Hartzak Nafarroako Pirinioetan duen presentzia landuko du datorren astean jardunaldi batean

Hartzak Nafarroako Pirinioetan duen presentzia landuko du datorren astean jardunaldi batean

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak antolatutako hitzorduan izena emateko epea zabalik dago

2019/11/08

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak, datorren azaroaren 16an, Iruñean antolatutako jardunaldi batean Nafarroako Pirinioetan hartzak duen presentzia aztertuko da. Ekintza doakoa da eta izena eman daiteke edukiera bete bitartean.

Adituek eta sektoreko eragileek, hartzaren kontserbazioa eta haren presentziak abeltzaintza estentsiboan dituen ondorioak aztertuko dituzte ingurumenaren, gizartearen eta ekonomiaren ikuspegitik, 09:30etik 17:45era bitartean. Hitzordua Baluarte Kongresu Jauregi eta Auditorioko Koroa aretoan izango da.

Egitaraua

Lehenbiziko hitzaldia 10:15ean izango da, “Bateragarriak al dira mendiko abeltzaintza eta hartz arrea?” izenburupean, eta Jose Vicente Lopez Bao Oviedoko Unibertsitateko biologo eta ikertzaileak emango du. Ondoren (11:15ean), Guillermo Palomero Oso Pardo Fundazioko presidenteak “Hartzaren kontserbazioa Pirinioetan eta Kantauri Mendikatean. Erronkak eta konponbideak” gaia landuko du.

Goizeko bigarren partean (12:45ean), EHNE eta UAGN abeltzaintza sindikatuek abeltzaintza estentsibo dagoen tokietan hartzak egotearen ondorioak aztertuko dituzte, eta Gloria Giralda Nafarroako Gobernuko Ingurumenaren Kalitatea Zaintzeko eta Kudeatzeko Zerbitzuko zuzendariak “Hartza Nafarroan: Ikasitako lezioak eta aukera berriak” gaia landuko du, 13:15ean.

Arratsaldean, 15:00etan, Gentiana. Ingurumen Zerbitzuak Pirinioetan erakundeko Silvia Erlanz biologoak "Life. Natura2000 Sarea eta hartzak” hitzaldia emango du. Ondoren (15:45ean) Erronkari Bailarako Batzarraren txanda izango da, “Ikuspegia Erronkari Bailaratik” hitzaldiarekin; eta, azkenik, Gorosti Natur Zientzien Elkarteko Juan Deanek, jardunaldiko azken hitzaldia emango du, "Hartza Nafarroan. Bizikidetzarako hezkuntza", 16:15ean, bertaratutako guztien esku-hartzeei bide eman aurretik.

Jardunaldia, Eslovakiako bi hartz emeak Piriniora heltzeari buruzko Ainhoa Gutiérrez del Pozoren “Medvedek” film laburraren emanaldiarekin eta amaiera instituzionalarekin bukatuko da.