ingeniaritza eta eraikuntzaren arloko profesionalak; edo Nafarroako eraikuntza-sektoreko ordezkariak eta enpresak. 
Mutiloako alokairuko Passivhaus 42 etxebizitza amaitu berriak dira, eta alokairuaren esleipena abenduan egingo da. Nafarroako Gobernuak duela hiru urte abian jarritako asmo handiko Etxebizitza Plana osatzen duten 524 BOEren lehen promozioa da; 80 milioi euroko inbertsioa egin zen, eta %50a Europako Inbertsioen Bankuak (EIB) finantzatu zuen. 185 etxebizitza egiteko lehen fasea gauzatzen ari dira orain, obrak eginaz; gainerakoak, berriz, proiektu arkitektonikoa idazteko prozesuan  aurkitzen dira. 
Mutiloako promozio horrez gain, Navarra Social Housing planaren lehen fasearen eraikuntza Erripagainako eta Ardoiko auzoetan gauzatzen ari da. Bigarren fasea Barañain eta Sarrigurenera luzatuko da nahiz Iruñerritik kanpora; zehazki, promozio bana egingo dira Tuteran, Lizarran, Beran eta Garraldan, Iruñeko Azpilagañako auzoan adin nagusikoentzako apartamentuen blokeaz gain. 
Justifikazio soziala, etxebizitza izatearen eskubidearekin lotuta 

“Ia Kontsumo Hutseko Eraikinak ezartzen aurreratu nahi izana eraikuntza-sektoreko arrazoi lehiakorrek edo ingurumen-arrazoiek erabat justifikatzen dute, azken horretan aldaketa klimatikora eta trantsizio energetikora egokitu beharra izateagatik, baina guretzat batik bat konpromiso soziala da, aurrezpen energetikoa eta eraikuntzaren kalitate gorena herritarren eskubidea delako”, adierazi du José Mª Aierdik. Era berean, lehendakariordeak esan du “etxebizitza pasiboen aldeko apustua erabat lotuta dagoela etxebizitza izatearen eskubidearekin eta etxebizitza-politikarekin, berdintasunaren eta gizarte-kohesioaren funtsezko faktore gisa”.
Bestalde, Passivhaus Institut-en sortzailea, Wolfgang Feist, Aierdiren aurretik aritu dena, harrituta agertu da Foru Erkidegora egin duen lehen bisitan; izan ere, haren ustez, Nafarroa bezalako komunitateak, arlo publikotik zein sektore pribatutik, apustu egin du Europako eraikuntza iraunkorraren abangoardian egotearen alde. Nafarroan egon den bitartean, Feist irakasleak baita ere parte hartu du Nafarroako OnHaus ingeniaritzak sustatutako Passivhaus estandarrean eta energia-eraginkortasunean espezializatutako prestakuntzaren ikastaro teknikoan eta Nafarroako Unibertsitateak arkitektura eta eraikuntza iraunkorraren inguruan antolatutako mahai-inguruan. 
Gaur goizeko ekitaldian, Aierdi eta Feist Nasuvinsaren promozioako etxebizitzetan eta eraikinetan izan dira, Mutiloako Lezkairu etorbidean kokatuta dauden lau solairuko bi bloketan, Iñaki Archanco eta Juan Pedro del Rio arkitektoak nahiz teknikari ziurtatzailea gidari zituztela, eta, ondoren, eraikinaren kanpoaldean plaka sinbolikoa ezarri dute Passivhaus estandarrarekin identifikatzeko. 
Lan-bilera Nafarroako Jauregian 
Ekitaldi honen aurretik, Passivhaus Institut-eko arduradunei harrera egin zieten atzo (astelehena) Nafarroako Jauregian Aierdi lehendakariordeak, Eneko Larrarte zuzendari nagusiak eta Nasuvinsako Alberto Bayona arduradunak. Horrela, lan-bilera bat egin zuten Foru Gobernua etxebizitzen sustapen publikoetan eraikuntza iraunkorraren arloan nahiz hiri sendotuko birgaitze eta birsortze esku-hartzeetan, energia-eraginkortasun handienaren irizpideak aintzat hartuta, garatzen ari den politika ezberdinak errepasatzeko.  Passivhaus Institut-ek eta Nafarroako Gobernuak adostu dute etengabeko lankidetza jorratzea hiri-iraunkortasunarekin eta hiri sendotua berreskuratzearekin loturiko politikak garatzearren. 
Passivhaus Institut erakundea 1996an sortu zen Alemaniako Darmstadt hirian, eraikuntza-estandar hori nazioartean sustatzeko eta kontrolatzeko helburuarekin. Zortzi urte lehenago hori eratu zuten Bo Adamson eta Wolfgang Feist irakasleek ikerketa mordoaren ondoren, lehena doktorea Suediako Lund-eko Unibertsitatean eta bigarrena Alemaniako Etxebizitza eta Ingurumen Institutuko fisikaria garai hartan.  
Estandarraren oinarria da isolamendu termiko handia, infiltrazioen kontrol zorrotza eta barneko airearen kalitate gorena (aireztapen mekanikoarekin elikatua) duten eraikuntzak asmatzea, eraikina berotzeko edo hozteko energia-premia ahalik eta gutxien izate aldera. Horrela, azken Passivhaus eraikuntzetan kontsumo hutsa ez ezik, eraikinak kontsumitzen duen energia baino gehiago sortzea ere lortu dute.