Chivite Lehendakariak, gazteriak gizartea eraldatzeko duen indarra nabarmendu du

Chivite Lehendakariak, gazteriak gizartea eraldatzeko duen indarra nabarmendu du

Nazioarteko biologia sintetikoko lehiaketa batean saritutako Nafarroako bi ikasle talderi harrera egin die gaur

2019/11/08
Lehendakaria, ekitaldian izan diren parte hartzaileekin.

Maria Chivite Nafarroako Lehendakariak "gazteriak, berrikuntzaren bidez gizartea eraldatzeko duen indarra" nabarmendu du. Biologia sintetikoari eta landareak eta beste organismo batzuk genetikoki aldatzeko gaitasunari buruz Bostonen egindako nazioarteko lehiaketan saritutako Nafarroako bi ikasle talderi zuzendutako hitzak izan dira.

MITek (Massachussets-eko Institutu Teknologikoak) bultzatu duen eta mundo osoko ehunka ikasle jaso dituen iGEM (Internacional Genetically Engineered Machine) lehiaketa izan da.

Taldeetako bat, Iruñeko planetarioarekin erlazionaturiko "Navarra Biogalaxy" da. Foru Komunitateko hainbat ikastetxetako 15 eta 18 urte bitarteko zortzi ikaslek osatzen dute. Landareen biologia sintetikoaren kategorian lehen saria lortu zuten, gizakia Ilargira iristeak gizateriarentzat eragin zuen pausoan inspiraturiko lanarekin. Etorkizuneko erronka espazialari begiratzen dio, Marten landare bat hazteko lehenbiziko oinarriak proposatuz. Beste taldea Nafarroako Unibertsitate Publikokoa (NUP) da, eta biologia molekularreko teknikak erabiliz metal astunen detektagailuen garapenaren ondoriozko aintzatespena jaso du.

Nafarroako Jauregiko tronuaren aretoan egin den ekitaldian, Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariak eta Juan Cruz Cigudosa Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko kontseilariak ere hartu dute parte. Halaber, bertan izan dira Ana Burusco Unibertsitateko zuzendari nagusia eta Yolanda Blanco Industria, Energia eta S3 Proiektu Estrategikoetako zuzendari nagusia.

Gizartearen ongizaterako ekarpena

Chivitek, "beraien ezagutza eta lana eskainiz gizartearen ongizateari laguntzeko gogoa” duten gazte horien jakin-minak nabarmendu ditu. Lehendakariak gaineratu duenez, "Nafarroarentzat harro egotekoa da gure ikasgeletan eta prestakuntza zentroetan zuena bezalako talentua edukitzea, eta lan horrek eta talentu horrek gure mugetatik haratago ere aintzatespena izatea".

Gainera, zientzian, ikerketan eta berrikuntzan diharduten ikastetxe, unibertsitate eta erakundeei elkarlanean aritzeko deia egin die, "ikasgai horiek bultzatzeko elkarrekin lan egiteko, Nafarroak jarduera berritzaileetan erreferente izaten jarrai dezan", Lehendakariaren hitzetan.

Berrikuntzari dagokionez, Chivitek azpimarratu duenez, "filosofia bat da, gizartea ulertzeko modu bat, eta horrek, Gobernuak aurrera eramaten dituen politika eta proiektu guztietara iritsi behar duen zeharkako tresna bihurtzen du". "Berrikuntza ez da zientzia edo enpresa bakarrik. Kudeaketa ereduak ere badira, gizartearen erronkei aurre egiteko ereduak, eta baita bizikidetza eredu berrietara egokitutako etxebizitza proposamen berriak ere".